Ordezko kanal berriaren obrak bisitatu dituzte Acuaesek eta Añarbek

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 27a, 00:00
José Ángel Ercilla, Rosa Cobo eta Guillermo Echenique, obrak bisitatzen.

Lastaolako zentralean izan dira, lanak ikuskatzen. 2025eko bukaerarako espero dute obrak bukatzea.

Urtebete inguru da kanal alternatiboa egiteko obrak hasi zituztela, ura Añarbeko urtegitik Petritegiko estaziora eramateko. Kanal hori prest denean, batetik, egungo beheko kanala berritu ahal izango dute pixkanaka; eta bestetik, kanal zaharrak arazorik izanez gero, ur-hornidura bermatu ahal izango dute. Izan ere, 1958an martxan jarri zenetik, etenik gabe ari da funtzionatzen beheko kanala.

Obrek eman dituzte aurreneko pausoak. Esaterako, bukatu dituzte Urumea ibaian ura hartu eta Lastaolan (zentral hidroelektrikoa dagoen tokian) egingo duten ponpaketa-estaziora bideratzeko lanak, horretarako eroanbideak eraikita. Une honetan, martxan dira ponpaketa-estazioa babestuko duen horma eraikitzeko lanak, eta baita Petritegiko estaziorainoko hodiak instalatzen ere, bi zatitan. Ia 5 kilometroko kanala izango da guztira, eta zatirik konplexuena izango da Astigarragako hirigunekoa. Datozen hilabeteetan egingo dituzte lanak bertan.

Lanen egoera ezagutzeko, Lastaolako zentralaren gunean izan ziren, ostegun arratsaldean, Acuaeseko administrazio kontseiluko kideak, Rosa Cobo lehendakaria tartean zela; Guillermo Echenique, Espainiako Gobernu­aren Gipuzkoako ordezkaria; eta José Ángel Ercilla, Añarbeko Uraken zuzendari kudeatzailea.

Kanal alternatiboarekin, hu­ra erabili behar dutenean, Añar­beko presatik Urumea ibaira askatuko dute edateko ura; eta ur hori, Lastaolan bilduko dute, ponpaketa-estazioaren bitartez Petritegira bideratzeko, 5 kilometroko kanal horretatik. 

2025 urtearen bukaerarako es­­pero dute obrak bukatzea. 30 milioi eurokoa da aurrekontua: %80a Acuaesek finantzatuko du, eta gainerako %20a Añarbek ordainduko du (6 milioi euro), Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin (3,45 milioi euro).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!