2 eta 3 urteko ikasleek plaza lortuko dute  anai-arrebek ikasten duten ikastetxe berean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 3a, 00:00

Astigarragan ikasle kopurua haunditu egin da aurtengo ikasturtean.

Aurrematrikulazio epea asteazkenean, otsailaren 7an, irekitzen da, otsailaren 23ra bitarte. 

Dagoeneko iragarri dute 2024-2025 aurrematrikulazio kanpaina noiz hasiko den, Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat. Eusko Jaurlaritzak aditzera eman du aurrematrikulazio epea izango dela asteazkenetik, otsailaren 7tik otsailaren 23ra bitartean. Nafarroako Gobernuak ordea, oraindik ez du egutegi ofizialik argitaratu, eta ikastetxeek oraindik ez dute berririk jaso. 

Urumea bailarako ikastetxeetara etorrita, haurrek ez dute leku faltarik izango, eta adierazi dute prest eta gogotsu daudela ikasle berriei harrera egiteko. Beraz, aukera zabala eskaintzen dute bailarako ikastetxeek, hala nola, Astigarragako Herri Eskolak; Hernaniko Elizatxok, Langilek, Urumeak, Aratzek eta BHI Institutuak; eta Ereñotzuko Txirrita ikastolak. Goizuetarrek eta aranoarrek, aldiz, aurrerago izanen dute Xalto eskolan aurrematrikulatzeko aukera, Nafarroako Gobernuak ofizialki egutegia iragartzean.

Zenbait berritasun ere aurkeztu zituen Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, pasa den asteleheneko prentsaurrekoan. 2024-2025 ikasturteari begira, onarpen-prozesuak berrikuntza aipagarri batzuk dakartza. Horietako bat da plaza lortuko dutela hasierako maila eskatzen duten haurrek (2 urteko gela, edo, halakorik ezean, 3 urteko gela) anai-arreba bizikide batek matrikula duen ikastetxean. Ikastetxe bakarra duten udalerri edo eragin-eremuetan bizi diren eskatzaileek ere eskuratuko dute plaza, ikastetxe bakar horretarako eskabidea aurkezten badute.

Beste berritasun bat ikastetxe bereko sarrera-mailan bi anai-arrebak edo gehiagok egindako aldi bereko eskaerei buruzkoa da. Kasu horietan, baremoak 6,5 puntu ematen dizkio anai-arreba horietako bakoitzari. Berritasun honek anai-arreba bikien kasuei eragiten die, batez ere.

 

Indarrean dauden neurriak

Joan den ikasturtean abian jarritako neurriek indarrean jarraitzen dute onarpen-prozesuan ere. Honako hauek dira esanguratsuenak: Plazak erreserbatzea: diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztiek gorde beharko dute Hezkuntza Sailak zehaztutako plaza kopurua, ikasle zaurgarriak eskolaratzeko. Aniztasunaren eta zaurgarritasunaren banaketa orekatua bilatzen du neurri honek, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste mota batekoengatik segregatzea saihesteko.

Zaurgarritasun Indizea ezartzea: Eskaerak aurkezterakoan familiek betetzen duten inkesta aintzat hartuta, ikasleen zein portzentai hartuko den zaurgarritzat definituko da.   Bildutako informazioarekin definituko da zein ikasle hartuko diren zaurgarritzat. Era honetan, zona bakoitzerako Zaurgarritasun Indize erreferentziala zehazten da, ikastetxe bakoitzean ikasle zaurgarrientzat erreserbatu beharreko plaza kopuruarekin batera. Helburua: eragin-eremu bateko ikastetxe guztiak eremu horretako zaurgarritasun indizera hurbiltzea.

Neurri horiek «ikasleen eskolaratze orekatuagoa sustatzea» dute helburu Bildarratzen esanetan. Hezkuntza Sailak plazaratu duenez, «diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztiek gorde beharko dute Hezkuntza Sailak zehaztutako ikaspostu kopurua ikasle zaurgarriak eskolaratzeko». Iazko matrikulazio aldian, Hezkuntza Sailak erabaki zuen eskolek ehuneko jakin bat gorde behar zirela ikasle zaurgarrientzat, segregaziorik ez izateko. Prozesua erraza dela nabarmendu du Bildarratzek: «Familiek gauza bakarra egin beharko dute, orain arte bezala: matrikula egin. Galdetegi bat beteko dute, eta, informazio horrekin, Hezkuntza Sailak ikasle zaurgarriak identifikatuko ditu». Galdetegi hori iazko matrikulazioan agertzen zen bera da.

Ikastetxe kopuru mugagabea eskaera bakoitzeko: Familia bakoitzak bere eragin-eremuko ikastetxe guztiak hautatu ditzake seme-alabak eskolaratzeko, edo beste eremu batzuetakoak, mugakideak izan edo ez, kopuru-mugarik gabe, egokitzat jotzen dituzten hezkuntza-baldintzak betetzen dituztenen artean. Beren interesen araberako hurrenkeran lehenetsiko dituzte. Onarpen-prozesua ikasle bakoitzari familiak lehenetsitako ikastetxea eskaintzen saiatzen da, eta hautatutakoetan eskolaratzeko aukerarik ez balego bakarrik eskainiko litzateke beste ikastetxe bat, markatutako ezaugarriak izango lituzkeena eta ikaslearen bizilekutik hurbil legokeena. Horregatik, oso garrantzitsua da familiek ahalik eta ikastetxe gehien hautatzea, dagokien ikastetxea ahalik eta gehien egokitu dadin euren interesetara.

Hurbileko eskolaratzea: Baremoko irizpideetan puntuaziorik handiena etxebizitzaren hurbiltasunagatik jaso daiteke. Puntuaziorik handiena eskuratuko da aukeratutako ikastetxea familiaren bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxea (publiko zein itunpekoa) den kasuetan, beti ere eragin-eremuaren barruan: 7 puntu. Eremuko beste edozein ikastetxek –baina ez bizilekutik hurbilen dagoenak- 5 puntu eskuratuko ditu. Eragin-eremu berberaren barnean hurbiltasuna saritzen duen neurria da. Hurbileko eskolatzea bultzatzea da helburua.

Era berean, bizilekuaren hurbiltasunari buruzko puntuazioan beste egoera berri bat ere aurreikusi da: eskatutako ikastetxea (publikoa zein pribatu itundua) ikaslearen bizilekutik hurbilen dagoena izatea, baina ez eragin-eremuaren barnean kokatua, baizik eta eragin-eremu mugakide batean. Egoera honek 5 puntu ditu baremoan.

 
Aurrematrikulatzeko zenbait modu ezberdin daude

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztiek asteazkenean hasiko dute aurrematrikulazio kanpaina, eta informazio guztia dago eskuragai Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko webgunean: https://www.euskadi.eus/onarpena-haur-lehen-eta-derrigorrezko-bigarren-hezkuntza/web01-a2hikast/eu/. Nahi duenak bertan aurkitu ditzake jarraitu beharreko pauso guztiak, eta aurkeztu behar dituen dokumentazioari buruzko xehetasunak, besteak beste. 

Aurrematrikula egiteko bi modu daude: horietako bat da aurrematrikulatu nahi den ikastetxera bertaratzea, hau da, aurrez aurrekoa. Eta ondorengoak dira hitzordua eskatzeko bailarako ikastetxeetako harremanetarako kontaktuak: Aratz ikastola, 94 3 55 02 33 edota zuzendaritza@aratzikastola.eus; Elizatxo ikastola, 943 89 91 95 eta 629 393 238 edota elizatxo@elizatxo.eus; Langile ikastola, 943 89 91 85 edota laubidieta@langile.eus; Urumea ikastola, 943 55 04 72 edota urumeazuzendaritza@urumealhi.org; Hernani BHI Institutua 943 89 95 11 eta 943 89 95 10 edota santabarbara@hernanibhi.eus; Ereñotzuko Txirrita ikastola 943 89 91 48 edota 012086aa@hezkuntza.net; eta Astigarragako Herri Eskola 943 55 12 62 edota 013521aa@hezkuntza.net

Aurrematrikulazioa egiteko beste modua internet bidezkoa da. Eskaera online egitea hautatzen dutenek https://www.euskadi.eus/onarpena-haur-lehen-eta-derrigorrezko-bigarren-hezkuntza/web01-a2hikast/eu/ webgunean egin beharko dute. Eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko epea otsailaren 7tik 23ra izango da. Aldiz, aurrez aurre aurkeztu nahi dutenek, aukeratutako ikastetxeko idazkaritzan utzi beharko dute, ikastetxeak zehaztutako ordutegian.

Horrez gain, eskatzaileek aurkeztu behar duten eskaera orrian adierazi beharko dute, zein den hautatutako eskolen hurrenkera. Eskaera bakarra aurkezten bada ere, 12 ikastetxeetan izena emateko aukera dago; eta pausu hau jarraituz gero, ikasleari ikastetxe  bat esleituko zaio, ezarritako lehentasunaren arabera. 

Pausu guztiak eman ostean, Hezkuntza Sailak, martxoaren 12an argitaratuko du zerrenda, eta behin-behinekoa martxoaren 26an argitaratuko du, eta apirilaren 10era arte egongo da ikusgai. Guzti hauek ikusgai egongo dira eskaera egindako ikastetxe bakoitzean, eta familiei egokitutako gunean: http://ikasgunea.euskadi.eus/eu/inicio. 

Zerrendak argitaratzean, erreklamazioren bat jarri nahi izanez gero, apirilaren 10era arte egongo da horretarako tartea, eta eskabidean atzera egin nahi dutenek ere apirilaren 10era arte izango dute aukera. Behin betiko zerrendak argitaratuko dira, apirilaren 26an hain zuzen ere, eta hauek ikusgai egongo dira maiatzaren 30era arte. Azkenik, lurralde-ordezkariek esleitutako plazen zerrendak 2024ko apirilaren 29an argitaratuko dituzte. Behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzea: 2024ko maiatzaren 30era arte izango da. Horrekin batera, ikasleren batek hautatutako ikastetxeetan sartzeko zortea izan ez badu, irailaren 13ra arte edukiko du ikasle izateko aukera; itxarote-zerrendaren iraunaldia egun horretara arte baitago zabalik.

 

Aurrematrikulatzeko beharrezko dokumentazioa

Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu beharko dituzte aurrematrikulazioa egiten dutenek, eta dokumentazio hau nahitaezkoa dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Dokumentuak, aurrematrikulazioaren epeetan aurkeztu beharko dira, hau da, otsailaren 7tik 23ra bitartean; online aurkeztu daitezke, edota aurrez aurre. Nahitaez aurkeztu beharreko dokumenturik entregatzen ez bada, edo aurrerago entregatzen saiatuz gero, ez zaio eskaera onartuko eta eskaera osatu gabe gelditzeko arriskua dago. 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko webgunean daude zerrendatuta zeintzuk diren aurkeztu beharreko dokumentuak, baina, besteak beste, ondorengoak dira: familia-liburuan ikaslea azaltzen den orriaren fotokopia edo beste egiaztagiri ofiziala; familia-liburuan aita/ama azaltzen den orriaren fotokopia edo lege-tutorea izatearen ziurtagiria; familia banandua edo dibortziatua izatekotan, berezko protokoloa bete izanaren agiria: ezkonkide ohiaren baimen-idazkia, ebazpen judiziala edo behin-behineko neurria, eta abar; eta EAEtik kanpo ikasten duten ikasleen kasuan, egindako ikasketen ziurtagiria. 

Hernaniko Aratz Ikastolaren kasuan, Aratz.eusen ikus daitezke entregatu behar diren dokumentu guztiak, eta tartean honakoak daude: familia liburuaren fotokopia; ikaslearen ama/aita edo tutorearen NAN dokumentuaren fotokopia; errolda agiria; familia banandua edo dibortziatuaren kasuan, ezkonkide ohiaren baimen idazkia, ebazpen judiziala edo behin behineko neurria.

Edozein zalantza izanez gero, edo zerbait kontsultatu nahi izanez gero, jarri harremanetan Gipuzkoako Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzarekin, 943 02 28 50 telefono zenbakira deituta.

 
Laguntzak eta bekak, familientzat

Hezkuntza Sailaren webgunean,  ikasle batek jaso ditzakeen beka eta laguntzari buruzko informazioa aurkitu daiteke. Eta irakaskuntza doakoa bada ere, ikastetxeak eskaintzen dituen zenbait zerbitzu edo eskola material ordaindu egin behar dira, hala nola, testu-liburuak eta jangela zerbitzua. Hori horrela, familiei gastu horiek ordaintzen laguntzeko, laguntza ekonomikoa emateko deialdi bat egiten da urtero, eta hauek bekak dira. Laguntzak ematen dira testu liburuetarako, eskola materialerako, eta jantokirako. Azken horren ordainketa egingo da, soilik zerbitzu hori erabiltzen bada, noski. Gainera, beharrezkoa denean, ikastetxeek aldi bereko itzulpen zerbitzua izan dezakete. Beka horien eskaera egiteko deialdia urrian izan ohi da eta informazio eta izapideak ikaslearen ikastetxean bertan egoten dira eskuragarri.  Ikasle etorkinak, aldiz, ikasturtea hasita etortzen badira ikastetxera, geroago eskatu ahal izango dituzte bekak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!