Suharri 'Paollak' Euskal Duatloiko finala jokatuko du bihar, Azpeitin

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 20a, 00:00

Zezen plazan, eguerdiko 12:00etatik aurrera lehiatuko da Ibai Soroa, Ugaitz Mugertza, Arkaitz Larrañaga, Xabier Zaldua eta Oier Kañamaresen aurka.

Suharri Rodriguez 'Paolla' herri kirolariak Euskal Duatloiko finala jokatuko du bihar, 12:00etan, Azpeitiko zezen plazan. Pasa den urtean hirugarren amaitu zuen, 33:29ko denborarekin, eta aurten ere onenen artean arituko da. Berarekin batera finalistak dira Ugaitz Mugertza, Ibai Soroa, Oier Kañamares, Arkaitz Jauregi eta Xabier Zaldua. Euskal Duatloi Saria herri kirol proba konbinatua da, hiru ariketaz osatzen dena, bi aizkora saio eta korrika saio bat. 2022an izan zuen aurreneko ekitaldia eta Ugaitz Mugertzak jantzi zuen txapela. Pasa den urtean Eneko Saralegik irabazi zuen, baina aurten ez da finalean izango. 

Finalistek 45 ontzako etzandako lau enbor ebaki beharko dituzte. Ondoren lau kilometro korrika egin beharko dituzte eta amaitzeko 45 ontzako zutikako lau enbor ebaki beharko dituzte. 

Kanporaketan, martxoan, 20 partehartzaile izan ziren Tolosan eta sei onenek lortu zuten finalerako txartela.  Ugaitz Mugertzak egin zuen denbora onena 14 minutu eta 20 segundurekin. Ondoren sailkatu ziren Ibai Soroa (15:14), Oier Kañamares (15:34), Arkaitz Jauregi (16:15), Suharri Paolla (16:30) eta Xabier Zaldua (16:38).

Suharrik finala borrokatua ikusten du: «Helburua aurreko postuetan ibiltzea izango da, nahiz eta garaipena zail xamarra ikusten dudan. Hala ere, saiatuko naiz. Sentsazioak kanporaketan baino hobeak dira eta dena ematera aterako naiz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!