Astigarragako Herri Eskolan ikasle kopurua igo, eta Hernanin jaitsi egin da, 2023-24 ikasturtean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 3a, 00:00

Astigarragako Herri Eskola da Haur eta Lehen hezkuntzan ikasle gehien duen ikastetxea.

Ikastetxeen datuen arabera Hernanin eta Ereñotzun 2.231 ikasle daude Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Astigarragan berriz, 727 ikasle daude Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan.

Asteazkenetik, otsailaren 7tik 23ra, izango da epea, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2024-2025 ikasturteko Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako aurrematrikulazioak egiteko. Beraz, Hernaniko ikastoletan, Ereñotzuko eskola txikian eta Astigarragako Herri Eskolan aurrematrikula egiteko aukera egongo da 17 egunez, baina kontutan hartu behar da tartean Inauteriak ospatzen direla. 

Nafarroan oraindik ez dute jakinarazi noiz izango diren aurrematrikulazioa egiteko epeak. Hala ere, Hernaniko, Ereñotzuko eta Astigarragako ikastoletan asteazkenean hasiko da aurrematrikulazio garaia, eta herritarrek ez dute toki faltarik izango. Bailarako ikastolek pozik hartuko dituzte haurrak eta gaztetxoak.

Joan den urtean, Astigarragako Herri Eskolan 704 ikasle zeuden, eta aurtengo kopurua nabarmen haunditu da. 727 ikasle izango dira guztira. Horrek esan nahi du, 23 ikasle gehiago egon direla 2023-2024 ikasturtean, aurrekoarekin alderatuta. Orain bi urte berriz, 676 ikasle zeuden. Bi urtetan 51 ikasleetan hazi da Herri Eskola. Astigarragako errealitatea oso ezberdina da beste herriekin konparatuta, baita Hernanirekin alderatuz gero. Hala ere, aurten Lehen Hezkuntzan 20 ikasle gutxiago daude eta hori geldialdiaren seinale da epe ertain batean. Lehen Hezkuntzan berriz, 63 ikasle gehiago daude.

Aipagarria da, hirugarrenez, Astigarragako eskola dela bailaran ikasle gehiena dituena Haur eta Lehen Hezkuntzen batuketan. Aurten ere Langile ikastola gainditu du, 109 ikasle gehiagorekin, hain zuzen ere. Diferentzia haunditzen doa eta ez gutxi.

Astigarragako Herri Eskolan 280 ikasle daude Haur Hezkuntzan, eta 467, berriz, Lehen Hezkuntzan. 2 urteko gelan 70 haur daude; 3 urtekoenean 79 ikasle; 4 urteko gelan, 66; eta bosgarren mailako gela, berriz, 65 ikaslek osatzen dute. Lehen Hezkuntzari dagokionez, lehenengo mailatik seigarrenera bitartean, hurrenez hurren, hauek dira ikasle kopurua: 96, 78, 70, 67, 66, 70.  

 

79 ikasle gutxiago, Hernanin

Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen aurrematrikulazioa egiteko ikastetxe asko dago Hernanin eta Ereñotzun. Izan ere, Hernanin hiru ikastetxe publiko daude, Haur eta Lehen Hezkuntza eskaintzen dutenak: Elizatxo, Langile eta Urumea. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiteko, berriz, Hernani BHI Institutuan izena emateko aukera dago. Ikastola kontzertatua ere bada Hernanin, Aratz ikastetxea. Aukera zabala eskaintzen dute bertan, hala nola HH, LH eta DBH. Eta Ereñotzun, Txirrita dago, herriko eskola txikia.

Denera, 2.231 ikasle daude Hernanin, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Joan den ikasturtean baino 79 ikasle gutxiago, hain zuzen ere. Banaketa eginez gero, datuak hauexek dira: Aratz ikastolan, HHn 60 ikasle; LHn 120; eta DBHn 120; Elizatxon, HHn 132 eta LHn 234; Urumean HHn 76 ikasle eta LHn 185; Langilen HHn 243 ikasle eta LHn 395; eta Ereñotzuko Txirrita eskolan, berriz, HHn 23 eta LHn 39 ikasle; eta azkenik, Hernaniko BHI institutuan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, lehenengo mailatik laugarrenera, 604 ikasle daude guztira, iaz baino 18 gehiago. Batxilergoa kontutan hartuz gero 814 ikasle ditu Insititutuak eta bailarako ikasle gehien duen ikastetxea da, Astigarragako Herri Eskolaren aurretik.


Ikasle kopuru berdina aurten Xalton eskolan, 83

Joan den urteko ikasle kopuru berdina dago aurten, Goizuetako Xalto eskolan. Guztira 83 ikasle daude Xalton Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan: 3 urtekoen gelan 7 ikasle dira; 5 ikasle, berriz, 4 urtekoenean; 5 urteko gelan 5 ikasle daude; LH1en 7; LH2n 8; LH3n 9 ikasle; LH 4an 4; LH 5ean 10; LH6an 6; DBHko aurreneko mailan 6 ikasle daude eta 10 ikasle, aldiz, bigarrenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!