Proiektuan esku hartu duten eragileen iritziak

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 9a, 00:00

UDALETIK ITSASO LEKUONA

Zeintzuk dira Auzoko Elkarrizketak proiektutik Udalak atera dituen ondorioak? 

Udalaren aldetik esan dezaket, Euskara Planean ere jasota dagoela euskeraren normalizazioa lantzeko gaur egun kontutan hartu behar dugula gure herrietan dagoen kultur aniztasuna. Aniztasun hori aitortu egin behar da, eta ikusarazi egin behar da, eta hortik abiatuta badauzkagu baldintza hobeak, euskeraren normalizazioari buruz hitz egiteko. Iruditzen zaigu horrelako espazioak sortu behar direla eta entzun behar dugu besteek ere zer daukaten esateko. Guretzako, beraz, oso garrantzitsua da horrelako plazak eskaintzea, herriko aniztasuna balioan jartzeko eta hortik abiatuta egin ahalko diegulako euskeratik urrun dauden horiei euskerara gerturatzeko bidea.

 

Baliagarria izan da Udalarentzat? 

Bai, balio haundia ematen diegu horrelako ekimenei. Hala ere, hau hasiera besterik ez da. Espazio bat eskaini zaio jendeari beren iritziak elkarbanatzeko, eta honek ematen diguna da hasiera bat bestelako lanketa posible batzuk egin ahal izateko. Interesgarria izan zen elkartu ginenean, ideia ugari atera zirela eta horietako bat izan zen espazio gehiago sortu behar direla jatorri ezberdinetako herritarren artean ezagutu ahal izateko. Oraindik egiteko asmo daude eta Udalak hor egon behar du, lehen lerroan behar horiei erantzun bat ematen.

 

AMHER ELKARTETIK FATIMA FERNÁNDEZ

Orain arte ez da horrelako proiekturik burutu Hernanin. Faltan bota duzue honelako dinamikak egitea?

Bai. Normalean ekintzez betetako agendak ditugu baina ekintza horietan gutxitan gara partaide (aktiboak) hausnartzeko, bizipenak partekatzeko, etabar. Hala ere, ez da nahikoa goiz bat euskera den bezelako gai oso sakonaz, behar bezela lantzeko hain jende eta esperientzia desberdinen artean.

 

Entzunak eta baloratuak sentitu dira proiektu honekin atzerritarrak?

Gure elkartetik gutxi joan ziren. Hortaz, ezin da estrapolatu horien iritzia gainontzeko etorkin guztietara. Badira ere seme-alabengatik euskara ezagutu nahi dutenak. Eta beste herritar askori bezala harrigarria egin zitzaien euskararen egoera.

 

Esperantza hitza aipatu zen Auzoko Elkarrizketan. Hitz polita, eta etorkizun haundikoa.

Esperantza hitzari dagokion garrantzia eman behar zaio. Hitzak berak edo kontzeptuak ez du ezer aldatzen ez badoa erantzukizun batekin lotuta. Alegia, bakoitzak, pertsona orori dagokigun erantzukizuna hartu eta ekin behar dugu. Beraz, garrantzitsua da ez pentsatzea goiz batekin bakarrik argitu dela gaia eta aldaketak egongo direla segituan.

 

DOBERA EUSKARA ELKARTETIK XABIER EZPONDA

Auzoko elkarrizketak proiektuan esku hartu duzue. Zein izan da bat egitearen arrazoia?

Topaguneak proiektua azaldu zigunean ez genuen zalantzarik eduki. Euskalgintzaren zailtasunetako bat izan da euskeratik urrun dauden horiekin konektatzea; euskera edo euskal mundua nola ikusten duten galdetzea, zergatik ez diren gerturatzen jakitea. Egitasmo honekin, helburu horri bete-betean erantzuten geniola ulertu genuen.

 
Zein ondorio atera dituzue proba pilotutik?

Euskal mundutik kanpo bizi direnek asko dutela esateko eta guk haiengandik ikasteko. «Euskal-burbujan» bizi garenok, ez gara konturatzen etorri berriek edo urteetan hemen bizi izan arren, euskeraz ikasi ez dutenek, euskera ikasteko izan ditzaketen zailtasunez. Herria euskalduntzea da gure helburua, baina beste hainbat (kanpo) faktore hartu beharko genituzke kontuan horretara iristeko. Eta egitasmo honek hori ikusteko aukera eskaini digu.

 
Garrantzitsua iruditzen zaizue horrelako ekimenetan parte hartzea? 

Ezinbestekoa. Gure egunerokoan euskeratik gertu bizi direnekin aritzen gara, edo behintzat euskerarekin atxikimendua dutenekin. Kasu honetan, euskera lehentasunen artean ez dutenekin aritu gara eta zenbait pista eman dizkigute pertsona horiengana iristeko. Horien artean egitasmo honekin guztiz lortu den bat, entzunak direla sentitzea.

 

Bizipenak barrutik

 

«Benetan aberasgarria eta anitza izan zen saioa»

Hernaniko hizkuntza aniztasunaren egoeraz jardun zuten otsailaren 24an, 'Auzoko elkarrizketak' egitasmoarekin, eta Mari Karmen Izagirre hernaniarrak bertan parte hartu zuenez, esperimentatutakoaz jardun du.

«Auzoko elkarrizketak ekimena amaitu zenean, eman zizkiguten txarteltxo batzuk eta bertan idatzi behar genuen, zer iruditu zitzaigun ekimena, eta nik idatzi nuen 'aberasgarria' hitza. Hala iruditu zitzaidalako. Batetik; normalean topo egiten ez dudan jendearekin elkartzeko eta iritziak partekatzeko aukera izan nuelako, euskera ardatz hartuta. Saioan ikusi nituen errealitate ugari daudela, oso ezberdinak. Garrantzia eman zitzaien hizkuntza gutxituei, eta ikusi nuen atzerritarrek ere zer nolako garrantzia ematen diete euskerari. Aniztasuna nagusitu zen Kulturarteko Plaza Feministan.

Parte hartzea sustatu genuen denon artean, eta egon zen momentu bat asko gustatu zitzaidana: emakume atzerritar batek esan zuenean saio horretan sentitu zela besteekiko berdina, hizkuntzari dagokionez, jarrerari dagokionez... Orduan, iruditzen zait beharrezkoa dela berdintasunean aritzea, jende ezberdina».

 

«Gizartea batzen dute horrelako ekimenek»

Marcial Agostini Hernanin bizi den argentinarrak ere 'Auzoko elkarrizketak' egitasmoan parte hartu zuen, eta bertan bizitakoak elkarbanatu nahi izan ditu.

«Oso interesgarria iruditu zitzaidan. Hasiera batean joan nintzen entzutera, baina bertako jendea ikusita, parte hartzeko gogoa sartu zitzaidan. Oso ideia ona iruditu zitzaidan jende euskalduna eta erdalduna gonbidatzea. Izan ere, euskera oinarri duten ekimenetan euskaldunak izaten dira gonbidatuak, eta noski hori ondo dago; baina kasu honetan ez zen horrela izan. Atzerritar ikuspuntutik, esan dezaket euskeraren inguruan egiten diren ekimenetatik urrun gaudela, eta horrelako elkarretaratzeek asko batzen dutela gizartea nolabait. Esperientzia ugari ezagutu genituen eta esan beharra dut, batez ere atzerritarrak ginela saioan.

Dudarik gabe horrelako ekimenak oso beharrezkoak dira, modu honetara, sortzen direlako espazio batzuk jendea erakartzen dutenak euskerara. Azkenean atzerritarrentzat ere euskeraren bidez integrazioa askoz ere errazagoa da. Nire aldetik, esan dezaket aportatu nuela ikuspuntua, atzerriko pertsona baten esperientzia eta ikuspuntu ezberdin bat».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!