Hodei Lujanbio 11garren izan da Espainiako Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 7a, 00:00

Hodei Lujanbio, beteranoen podiumeko bigarren koxkan. Argazkia: Trencacims

Lasterketa bikaina osatu zuen Tarragonan. Bigarren izan zen beteranoen artean, eta hirugarren selekzioka.

Aurreko asteburuan Bardeetako Mendi Lasterketa irabazi ondoren, Euskal Selekzioaren deia jaso zuen Hodei Lujanbio goizuetarrak, eta selekzio autonomikoen arteko Espainiako Txapelketan aritu da asteburu honetan: Trencacims lasterketan (34 kilometro), Tarragonan. 

Eta maila paregabean aritu da goizuetarra, beste behin: 11garren helmugaratu zen, Euskal Selekzioaren lehenengo ordezkaria izanik, 3:31:10 denborarekin. Gainera, bi bider igo zen podiumera Lujanbio: bigarren sailkatu zen 40-49 urte arteko beteranoen kategorian, eta taldeka hirugarren izan zen Euskal Selekzioa gizonezkoetan.

Etxetik gertuago, Gipuzkoako bi probatan aritu dira bailarako mendi korrikalariak, asteburu honetan. Larunbatean, Azpeitian, Domusa Teknik 40 Miliak lasterketa (65 kilometro) osatzea lortu zuen Josu Artola astigartarrak, 8:54:06 denboran. 15 Miliako proba ere izan zen bertan (26 kilometro), eta bi hernaniarrek hartu zuten parte: 13garren izan zen Xabat Alonso (2:18:26), eta 26garren Jon Murua (2:29:08).

Igandean, berriz, Errenteriako Landarbaso Trail lasterketan (18 kilometro) aritu ziren bailarako ordezkari ugari. Emakumezkoetan, Agerre taldeko Ainhoa Arruti urnietarrak lortu zuen garaipena (1:53:14), eta laugarren sailkatu zen Libe Lafuente astigartarra (1:59:40), podiumetik hiru minutura. Miriam Plasencia astigartarra 23garren izan zen (2:26:51). 

Gizonezkoetan, berriz, 12garren helmugaratu zen Mikel Martin hernaniarra (1:41:34), Xabier Bastarrarena astigartarra 29garren (1:48:20), eta Igor Miner ereñotzuarra 34garren (1:51:02). Bailarako beste bost lagunek ere osatu zuten proba: Mattin Sanzberro (1:53:56), Jon Mendizabal (1:56:42) eta Aritz Barrante (2:05:56) hernaniarrek, eta Ander Rengel (1:55:59) eta Asier Sánchez (2:01:00) astigartarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!