EH Bildu nabarmen nagusitu da bailaran, eta EAEn berdinduta izan dira EAJ eta EH Bildu

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 22a, 00:00
Astigarragako bikote bat bozkatzen, atzo eguerdian, Erribera kulturgunean.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EH Bilduk botoen %53,67 eskuratu du Hernanin, eta %47,57 Astigarragan. EAEn oso parekatuta izan dira EAJ-PNV eta EH Bildu, eta 27 legebiltzarkide izango ditu alderdi bakoitzak.

Duela lau urte bezalaxe, EH Bildu izan da alderdi bozkatuena Urumea bailaran, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Nagusitasun haundiagoa izan du oraingoan, gainera, bai Hernanin eta bai Astigarragan.

%60,34ko partehartzearekin, botoen %53,67 eskuratu du EH Bilduk Hernanin (5.035 boto guztira). EAJ-PNVk 2.202 boto eskuratu ditu (%23,47); eta PSE-EE izan da hirugarren indarra, 1.027 botorekin (%10,95). Elkarrekin Podemosek 327 boto jaso ditu (%3,49), Sumarrek 308 boto (%3,28), eta PPk 290 boto (%3,09).

Partehartzea pixka bat haundiagoa izan da Astigarragan, %61,03koa zehazki. EH Bilduk lortu du botoen %48,56 (guztira 1.657 boto). Eta Hernanin gertatu bezalaxe, EAJ-PNV (994 boto, %29,13) eta PSE-EE (300 boto, %8,79) izan dira bigarren eta hirugarren indarra. Sumarrek 151 boto lortu ditu (%4,43), PPk (134), Elkarrekin Podemosek (73) eta VOXek (49) baino gehiago.

Esan bezala, bi herrietan are­agotu du bere nagusitasuna EH Bilduk. Hernanin botoen %49,05 eskuratu zuen 2020an, eta Astigarragan botoen %43,12.

27na legebiltzarkide, EAJ-PNVk eta EH Bilduk

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, %62,5eko partehartzearekin, oso parekatuta izan dira EAJ-PNV eta EH Bildu; eta parekotasun hori islatuko da Eusko Legebiltzarraren osaketan: 27na legebiltzarkide izango dituzte bi alderdiek. Botoen %99,74 zenbatuta, alderdi jeltzalea izan da bozkatuena EAEn, botoen %35,22 eskuratuta. EH Bil­duk botoen %32,51 lortu du.

Aurreikuspenek islatzen zuten bezala, lehia bizia izan da bi alderdien artean. EAJ-PNVk lau legebiltzarkide galdu ditu aurreko legealditik, eta EH Bilduk, kontrara, sei legebiltzarkide ge­hiago lortu ditu oraingoan.

Aurreko lau urteetan bezalaxe, PSE-EE izango da hirugarren alderdia, ordezkari kopuruari da­­gokionez, 12 legebiltzarkide es­kuratuta, botoen %14,22rekin. Bi ordezkari gehiago eskuratu dituzte sozialistek. Gora egin du PPk ere, ordezkari kopuruari dagokionez. Zazpi legebiltzarkide izango ditu alderdi popularrak, botoen %9,21 eskuratuta. Eta Eusko Legebiltzar berria osatzeko, ordezkari bana izango dute Sumarrek eta VOXek. Elkarrekin Podemosek, aldiz, ez du ordezkaririk izango.

Gipuzkoan (%99,2 zenbatuta) eskuratu du legebiltzarkide gehien EH Bilduk, lurraldeko 25 ordezkarietatik 11 lortu (2020an baino bi gehiago), botoen %40,44rekin. EAJ-PNVk bederatzi legebiltzarkide lortu ditu Gipuzkoan, duela lau urte baino bat gutxiago. Botoen %31,75 eskuratu dute jeltzaleek. Lau ordezkari lortu ditu PSE-EEk (botoen %13,53), eta PPrentzat izan da azkeneko ordezkaria, botoen %6,32rekin.

Sumarrek ez du ordezkaririk lortu, botoen %3,1arekin; eta duela lau urte eskuratutako bi legebiltzarkideak galdu ditu Elkarrekin Podemosek Gipuzkoan, botoen %2,18 jasota.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!