87. urteurrena

Iñaki Etxandi Aldalur

Hernaniko Gernika Palestina Herri ekimena

Aurten 87. urteurrena da faxismoak (bere adiera-aliantza ezberdinekin) Gernika bonbardatu zuela, eta, efemeridea iltzaturik geratzeaz gain, hamarkadak dira borroka eguna (egia, aitortza, justizia, memoria) berreskuratzeko bihurtu dela.

Sirena hotsa gailendu zen ostiralean Gernikan, 1937ko Apirilaren 26an bezalaxe. Egun ilun hartan, hegazkin naziek Gernika bonbardatu zuten, eta ehunka pertsona hil zituzten. Gizarte zibilaren kontrako lehen bonbardaketa masiboa jasan zuen herria da Gernika, baina ez da azkena izan.

Eta Apirilaren 27a, Gernikarentzat, hurrengo eguna da. Hondamendiaren hurrengo eguna. Noski, hori orain esan dezakegu; bere garaiko testuinguruan, apirilaren 27an, adibidez, oraindik orain sua pizturik zirauelako, eta nazionalak herria okupatu zuteneko lehen eguna izan zen ere. Apirilaren 28an, besteak beste, Estepan Urkiaga “Lauaxeta” gure olerkari esanguratsuenetarikoa atxilotu zuten Gernikara nazioarteko kazetariak zekartzala, Picassok maiatzaren 1enean izan zuen sarraskiaren berri eta “Guernica” koadroa margotzen hasi zen... hurrengo egunak, beraz,
katastrofearen jarraipena baino ez zirela izan esan genezake. Sinbolikoki, ordea, Gernikaren biziraupenaren lehen egunak izan ziren.

Oraintxe bertan, momentu honetan, Gazan bonbardaketek ez dute etenik; Gernika-Palestina deialdi herritarrak, Gernikatik Palestinari, Gernikatik Israeli, Gernikatik munduari zera esan nahi diogu: munduak eta historiak ezin dutela herri baten suntsiketa bakar bat gehiago onartu. Munduak eta historiak ezin dutela Palestinan gertatzen ari dena onartu eta bere kontrako sarraski etengabea geratzeko eskatzen dugu, sarraski honekiko edozein onespen eta konplizitate motak irmoki salatzen dugun bitartean.

Zuen hildakoak gure hildakoak dira. Zuen etxe birrinduak gure etxeak dira. Zuen lur okupatua gure lurra da. Zuen haurrak gureak ere badira. Gernikan haritza bezala, Palestinan olibondoak zutik iraungo du, herrien eskubideen, askatasunean eta bakearen ikur direlarik.

Gizakiaren desumanizaioari ez!.

Genozidiari ez!.

Gora herriak!!

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!