Aiestaranek bere bigarren txapela lortu nahi du gaur Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 20a, 00:00
Aiestaran eta Gurrutxaga pilotak aukeratzen.

Gurrutxagarekin batera, Jabalera eta Goikoetxea VI.a izango dituzte aurkari Berria Txapelketako finalean, 16:30etatik aurrera, Galarretan.

Aiestaran VI.a hernaniarrak bigarren urtez jarraian Berria Erremonte Txapelketako finala jokatuko du gaur Galarretan. Pasa den urtean, Goikoetxea V.arekin batera, Gurrutxaga eta Zalduaren aurka galdu zuten eta aurten txapela defendatuko duen Gurrutxagarekin jokatuko du. Abenduaren amaieran, Bigarren mailako txapelketa irabazi zuen Goikoetxea V.arekin, eta gaurkoa, irabazten badu, bere bigarren txapela izango da.

Aurkariak debutariak dira, Jabalera eta Goikoetxea VI.a. Horrek ez du esan nahi maila bajuagokoak direnik, alderantziz, erakutsi dute txapelketan zehar aurkari oso gogorrak eta maila altukoak direla.

Bi bikoteek jokatutako hiru partiduak irabazi dituzte eta gainera, erraz lortu dute gailentzea. Aldearekin txapelketako bikoterik sendoenak izan dira eta gaur nor baino nor arituko dira Galarretan, 16:30etan. Protagonistek finala berdindua eta polita izango zela aipatu zuten. «Saiatzen gara gauzak ongi egiten eta bagoaz pixkana pixkana aurrera. Jabalera eta Goikoetxea oso bikote sendoa da eta seguru final ona ikusiko dela», aipatu du Aiestaranek. Jaialdia 15:15etan hasiko da eta finala jaialdiko bigarren partidua izango da. ETB1ek zuzenean eskainiko du finala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!