Trans ikusgarritasuna aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute gaur Hernanin, 'Zistema irauli' lelopean

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 2a, 00:00

Joan den urteko Trans Ikusgarritasunaren Eguneko manifestazioa, Izpizua kalean gora.

Loratuz Lotu elkarteak eta Buruntzaldeko Transmaribibollo Sareak antolatu dute, Trans Ikusgarritasunaren Eguna ospatzeko. Moio kaletik abiatuko dira arratsaldeko 19:00etan, eta herritar guztiei luzatu diete bat egiteko deia. 

Joan den igandea, martxoaren 31, izan da Trans Ikusgarritasunaren Eguna. Eta hori ospatzeko eta aldarrikatzeko, manifestazioa deitu dute gaur arratsalderako, Hernanin, Loratuz Lotu trans helduentzako elkarteak eta Buruntzaldeko Transmaribibollo Sareak.

Moio kalean jarri dute hitzordua, Urbieta kaleko oinezkoen zonaldearen ondoan, arratsaldeko 19:00etan; eta bertatik abiatuko dira 'Zistema irauli' lelopean, herriko kaleetan barrena. Deialdiarekin bat egin eta manifestazioan parte hartzera animatu dituzte herritar guztiak.

Joan den urtean ere egin zuten manifestazioa Hernanin, aldarrikapenez jantzita eta musikaz girotuta; eta jende asko bildu zen, honela zioen pankartaren atzean: 'Izan zirelako gara, garelako izango dira, zuei esker gara'.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!