«Orain arte egindako lana oso ondo dago, baina oraindik geratzen da bidea egiteko»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 5a, 00:00

Milagros Narbarte goizuetarra, etxeko sukaldean, Kronikarako elkarrizketan.

Alaitasuna eta indarra transmititzen ditu Milagros Narbarte goizuetarrak. 82 urte beteko ditu aurten, baina herriko gazteekin harremana mantentzen jarraitzen du. Etxeko sukaldean elkartuta, lehengo eta oraingo garaiei buruz hitz egin du Narbartek Kronikarekin. 

Zer da zuretzat emakume izatea?

Niri gazte garaian erakutsi zidaten emakumeek balio zutela soilik lan jakin batzuk egiteko; etxean txintxo egoteko eta gizonak zaintzeko, ez besterik. Askatasuna beti zen oso mugatua, emakumeok ez ginen ia etxetik ateratzen, bertan amari lagundu eta sukaldeko lanak egin behar genituen, eta ateratzen ginen gehienetan mezara joateko izaten zen. Tabernara ere gizonak bakarrik joaten ziren. Igandeetan, adibidez, elizara joaten ginen goizean, eta beste orazio batzuk egiten genituen arratsaldean. Ondoren, dantzaldia izaten zen plazan, eta bertan aritzen ginen, baina han ere kontrolpean; dantza sueltoan aritu behar genuen derrigorrez, bestela zigortu egiten gintuzten. Izugarria zen egoera. Elizak oso lotuta zeukan guztia, estu gainera. Emakumea zanpatuta zegoen orokorrean, baziren etxetik irten ezin zutenak, mezetara besterik joaten ez zirenak. Guk garai horretan ez genuen beste errealitaterik ikusten, irakurtzen genuena ere erlijioarekin lotutakoa zen, eta dena zen muga horien barneko edukia. 

Egungo egoera oso bestelakoa da. Oraindik pertsona matxista asko dago gure artean, baina emakume bakoitzak bere lana, etxea, kotxea... izateko askatasuna dauka. Lehen ez zen horrela izaten. Askatasuna asko haunditu da zentzu guztietan; gaur egun elizara joan nahi ez duenak ez du joan beharrik. Hori errespetatu egin behar da, eta garrantzitsua da haurrei ideia horiek transmititzea, gerora bidea egiten jarrai dezaten. 

Pertsona heldua izanda, nola bizi izan duzu emakumeen ahalduntze prozesua eta mugimendu feministaren bilakaera?

Pixkanaka joan naiz aldaketak ulertzen. Hasieran gauza askok ematen zidaten atentzioa, baina gaur egun dena iruditzen zait normala. Orain dela 40 urte inguru bestelako pentsaera neukan, aurretik ikasitako eta barneratutako guztiak bertan jarraitzen zuelako. Adibidez, ikusten nituenean gazte batzuk egun argitan elkarri muxuak ematen, horrek atentzioa ematen zidan, eta neurekiko pentsatzen nuen; 'horiek ez al dute txoko hoberik izango...'. Orain badakit normala dela. Kontua da gure garaian oso gutxi hitz egiten zigutela sexualitateari buruz, hortik dator guztia. Gutxi ateratzen ginen kalera, eta bat batean gauzak azkar aldatzen ikusteak inpaktua sortzen du. Sekulakoa izan zen aldaketa. 

Nola ikusten duzu Goizuetako mugimendu feministaren egoera?

Oso oso ongi. Alaitasunarekin ari dira lanean, eta elkartasun haundia daukate edozein jarduera egiteko. Ni ere joatekoa naiz martxoaren 8ko afarira, apuntatu nintzen. Gainera, gazteek sekulako bizipoza ematen didate, asko gustatzen zait haiekin elkartzea. Ni beti izan naiz pertsona alaia, baina gaztetasuna eta gaztedia izatea herriarentzat ezinbestekoa da. Oso elkartuta daudela iruditzen zait, eta zintzotasunez doazela aurrera. Sekulako poza ematen dit horrek, ez niregatik bakarrik, baita datozenengatik ere. Ikusten dut bidea egingo dutela, eta elkarrekin jarraituko dutela lanean. Zoragarriak dira.  

Goizuetako emakume taldeak gomendatu digu elkarrizketa zuri egitea. Zergatik dela uste duzu?

Heldua naizelako izango da (barrez). Orain arte beste elkarrizketa batzuk ere egin ditut, eta haiek esan didatena sinetsi nahi dut. Esan izan didate euren pentsaera islatzen dudala. Gainera, badakit oso pertsona onak direla, eta barrendik esaten duten guztia egia dela. Hori sentitzen dut nik. Oso babestua sentitzen naiz guztien partetik, asko laguntzen naute edozerekin. Zintzotasuna eta aurrera egiteko gogoa dute, eta mutilek ere hori ontzat hartua daukatela iruditzen zait. 

Zer uste duzu gelditzen dela oraindik egiteko? 

Beno, beti izaten dira egitekoak, gauza guztietan. Nik askotan pentsatzen dut ea orain nora joan behar dugun, eta gauza asko etortzen zaizkit burura. Adibidez, politikagintzan ikusten ditut pertsona aski matxistak, eta hori aldatu behar dela uste dut. Hor ere ari dira emakumeak sartzen, baina gehiago egitea falta da. Orain arte egindako lan guztia oso ondo dago, baina geratzen da bidea egiteko. Oraindik emakume asko biziko dira lehengo garaietan bezala, eta horientzat onena da egindako lana ahalik eta gehien zabaltzea. 

Datozen belaunaldiei zer esango zenieke?

Errespetua sekula ez galtzeko. Bizitzako arlo guztietan behar da errespetua. Bestearen alderdian jartzea garrantzitsua da, horrek eramaten gaitu zintzotasunez jokatzera. Horrez gain, esango nieke sekula ez aritzeko gezurretan. Maitasunarekin eta errespetuarekin dena egin daiteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!