«Oraindik ilusioa eta gogoa dauzkagu, baina atzetik jende gaztea sartzea da gure nahia»

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 20a, 00:00
Santos Gainzerain eta Txe Zuza, Kronikarako elkarrizketan.

26 urte egin ditu Txe Zuzak Mendiriz Mendiko lehendakari modura. Orain, Santos Gainzerainek hartuko du lekukoa. Apirilaren 28an omenaldia egingo diote Akarregin.

Gerturatzen ari da zuzendaritzako lekuko aldaketa. Zer moduz zaudete?

ZUZA: Ilusioarekin jarraitzen dugu. Nire kasuan, lehendakaritza uzten dut, baina zuzendaritzan jarraituko dut. Aldaketa, gehienbat, izenarena da. Gainera, Santosek ere urte pila bat daramatza zuzendaritzan. Oraindik ilusioa eta gogoa dauzkagu, baina adinean aurrera goaz, eta atzetik jendea sartzea da gure nahia. 

GAINZERAIN: Hori da. Gazte jendea tartean sartzea nahi dugu, zuzendaritzako kide guztiok 50 urtetik gora dauzkagulako. Pixkanaka adina ere nabaritzen da. Hala ere, ez da erraza jende berria erakartzea. 

Z: Zuzendaritzan bi pertsona berri sartuko direla da aldaketa haundiena. 

Apirilaren 28an omenaldi txiki bat egingo dizute, Txe. Gustatzen zaizkizu halako gauzak?

Z: Egia esan, lotsa ematen dit. Kronikan ere pare bat aldiz atera da dagoeneko, eta jendeak kalean aipatzen dit. Nik pentsatzen dut ez dudala ezer berezirik egin, besterik gabe lehendakari izatea egokitu zait, baina tira. Agian aitzakia ona zen elkarteko kideen bazkari bat antolatzeko. 

G: Lehendik asmoa geneukan bazkari bat antolatzeko, eta momentu hau aprobetxatu dugu zerbait polita antolatzeko. 

Z: Gainera, niri ezer esan gabe antolatu zuten. Orain dela gutxi arte ez nekien ezer. 

Zer aitortu nahi duzue omenaldiarekin?

G: Gauza asko. Kontuak atera, 30 urte daramatza Txek zuzendaritzan, horietatik 26 lehendakari modura. Nik uste dut ondo merezita daukala. Hernanin ez dakit badagoen elkarte batean hainbeste denboraz lehendakaria izan den pertsonarik. Gainera, elkartean gustura dago mundu guztia, eta pixkanaka jende gehiago ari da etortzen antolatutako irteeretara. 

26 urteko ibilbidea egin duzu Mendiriz Mendiko lehendakari modura. Erraz esaten da. 

Z: Bai, atzera begiratu eta esaten duzu, 'kontxo, 26 urte pasatu dira jada!'. Horrek esan nahi du ni ere gora noala, baina beno, egia esan sekulako giroa daukagu elkartean, eta inoiz ez da lan bat izan. Gauza asko egin beharra dago, baina lagunartean beti da errazagoa. Gainera, zuzendaritzako kideez gain, jendea behar denean beti etortzen dira laguntzera. 

Denbora tarte horretan gorabeherak ere izango zenituzten, ezta?

Z: Bai. Azkena pandemiarekin lotutakoa izan da. Aurretik ikusten genuen jende gutxiago zebilela, zenbait heldu eta haur bakarrik etortzen zirela irteeretara. Orain, pandemia pasata, geroz eta jende gehiago etortzen da ibilaldietara, helduenetara zein gaztetxoenetara. Tarteko jendea erakartzea falta zaigu, baina kopurua goruntz doa. 

30 urte hauetan zertan aritu zarete gehienbat? Zer bide egin du Mendiriz Mendik?

Z: Bidea nahiko markatuta eduki dugu beti. Jarduerei jarraipena ematen saiatu gara, eta berritasun gehienak teknologiarekin lotutakoak izan dira. 
 

Haurren eta helduen irteera ugari antolatu dituzue 30 urte hauetan. Batenbat oroitzen duzue bereziki?

G: Donejakue bidea egiten ari gineneko bat oroitzen dut nik, Zegamatik Araiarako bidea. Sekulako elurtea izan zen, eta biharamunean oso eguraldi ona egiten zuen. Ongi gogoratzen dut irteera hori. 

Z: Gauean elur ugari bota zuen, eta gu iritsi ginenerako zerua urdin urdin zegoen. Gure aurretik ez zen mendizalerik pasa, dena zapaldu gabe zegoen, eta sekulakoa izan zen San Adrian ingurutik pasatzea. Oso oroitzapen polita da. 

G: Zegaman esaten ziguten: 'Baina baina, nora zoazte?'. Garai hartan raketarik eta halako materialik gabe gindoazen. 

Z: Orain dela gutxiko irteera bat aipatzeko, gaztetxoen azken ibilaldia oso polita izan zen. 82 pertsona elkartu ginen, horietatik 34 umeak. Horrelakoak oso politak izaten dira, are gehiago eguraldiak laguntzen badu. 

Txoritxo batek esan digu Nepalera zoaztela maiatzean...

Z: Elkarteko zortzi lagun goaz, bai. Andoaingo Aitor Igiñizek egun batean aipatu zigun asmoa zeukala Nepalera joan eta han trekinga egiten aritzeko. Julen Lekuona horrekin geratu zen, eta harekin hitz egin zuen. Egun batean guregana etorri zen esanez jada hitz egin zuela Igiñizekin, eta talde bat osatu behar genuela bertara joateko. Ospatzeko zenbait aitzakia baditugu, eta ezin izan genion ezezkorik eman. Gauza berria da guretzat eta gogotsu gaude joateko.

Taldean parte hartzen ez duten arren, gazte ugari aritzen dira mendian. 

Z: Bai, bai. Hori ikusten dugu. Lasterketetan, esaterako, jende asko ibiltzen da, eta hori nabaritzen da federatzen den pertsona kopuruan. Sekula baino federatu gehiago dauzkagu, 500 inguru, lasterketetan parte hartzeko beharrezkoa delako. Bazkideetan ere ez gara jaisten, baina 'arazoa' da jardueretara jende hori ez dela etorri ohi. 

G: Federatu kopuruari dagokionez, Gipuzkoa mailan bosgarren postuan dago Hernani. Herri haundiagoak daude, baina hemen jende asko federatzen da. Inguruko mendietan herritar ugari ikusten ditugu joaten garen aldiro.  

Horixe da, beraz, Mendiriz Mendiren erronketako bat. Baina zein da konponbidea? Zer egin daiteke gazteak erakartzeko?

Z: Hori landu behar dugu gehienbat. Konponbidea ez da erraza, ez delako gure arazoa bakarrik, elkarte guztiak daude halatsu. Gazteak gustura aritzen dira mendian, baina euren kabuz. Egia da jendea gerora itzultzen dela taldera, 40 urte ingururekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!