Itxita jarraitzen duen bakarra, Floridako tunela

Kronika - Erredakzioa 2019ko mai. 19a, 02:00

Urak atera dira gaur goizean Ereñotzun, Osiñagan, Landaren eta Floridan, Hernaniri dagokionez. Astigarragan ere atera dira Urumea Berriko parkean. Dena den, errepide guztiak, Floridako tren azpiko tunelekoa izan ezik, irekita daude.

Hernaniko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, itxita greatzen den errepide bakarra hori da. Kotxe bat bertan ez atzera eta ez aurrera geratu da, gainera. «Donostiako suhiltzaileak eta grua saiatu dira kotxea ateratzen, baina ezin zutenez, eta kotxea hondatutzat jo dutenez, urak jaitsi arte bertan uztea erabaki dute».

Ereñotzu eta Hernani arteko bideari dagokionez, dagoeneko irekita dago. Era berean, Osiñaga auzoan putzuak sortu dira, eta lurra ere erori da gune batzuetan, baina dagoeneko libratu dituzte bide horiek ere, eta «beste makina bat ere pasako da lur gehiago kentzera».

Bestalde, Landareko zelaia ere guztiz ur azpian geratu da. Ez, ordea, Zubipe.

Atertzeko joera

Oraindik euria ari badu ere, Euskalmeten aurreikuspenen arabera, abisu horia 15:00ak artekoa izango da, eta arratsaldean atertzera egingo duela espero da. 

Erlazionatutako albistea: Bidea itixta Hernani eta Ereñotzu artean, euria dela eta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!