Donostian garaile, neska kadeteen trainerilla

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 7a, 00:00

Unax Uralde hernaniarra, banku mugikorreko Libourneko nazioarteko proban.

Gipuzkoako Trainerilla Ligan murgildu da Hernaniko Arraun Elkartea, aurreko astean hiru estropada jokatuta.

Batelak utzi, eta trainerilletan murgildu dira Hernaniko Arraun Elkarteko kideak, egunotan. Joan den astean hasi zuten Gipuzkoako Trainerilla Liga, hiru estropada jokatuta: asteazkenean Mutrikun, larunbatean Urumea ibaian (Loiolan), eta igandean Getarian.

Bi trainerillarekin ari da Hernani: neska kadeteetan eta neska jubeniletan. Kadeteek lortu dute emaitzarik nabarmenena: Loiolako estropada irabazi zuten larunbatean, 7:51,75 denborarekin, San Juanek baino 23 ehuneneko gutxiago (7:51,98). Mutrikun laugarren izan ziren hernaniarrak, eta Getarian zortzigarren, 10 talderen artean.

Orain artekoarekin pozik agertu dira Erik Gonzalez eta Mikel Rosell entrenatzaileak: «Mutrikuko laugarren postuarekin pozik ginen, baina gehiago egin genezakeela sinetsita bukatu genuen. Itzulerako luzea, denetan azkarrena egin zuen gure taldeak. Eta hala gertatu zen larunbatean Urumea ibaian. Igandean, berriz, ez genuen gure egunik onena izan, baina horrelakoak ere gertatzen dira. Edonola ere, irrikaz gaude datorren asteburuko estropadak noiz iritsiko».

Jubeniletan, berriz, talde gutxiago ari dira lehian, lau guztira. Hernaniarrak hirugarren izan ziren Mutrikun, 42 segunduko galerarekin; baina hobera egin eta bigarren sailkatu dira asteburuko bi estropadetan. Loiolan 38 segundu aurretik izan zuten San Juan (15:56), baina Tolosaldea gainditu zuten (22 segundu gehiagorekin). Eta Getarian alderantziz, Tolosaldea nagusitu zen (16:45), eta hernaniarrak 14 segundura helmugaratu ziren, San Juan baino bederatzi segundu lehenago.

Asier Ocon entrenatzaileak azaldu du, zein izango den helburua Trainerrila Ligan: «Plantilla osoak parte hartzea nahi dugu. Orain arte, aldaketak eginez, 10 arraunlari eta bi lemazain aritu dira».

 

Datorren larunbatekoa, Hernanik antolatuta

Beste bi estropada jokatuko dira datorren asteburuan: larunbatean Orion, Trainerilla Ligaren laugarren jardunaldiko estropada; eta igandean Getarian, Gipuzkoako Txapelketa.

Hernaniko Arraun Elkarteak antolatutakoa izango da Orioko estropada, arratsaldeko 17:30etan hasita; eta ligarako puntuagarria ez ezik, igandeko txapelketarako sailkatze estropada ere izango da. Bertaratzera animatu dituzte herritar guztiak, Hernaniko Arraun Elkartetik.

 

Unax Uralde, maila bikainean Libournen

Gipuzkoan ez, Akitanian aritu da Unax Uralde hernaniarra, Orioko Arraun Elkartearekin, joan den asteburuan. Banku mugikorreko Libourneko Nazioarteko Estropadan izan da, eta proba ugari lehiatu ditu, seniorretan zein jubeniletan, emaitza bikainak lortuta.

Larunbatean, bigarren izan ziren seniorren lauko skullean, 500 metroko proban, irabazlea segundu erdi exkaxera zutela. 2.000 metroko estropadan, berriz, bederatzigarren sailkatu ziren seniorren biko skullean, B finala irabazita. Igandean lauko skullarekin aritu zen soilik. Seniorren 500 metroko proban, seigarren izan ziren. Eta jubenilen 2.000 metroko estropadan postu berbera lortu zuten, seigarrena.

Gainera, Euskal Selekzioak erreserbako arraunlari gisa hautatu du jubeniletan, banku mugikorrean urte eta erdi besterik ez daramakienean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!