Iurrebasok bi hitzaldi eskainiko ditu euskeraren egoeraren inguruan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 23a, 00:00

Hernanin bihar izango da 18:30etan udaletxeko areto nagusian, eta etzi Astigarragan, 18:00etan hasiko da hitzaldia Erribera kulturgunean.

Euskeraren egoera gaur. Zer diote datuek? hitzaldia eskainiko du Iñaki Iurrebaso soziologoak bihar eta etzi. Asteazkenean Hernaniko Udaletxeko areto nagusian izango da 18:30etan hitzaldia, eta apirilaren 25ean, ostegunean, Erriberan, 18:00etan. 

Iurrebasok, tesian aztertu du nola eragiten duen hizkuntza gaitasunak erabileran, eta nola konparatu daitekeen, hizkuntza gaitasuna kontuan hartuta, erabilera maila ona edo txarra den. «Euskal Herrian 10 pertsonatik 7k ez daki euskeraz hitz egiten, eta euskeraz dakigun ia denok gara elebidunak. Orduan, horrek eragiten du euskera erabiltzeko aukera praktikoa urria izatea; hau da, euskaldun askok bere bizitza arrunteko egoera askotan erderaz egin behar dutela nahitaez». 

Hori kontuan hartuta, dagoen erabilera maila txukuna da Iurrebasoren hitzetan. «Are gehiago nabarmentzen badugu erraztasunaren alderdia; izan ere, hiztunek berez badute errazago zaien hizkuntza erabiltzeko joera, arrazoi praktikoengatik. Horregatik, daukagun arazoetako bat da hizkuntza gaitasunean euskaldun gehiago direla erderaz hobeto moldatzen direnak. Gehiago dira erdal elebidunak euskal elebidunak baino». 

Hala ere, jendeari eroso zaiona baino gehiago erabiltzen dela bataz beste euskera aipatzen du. «Euskera errazago egiten dutenek, nagusiki, euskerara jotzen dute beti, baina erderaz errazago egiten duten elebidunen artean denetik dago. Badaude erderaz errazago egin arren euskeraren oso militanteak diren hiztunak, edota egoera jakin batzuetan, seme alabekin daudenean adibidez, euskerara jotzen dutenak. Horiek gure aldeko portaerak dira, baloratu beharrekoak, eta euskeraren indartzerako positiboak», nabarmentzen du Iurrebasok.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!