Euskeraren arnasgunea da Ereñotzu, bertako bizilagunek euskeraz egiten baitute gehien; baina, era berean, gero eta gehiago dira auzora etorritako ereñotzuar berriak, euskeraz ez dakitenak. Hori horrela, 'Euskara eta kulturartekotasuna' proiektua jarri dute martxan Txirrita eskolaren inguruan, UEMAk gidatuta.
Horrekin, 'bertako-ez bertako' dikotomia apurtu nahi dute, eta gatazkak konpondu: euskeraz bizitzen jarraitu, baina euskeraz ez dakitenei erraztuz ulermena eta partehartzea, guraso bileretan adibidez.
Urritik ari da lanean talde bat, hainbat eragileren partehartzearekin: guraso euskaldunak eta erdaldunak, Katiluzar Guraso Elkartea, Ereñotzuko Auzo Udala, Olak Auzo Elkartea eta Hernaniko Udala. Eta orain arte landu dutena, ikastetxeko gurasoei aurkeztuko diete gaur: arratsaldeko 16:30etan, Txirrita eskolan bertan.
Aldibereko itzulpen zerbitzua izango da, eta baita zaintza zerbitzua ere. Meriendarik ez da faltako, gainera. Guraso guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea eta deia: «Oso garrantzitsua da ahalik eta guraso gehien bertaratzea», nabarmendu dute.