Urumea bailarako 225 emakumek hartu zuten parte igandean, Lilatoiko 34garren edizioan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 5a, 00:00

6.200 emakume inguruk hartu zuten parte Lilatoian, eta horien artean baziren Urumea bailarako korrikalariak, guztira 225 emakume: 153 hernaniar, 71 astigartar, eta Goizuetar bat.

Emakumeen Nazioarteko Eguna da ostiral honetan, eta egutegian morez markatzeko eguna izanik, aldarrikapen eta ekintza ugarik hartuko dute Urumea bailara, urtero lez. 

Urumea bailarako herritarrak dagoeneko hasiak dira martxoak 8a nola edo hala aldarrikatzen, batzuk hitzaldiak antolatuz, eta beste batzuk, ordea, 5 kilometro osatuz korrika. Horretarako eszenatokia Donostia izan zuten: igandean ospatu baitzen 34garren Lilatoia, eta morez jantzi zuten Gipuzkoako hiriburua. 6.200 emakume inguruk hartu zuten parte Lilatoian, eta horien artean baziren Urumea bailarako korrikalariak, guztira 225 emakume: 153 hernaniar, 71 astigartar, eta Goizuetar bat.

Berezia izan zen igandea Donostian, eta euria lasterketa hasi aurretik egin bazuen ere, 5 kilometroko ibilbidearen bazterrak jendez bete-beteta zeuden, eta sekulako giroa sortu zen. Bailarako korrikalarien artean, Eider Estibariz Luna hernaniarra izan zen lehenengoa helmugaratzen, 11garren postuan, 20:04ko denborarekin. Segidan, Maitane Guerrero Moriana hernaniarra iritsi zen, 20:11 denborarekin; eta segidan, Hoki Guerrero Moriana, 13garren, 20:13 denborarekin helmugaratuta. 17garren postuan amaitu zuen Maider Martin hernaniarrak, 20:47 denborarekin. Astigartarren artean,  135garren amaitu zuen Aintzane Azurmendi Cuestak, 25:20ko denborarekin. Larraitz Mendizuri Arbelaitz goizuetarra, 32:02ko denborarekin iritsi zen helmugara, 867garren.

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!