Erreportajeak

«ETBn euskerazko eskaintzak zabalagoa beharko luke, gaztelaniazko azpidatziekin»

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 6a, 00:00
Urtzi Urkizu,'Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero' liburuarekin, Zinkoenean.

Hernanin bizi den Urtzi Urkizu (Lezo, 1975) Berriako kazetariak 'Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero' liburua argitaratu du. Bertan, batez ere, ETBk etorkizunean nora jo beharko lukeen aztertu du, 35 elkarrizketarekin. «ETB oso garrantzitsua da gure sisteman», dio.

Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero liburua argitaratu du Urtzi Urkizuk, eta bertan, batez ere, Euskal Telebistak etorkizunean nora jo beharko lukeen aztertu du. Hernanin bizi den kazetariak, telebistako hainbat aditu eta ariturekin, 35 elkarrizketaren bidez idatzi du liburua. «Azkenaldian hainbeste aldatu da telebistaren eta ikusentzunezkoen kontsumoa, liburua modu bat dela begiratzeko etorkizunera. ETB gure sisteman oso garrantzitsua da». Horren inguruan, maiatzaren erdialdean Biteri Kultur Etxean, eztabaida saio bat ere izango da liburuaren aurkezpenarekin batera, eta liburuko bi elkarrizketatu ere izango dira bertan.

Itziar Ituño aktoreak idatzitako hitzaurrearen ondoren, lehenengo atalean hastapenak jasotzen ditu liburuak, 1982garren urteko Urte Zahar eguneko lehenengo emisiotik hasita. «Baina gero gai ezberdinak lantzen dira. Gai horiek ez daude kronoligoki landuta. Gehiago dira elkarrizketa horietan jasotakoak, baina jende gehiagorekin hitz egin dut, eta gero helburua da begiratzea, errepaso kritiko batekin, etorkizunean nondik nora jo beharko lukeen».

Ekoiztetxeen kasuan, gaur egun zer egoeretan dauden jasotzen da, ETBrekin zer harreman duten, ETBn non dauden hutsuneak, entretenimenduko formatutan zer gabezia dituen euskerak... Gai asko eta mamitsuak jaso ditu Urtzi Urkizuk: «Gauzak denbora gutxian eta oso bizkor ari dira aldatzen ikus-entzunezkoetan».

«Edukiak euskeraz kontsumitzera bideratzen den denbora askoz ere txikiagoa da. Nahiz eta ahalegin haundia izan, zailago dauka euskal eskaintzak»

Urtzi Urkizuk parte hartuko du maiatzean Biterin izango den aurkezpen eta solasaldian.

 

ETB sortu zenean euskeraren normalkuntza zen helburuetako bat

ETB sortu zenean euskeraren normalkuntza zen helburuetako bat, eta oso garrantzitsua. Horren  inguruan ere asko hitz egiten da Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero liburuan. «Modu zuzenean edo zeharka, liburuak asko jotzen du ETBren hizkuntz politikara, eta ETB1ek eta ETB2k izan duten desorekara. ETB2n askoz ere indar gehiago jarri da, eta ETB1ek mendekotasun egoera horretan izan dituen zailtasunak aztertzen dira. Hizkuntza gutxitua da gurea, jende guztiak ez du euskera ulertzen, eta gaztelaniaz egiten denak beti du indar gehiago». Garazi Goiak, ikusentzunezkoetan adituak eta aholkulariak, honakoa aipatzen du: «ETBk egin beharko luke euskeraz ahalegin bikoitza edo hirukoitza, ezin delako parekatu euskeraren eta gazteleraren egorea. Hortaz, askoz ere indar haundiagoa jarri beharko litzateke euskerazko edukietan, ekoizpenean eta ahaleginean».

Herritarrek telebistarekiko duten pertzepzioa ere asko aldatu omen da. «Ez da gauza bera gaur egun Dragoi Bola jarri edo duela 33 urte jarri. Orduan Dragoi Bola euskeraz bakarrik ikusi zitekeen, eta horrek eragin haundia zeukan. A ereduko ikasleek ere euskeraz ikusten zuten eta horren bitartez zeukaten harreman bat euskerarekin. Gaur egun Dragoi Bola euskeraz jartzeak ez dauka eragin hori. Hainbestekoa da dagoen eskaintza, beste hizkuntzetan eta modutan (plataformak, sare sozialak, mugikorrak...), askoz ere zailagoa daukala ETBk jendearengana iristea. Gazteekin konektatzea ere zailagoa da, eta ez da bakarrik ETBren gauza». 

ETB sortu zenean ikusi zitekeen hirugarren katea zen (TVE1, TVE2 eta ETB1), eta horrek eragin zuen euskeraz audientzia ikaragarri haundia zela. «Gero sortu zen ETB2, 90eko hamarkadaren hasiera kate pribatuak sortu ziren, eta 2000ko hamarkadan, lurreko telebista digitalarekin, gaikako telebista kate pila sortu ziren. Hori areagotu egin da are gehiago, streaming plataformekin. Gainera, gazteak Tik Tok, Instagram edota YouTuben daude». Eskaintza guzti horren aurrean «edukiak euskeraz kontsumitzera dedikatzen den denbora askoz txikiagoa da», dio Urkizuk. Beraz, «nahiz eta ahalegin haundia izan zailagoa du euskerazko eskaintzak». 

ETBk aldaketa bat, gaur egungo garaietara egokitzapen bat egin beharko duela aipatzen da. «Estrategia sendo eta indartsu bat beharko da erakundeen aldetik, Eusko Jaurlaritzaren eta ETBren aldetik, euskerazko eskaintza izan dadin eraginkorra eta euskeraren normalizazioan izan dezan eragina. Adibidez, Kike Amonarrizek aipatzen du oso garrantzitsuak direla euskerazko ikusentzunezkoak, eta ETBk horretan rol inportantea duela. Era berean, dio herri adostasun bat behar dela herri honeta dio, indartsua izan dadin eskaintza hori, eta euskeraz egin daitezen ahalegin haundiak».  

«Euskadi Irratia da eredu on bat, bere datuak oso onak dira. Gipuzkoan gehien entzuten den irratia da, eta entzule euskaldunen artean erreferentziazkoa da»

«ETB2 bilakatu da erreferentzia, eta ETB1 atzetik doan kanala»

ETB sortutakoan, zer izan behar zuen adostutakoa eta gero izan duen bilakaera ezberdina izan da. ETB2 bilakatu da erreferentzia, eta ETB1 atzetik doan kanala. Conquistadorrek audientzi datu oso onak izan ditu sortu zenetik, baina «haratago» omen doa, dio Urkizuk: «Lehiaketetan erreferentziak espainiar kulturarenak dira. Horrek kontrastatzen du Mihiluzerekin. Lan haundia egiten du gazteekin, euskerarekin jolastera joaten dira, euskal kulturaren erreferenteak daude, eta gazte horien lagunek, lehengusuek, senideek ikusten dute, tarteka behintzat, programa hori euskeraz. Hor badago transmisio bat. ETB2ko lehiaketetan dagoen transmisioa kultura espainolarena da erabat. Ez da bakarrik El Conquistador del Fin del Mundoren kontu bat, ETB2ren eskaintzan egin beharko litzateke planteamendu berri bat. Ni ados nago Teleberri bezala gazteleniazko albistegi bat egotearekin, ondo dago telebista publikoan, baina gainontzeko eskaintzak askoz ere gehiago izan beharko luke euskeraz edo gaztelaniazko azpidatziekin».

Horren inguruan, Miren Nogales aurkezleak zera dio liburuan: Herri Txiki Infernu Handi grabatzera joaten direnean, herri askotan, jende erdalduna joaten omen da programa ikustera, interesarekin. «Zergatik ez eskaini Herri Txiki Infernu Handi ETB2n, gaztelaniazko azpidatziekin? Tarteka elkarrizketaturen bat erderaz ez litzateke pekatu bat. Zergatik egon behar du beti ETB1eko programazioak kirolen menpe? Kirolak ere eman daitezke ETB2n eta gaztelaniaz azpidatzi. Momentu puntual batzuetan hori egin da, baina gehiago egin zitekeen».

 

«ETB1 eta ETB2 oso aldenduta daude; Radio Euskadi eta Euskadi Irratiarekin ere berdina gertatzen da»

Etxe berdina izan arren, ETB1 eta ETB2 bata bestearengandik oso aldenduta daudenaren sentsazioa, askok bezala, nabaritu du Urtzi Urkizuk. «Radio Euskadi eta Euskadi Irratiarekin ere badirudi horrela gertatzen dela. Euskadi Irratia, adibidez, da eredu on bat, non euskal kulturari eta euskal komunitateari zerbitzua emateaz gain, begiratzen dion aurrez aurre, eta jorratzen dituen gaiak euskal kulturaren inguruan oso ondo. ETBn ez da ikusten gauza bera egiten denik. Gainera, Euskadi Irratiaren datuak oso onak dira. Gipuzkoan gehien entzuten den irratia da. Euskaldunen artean erreferentziazko irratia da herrialde guztietan. Iparraldean Euskal Irratia ere bai. Ez da gertatzen gauza bera ETBrekin. Jendeari galdetuz gero, beste erreferenteak dituzte, eta gehiagok esango dizute Netflix edo Amazon. Duela urte guxi arte Telecinco zen».

Eli Zunzunegi Kataluniako ETBko berriemailea ere elkarrizketatu du Urtzi Urkizuk, beste herrialde batzuetan egiten den telebistara ere begirada luzatuz. «Berak aipatzen du TV3en egiten duten ahalegina albistegietan gaietan sakontzeko, bertakoak lantzeko, eta tokiko albistegiren bat ere badaukate. Gainera, informazioari eskainitako kanal propioa dute, Noticies 3/24. Hori, adibidez, EH Bilduren proposamen bat izan zen ETBrentzako», azaldu du Urkizuk.

 

«Langileen artean egin zen inkesta batean, %75ak zioen informazioen ildo editoriala oso lerrokatuta zegoela 
Jaurlaritzako alderdiekin»

Alderdi politikoek telebista publikoan duten eskuhartzearen edo eraginaren inguruan ere irakurri daitezke hausnarketak Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero liburuan: ETBn zuzendari izan diren Luis Alberto Aranberri Amatiño (1984-1985 eta 1991-1999), Bingen Zupiria hernaniarra (1999-2009), Maite Iturbe (2013-2020) eta Unai Iparragirre (2021etik aurrera). «Zuzendaritza nagusiaren aukeraketaren inguruko eztabaida sakona eman behar da, beste herrialde batzuen gisan lehiaketa publiko bidez aukeratu daiteke. Duela sei-zazpi urte Eusko Legebiltzarrean zegoen lan talde bat ETBren erreforma integralari ekiteko, eta herritarren artean eta langileen artean inkestak egin zituzten. Langileen %75ak esaten zuen informazioaren ildo editoriala zegoela erabat lerrokatuta Jaurlaritzan dauden alderdiekin». 

Programazioaren inguruan, «umorezko programarik ez dago (TV3ko Polonia bezalako programarik ez dago), ez dago late nighteko saiorik euskeraz, ez dago eztabaida politikorik, helduentzako telesailik ez dago... Gaztelaniazko edukietan inbertitzen den dirua (El Conquis bezala) euskeraz falta diren formatuetara bideratuko balitz, askoz ere eskaintza zabalagoa izango genuke euskeraz».

 «Edukiak euskeraz kontsumitzera bideratzen den denbora askoz ere txikiagoa da. Nahiz eta ahalegin haundia izan, zailago dauka euskal eskaintzak»

«ETBn pelikula eta telesail gehienak gaztelerara bikoizten dira. Jendeak euskerazko bikoizketak entzuteko ohitura galdu du»

Audientziak aztertzen dituen atal bat dago liburuan. «ETB1en dauden saioen ikusle kopurua azaltzen da. %2a du ETB1ek. Pilota emanaldiek audientzia potoloa izaten dute, arraunak ere bai, eta azkeneko Kontxako Banderak audientzia ikusgarriak izan zituen. Gainontzeko eskaintzak, ordea, askoz txikiagoa dauka. Egun batzuetan, duela ez asko, astegunetan %1a baino gutxiago izan du». 

Datuak daudenetik, azkeneko 14 urteetan, ETB1en audientzia %2an mantendu da gutxi gorabehera. «Iñaki Yurrebasok aipatzen du, euskeraren erabilera beste arlo edo esparru batzuetan %10ekoa badela. Telebista ikusten %2a izatea oso seinale txarra da». ETB2k %8,6ko audientzia du. «Gaur egun T5 da gehien ikusten dena Euskal Herrian. Hala ere, asko jaitsi da azkeneko bi urteetan. Sálvame kendu izana asko nabaritu da. Albistegien aldetik, ETB2ko Teleberri da gehien ikusten dena, baina hor ere gorabeherak izaten dira. Antena 3ekoak ere nahiko datu onak izaten ditu. ETB1eko Gaur Egunek %2 hori gainditzen du. Euskaldunen artean ETB2ko Teleberria askoz ere gehiago ikusten dute, %23,8ko audientzia du euskera ulertzen dutenen artean, eta ETB1eko Gaur Egunek %9koa. Ordutegiak eta ohiturak ere eragin haundia dute, 21:00ak ordu hobea da, 20:00ak baino. Eguraldiak ere nahiko ongi funtzionatzen du».

Ohiturak ere eragin asko izaten omen du bikoizketarekin. «Dragoi Bola eta eduki batzuk euskeraz ikustera ohitu zen jendea, baina azken urteetan nazioarteko pelikulak eta telesail guztiak ETBk eskaini ditu gaztelaniara bikoiztuta. Horrek eragin du jendeak ohitura galdu izana edukiak euskerara bikoiztuta ikusteko. Jartzen dituztenean audientzi gutxi dutela esaten da, apusturik egin ez denean. Jendeak desafekzio bat dauka euskerara bikoiztutako edukiekin». 

Hasierako urteetan eta urte luzez hori ez zen gertatu, eta liburuan aitortza egiten zaio hasierako ETBri. «Lehenengo urtetan euskerarentzako oso garrantzitsua izan zen ETB, eta Txoria hodei artean. ETB lehen eta geron badago aitortza bat, aitzindari horiei, eta gaur egun ere euskerazko telebistan kalitatezko gauzak egiten dituztenei, nahiz eta gauza asko kontra izan. Barne produkzio gehiena ekoiztetxeetan egiten dute, eta baldintza zailetan, audientzien menpe, kontratu oso oso motzekin».

 

«ETBko albistegiak Tik Tokizatu egin dira; 'albiste bat, minutu bat' eredua hartu du»

Urtzi Urkizuk urteak daramatza audientziak eta telebista aztertzen. «Beste gai batzuei buruz ere idatzi dut, baina azkeneko hamaika urteetan nago espezializatuta komunikazio gaietan. Ez bakarrik ETB eta telebista. Plataformak, kazetaritza, irratiak podcastak... Mundu hori aztertzen dut». 

ETB beste telebista batzuekin alderatuz, liburuan anekdota bat kontatzen du, 2022ko Donostiako Zinemaldian gertatutakoa. «Estreinatzen zituzten bi dokumental, bat Bakearen Koordinakundearen ingurukoa (Gesto por la Paz) eta bestea Karpeta Urdinak. Estreinaldi horietan politikariak zeuden, eta jende garrantzitsua. Bideo dokumental horien berri emateko, aurkezleak segundu batzuez irudi batzuk eskaini zizkien, egileei ahotsik eman gabe. Aldiz, ezkontza bati erreportaje luze bat egin zioten. Donostiako Zinemaldiaren glamourra erakutsi nahirik, ezkontza bat ospatzen ari zen, eta mikroa haiei eskaini zieten albistegian. Ez zuen ez hanka eta ez buru. Gonbidatu anonimoak hizketan eta hizketan entzuten ziren telebista publikoan, eta aldiz, torturari buruzko dokumentala prestatzen sei urtez lanean aritu denari, bi hitz ere ez zizkioten ere eskaini. Bakearen Aldeko Koordinakundekoari ere ez». 

Urtzi Urkizu Berriako kazetari gazte bati ari zitzaion gertatutako hori kontatzen, eta orduan, ETBko albiestegietako kazetari beterano bat iritsi zen. Hori kontatu eta esan zuen: Bai, bai, albistegiak asko Tik Tokizatu egin dira. Telecinco, La Sexta... espainiar kate pribatuen albistegien bide hori da lehenetsi dena», Urkizuk nabarmendu duenez. 

«Albiste bat, minutu bat. Hori bai, eguraldiarekin edo elurra baldin badago, minutu hori asko luzatzen da», dio umorez. «Eredugarriagoak diren kazetaritza jokabideak badaude Europan bertan; Eskandinabiakoak, Frantziako telebista batzuenak, BBC bera... Gai bat hartzen dute, eta sakontzen dute erreportai batekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!