«Zaintza eskubide bat izatea nahi dugu, dauzkagun beharretara egokitzen den eredu bat sortuz»

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 27a, 00:00

Miren Aranguren Etxarte Eltzekoa taldeko kidea.

Zaintzaren garrantziaz, beharraz eta une honetan Hernani Burujabe aurrera eramaten ari denaz hitz egin du Miren Aranguren Etxarte Eltzekoa taldeko kideak. Argi adierazi du zein den zaintza arloaren asmoa: «Helburua da zaintzarako eskubide unibertsala bermatzea eta zaintza lanen banaketa justu bat egitea, zaintzaileen aitortza eta haien lanaren duintzea lortzeko», 

Zaintzan ere fokua jarri du hasieratik Hernani Burujabek, izan ere; «zaintzen krisi bat bizi duen gizartea garela ulertuta», zaintzen demokratizaziorako estrategia abiatu du, tokiko zaintza sistema publiko komunitarioan ardaztuta. «Helburua da zaintzarako eskubide unibertsala bermatzea eta zaintza lanen banaketa justu bat egitea, zaintzaileen aitortza eta haien lanaren duintzea lortzeko», azaldu du Miren Aranguren Etxarte Eltzekoa taldeko kideak. Eta horretarako, zenbait arlo edota talde sortu dira Hernani Burujaberen zaintzaren baitan; horietako bat da Auzozaintza, bakardade egoeran dauden adineko pertsonei zuzendutako akonpainamendu programa, hain zuzen. Eta zainduta egoteaz gain, bizitza modu autonomoan egitea bilatzen du sare horrek, bizi diren komunitatean lotura gal ez dezaten laguntzeko. Elkarbizitza, zahartzaro aktiboa eta birgizarteratzea sustatzen ditu programak, pertsona horien harreman afektiboei zein harreman sareei arreta berezia jarriz. Halaber, egoera zaurgarrian dauden zaintzaileen lan baldintzak duintzeko helburuz, adineko pertsonen bidelagun izateko hitzarmena sinatu da Maitelan zaintza kooperatibarekin, laneratzeko eta euskalduntzeko formakuntzak eskainiz lanaldiaren barruan.
 
Eltzekoa taldea, errotik
Era berean, zaintzaren inguruko hausnarketa sustatu eta sektore honetako estrategia gidatzeko, herritar talde bat ere martxan jarri da, Eltzekoa taldea izenekoa. Gogoetarako talde bat izatetik, ekintzak antolatzera igaro da taldea, eta, besteak beste, Zaintza Eguna antolatzeko ardura hartu zuen. Taldearen eginkizunak eta xehetasunak elkarbanatu ditu Arangurenek: «Eltzekoa taldean parte hartzen dugu herrigintzan, munizipalismoan, osasun ikuspegian, eta baita zaintzaren inguruan lanean ibili garenok ere. Perfil askoko lanketa bat zegoen eta hausnarketa horretan gorpuztu zen talde hau. Eltzearen metafora hori hartuta, lotzen dugu eltze batean dauden osagai askorekin, eta eltzekoa egon da etxe guztietako sukaldeetan, beti lotu izan dugu zaintzarekin. Eltzea beti elkarbanatu da, eta horri tiraka, taldeari Eltzekoa jartzea otu zitzaigun».

Arangurenek dio prozesuaren ondorioetako bat izan zela; alde batetik, herritar talde bat osatzea, perfil askoko taldea izanik, eta bestetik, manifestu bat. «Manifestu honek gorputz ideologiko bat ematen zion, hau da, nondik begiratzen genuen zaintza, edota norantz nahi genuen bideratu. Beraz, manifestu hori osatu genuen eta jarraian ekintza plan txiki bat sortu genuen, hemendik aurrera datozen urteetarako». 

Eta une honetan, zaintza burujabetzen ildo honetan, estrategia konpartitu bat daukatela dio Eltzekoa taldeko kideak, «bai publiko komunitarioa uztartzen duena, alegia, badago udaletxearen presentzia; eta aldi berean badaude komunitatearen parte diren bestelako egitasmoak ere». Eta hau guztia erabakitzeko eta antolatzeko, zaintza mahai batean elkartzen dira, batetik udaletxea; eta bestetik, komunitatea eta Eltzekoa herritar taldea. 
Eltzekoa taldean «borondatez» elkartzen direla jakinarazi du Arangurenek, eta gogorarazi du parte hartzea irekia dela: «Askotan etortzen dira Maitelan kooperatibakoak, Amher Sos Arrazakeria elkartekoak, zaintzaile gisa lan egiten dutenak... Talde ireki bat da, eta hortik saiatzen ari gara lan egiten».

2023 urtera egin du salto Arangurenek, antolatutako Zaintza Eguna gogora ekarriz: «Gure funtzioetako bat da herriak zaintza erdigunean jartzea, sentsibilizatzea, zaintzaren antolaketaren inguruan informatzea… eta horren harira antolatu genuen Zaintza Eguna». Aurtengo urterako, ordea, beste formatu bateko ekintzak antolatu dituzte, maiatzari eta ekainari begira: Eltzekadak auzoetan. «Eltzekada hauen funtsa izango da auzoetara joatea, ez izateko dena zentrala, esaterako Kaxkoan. Nahi ditugu kontutan hartu erdigunetik kanpo dauden auzoak ere, hain zuzen Auzozaintza garatzen ari den auzo horiek».

'Eltzekada auzoetan' ekimenarekin lan komunitarioa aitortu nahi du herritar taldeak: «bertaratutako jendearekin hausnartu eta egon. Era berean, indartu nahiko genuke auzo zain figura, nahi dugu jendea binkulatzea proiektura, nahi ditugu herritarrak lotu egitasmo horretara. Komunitatea sendotzeko ekintzak egin nahi ditugu. Modu honetara jendearengana heldu nahi dugu. Izan ere,  konturatu gara, zaintzaren inguruan ez dagokiola bakarrik eremu publikoari gauzak aldatzea; badagokio, esaterako baliabideak jartzea herritarrei. Baina gainontzeko herritar, egitasmo, elkarte, erakunde eta guzti horiei ere badagokie zaintzaren inguruan aldaketak egitea», aditzera eman du Arangurenek. 
 
Jomuga nagusiak
Hernani Burujabek zaintza arloarekin lortu nahi duena da, batetik, zaintza eskubide bat izatea, eta aldi berean, unibertsala izatea: «Gure bizitako ziklo guztian zehar dauzkagun behar horietara egokitzen den eredu bat sortu nahi dugu. Horregatik, hitz egiten dugu zaintza eskubide kolektiboaz, denoi dagokigulako zainduak izatea gure bizitza guztian zehar». Bestetik, zaintzaren aitortzan zor historiko bat dagoela diote, eta horrenbestez, ondorengoa aitortu nahi du zaintza arloak: «Emakumeek urteetan egindako lan guztia. Horrekin lotuta, iruditzen zaigu, zaintza lanak birbanatu egin behar direla, izan ere, elkarrekikotasun printzipioa nahi dugu zabaldu. Gizonen erabateko absentzian eraikitako zaintza eredu bat dugu, eta guk herritar guztion artean banatuko den eredurantz joan nahi dugu. Belaunaldi guztiok parte hartuko dugun eredua, eta komunitateak zein administrazio publikoa artikulatuko dituena». Horrez gain, zaintzak «duindu» nahi dituzte: «Oraindik asko dago egiteko eta Hernanin bagabiltza horretan buru-belarri, zaintzaile profesionalen lan baldintzak dignifikatzen, besteak beste». Eta amaitzeko, elkar zaintzeko ideia sustatu nahi dute, «elkarrekikotasun printzipio horrekin komunitatea indartzeko».

Amaitzeko, Hernani Burujaberen zaintza arloan, besteak beste, zaintzaren aitortzan eta zaintzailearen lanaren duintzeko bidean urratsak ematen jarraituko dute, eta era berean, 2024rako prestatutako bi egitasmo azpimarratu dituzte: «udazkenerako Eltzekada saioak beste auzo batzuetara zabaldu nahi ditugu. Edota orain egingo ditugun auzo horietan sakondu eta beste zenbait ekintza antolatzen jarraitu. Eta bestetik; zaintzaren inguruko gida bat egin nahi dugu, tresna pedagogiko bat sortuz zaintzari buruz hitz egiteko, zaintzaren eskubideaz eta betebeharraz hitz egiteko. Adibidez, oso kezkatuta gaude etxeko langileen egoerarekin, eta horren inguruan nahiko genuke kontzientziazio lan bat egin. Horretarako tresna batzuk sortzeko ahaleginetan gaude».

ELTZEKADAK AUZOETAN

HERNANI


Maiatzak 2
18:30etan Elizatxoko auzo elkarteko lokalaren pareko plazan: Argazki erakusketa, bolo txapelketa, salda eta tortilla.

Maiatzak 17
18:30etan
Zikuñagako auzo elkarteko lokalaren ondoko arkupeetan. Argazki erakusketa, bolo txapelketa, salda eta tortilla

Maiatzak 31
18:30etan
Etxeberri auzoan. Bolo
txapelketa, salda eta tortila

Ekainak 14
18:00etan
Antziolan: Mural pintaketa eta omenaldi komunitarioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!