Hernaniko Udalak ondorioztatu du Santa Barbaran «ez dela lixibatu isuririk egon»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 14a, 00:00
Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea, atzoko agerraldian. Argazkia: Foku.

Udalak ikerketa bat abiatu zuen Santa Barbarako konpostagunean atzemandako «ezohiko ur putzu» bat zela eta. Ikerketaren arabera, parametroak «mugen azpitik» daude.

Urte honetako urtarrilaren 16an idatzizko errekerimendu bat helarazi zion URA agentziak Hernaniko Udalari. Bertan adierazi zuen bertako langileek Santa Barbarako harrobira egindako ohiko ikuskapen batean «organikoen pilaketa bati zegozkion lixibatu isurketak» atzeman zituztela.

Hernaniko Udalak atzo jakinarazi zuen amaitu duela «ezohiko ur putzu» horretan egindako ikerketa, eta nabarmendu zuten bertan «ez dela lixibaturik egon»: «Auzo konpostaren prozesu guztian inplikatutako agenteak kontsultatu eta laborategian ur laginak ikertuta, Udalak ondorioztatu du Santa Barbarako konposta transferitzeko gunean ez dela ez lixibaturik ez bestelako kutsagarririk egon».

Xabier Lertxundi alkateak agerraldi batean eman zituen ikerketari buruzko argibideak, eta arratsaldean ezohiko udal batzordea elkartuta, emaitzen berri eman zien oposizioko ordezkariei. Lertxundik nabarmendu zuen «herritarren eta udal talde guztien aurrean une oro gardentasun osoz aritzeko hartutako konpromisoa».

Konposta egiteko prozedura «hobetzeko» neurriak hartuko ditu Hernaniko Udalak

Ikerketak lixibatuak izan zirela ezeztatzen duen arren, konposta egiteko sistemaren azken fasea «hobetu behar duela» ondorioztatu du Udalak: «Santa Barbarako biltegiak ez du estalperik, eta ikerketak ondorioztatu du beharrezkoa litzatekeela estalpe bat jartzea urarekin nahastu ez dadin».

Horrez gain, eragileen arteko koordinazioa hobetzeko asmoz, koordinazio mahai bat osatzeko proposamena egin du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!