Asteburuan irabazita, final fourrera sailkatu dira Hernani eta Mundarro

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 7a, 00:00

Final fourreko partidua Atletico San Sebastianen aurka jokatuko du Mundarrok.

Mundarrok 56-54 irabazi zuen Astigarragan, eta Hernanik 37-53 Ipuruan. 

Asteburu ezinhobea izan da bailarako saskibaloi talde nagusientzat. Igoerako final fourrean sartzeko aukera zuten Mundarrok eta Hernanik, eta ez zuten hutsik egin. 

Etxean jokatu zuen norgehiagoka erabakigarria Mundarrok. Zaleen laguntzarekin egin zioten aurre Atletico San Sebastian talde indartsuari. Urduritasuna tarteko, astigartarrek lehenengo zatian ezin izan zuten nahi bezain ondo jokatu; 9-13 izan zen lehenengo laurdeneko partziala, eta 7-13 bigarrenekoa. Hortaz, 10 puntu azpitik iritsi zen Mundarro atsedenaldi luzera. 

Moreek ondo baliatu zuten deskantsurako tartea, eta indarberrituta atera ziren kantxara. Hirugarren laurdenean asko berdindu zen lehia, eta horixe islatu zuen markagailuak: 17-17. Beraz, azken laurdenerako utzi zituzten astigartarrek lanik zailenak; 10 puntuko zuloa ixtea, alegia. Haizea kontra izan arren, nagusitasunez aritu zen Mundarro, eta 23-11 partzialarekin markagailua iraultzea lortu zuen. Azkenean, 56-54 amaitu zen partidua, eta Euskal Ligara igotzeko aukera izaten jarraitzen du Astigarragako taldeak. 

Final fourreko lehenengo partidua asteburu honetan jokatuko du Mundarrok, Atletico San Sebastianen aurka, etxetik kanpo. Irabazten badu, hilaren 19ko asteburuan izango da final haundia.

Alde haundiagoarekin gailendu zen Hernani

Zailagoa zen Hernaniren lana azken jardunaldian. 7 puntuko aldearekin irabazi behar zuen Eibarren, eta aldea bikoiztu zuten defentsan egindako lan onari esker. Lehenengo laurdenetik oso deseroso aritu ziren eibartarrak, eta atsedenaldi luzera 21-28 aurretik iritsi zen Hernani. 

Laurden erabakigarria hirugarrena izan zen; oso puntu gutxi lortu zituen Eibarrek, eta aurrea hartzeko aukera ondo baliatu zuen Hernanik. Azken laurdena berdinduagoa izan zen, baina aurretik lortutako errentari eutsi zioten hernaniarrek, partiduaren amaierara 37-53 iristeko.

Gipuzkoako 1go mailara igotzeko final fourra ere asteburu honetan bertan hasiko da. Hernanik Elorri-Aldaparen aurka jokatu beharko du, Alegin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!