Entzuteko ipuinak eskuragarri, Aratz Ikastolako ikasleen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 2a, 00:00

Aratzeko ikasleak beren liburuekin.

Ikasle bakoitzak bere ipuina grabatu zuen irakaslearen laguntzaz eta entzungai daude liburutegian.

Entzuteko ipuinak eskuragarri daude Biteriko liburutegian, Aratz Ikastolako ikasleen eskutik. 'Ikaskuntza eta zerbitzua'  irakasgaiaren baitan landutako proiektua izan da; bertan, lehenik, gizarteko beharrak identifikatu ohi dituzte, eta, ondoren, horri soluzio bat ematen saiatzen dira. Orain arte, hainbat proiektu eraman dituzte aurrera: odol emaileena, zero zabor hozkailuena, adineko pertsonekin jolasean aritzea... 

«Oraingo honetan, LH3ko ikasleak Hernaniko liburutegira joan ginen eta behar bat identifikatu genuen: entzuteko ipuinak falta ziren! Hernaniko liburuzainarekin hitz egin genuen eta berak ere behar hori sumatzen zuela komentatu zigun. Entzuteko ipuinak sortzeko ardura hartuko genukeen galdetu zigun eta guk erronkari baiezkoa eman genion», azaldu du ikastolak.

Ikasle bakoitzak liburutegiko ipuin bat hartu zuen, eta ikasi egin zuten entzuteko ipuinak nola egiten ziren, zein atal zituzten, eta ahotsak nola jarri. Bakoitzak bere ipuina grabatu zuen irakaslearen laguntzarekin, eta ondoren, QR kodigo bat sortu zuten ipuinean jartzeko: «Jada eskuragarri dituzue ipuinak liburutegian! Joan eta bilatu itzazue!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!