Erreportajeak

Elkar entzutea, euskeraz bizitzen segi eta kultur aniztasuna sustatzeko bidea

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 13a, 00:00
Proiektua martxan jartzeko, bat egin dute UEMAk, Ereñotzuko Auzo Udalak, Txirrita eskolako irakasleek eta zuzendaritzak, Katiluzar Guraso Elkarteak, Olak Auzo Elkarteak, Hernaniko Udalak, eta guraso euskaldunek zein erdaldunek.

'Euskara eta kulturartekotasuna' proiektua jarriko dute martxan Ereñotzuko Txirrita eskolan, UEMAren eskutik, 'bertako-ez bertako' dikotomia hautsi eta komunitate anitza eraikitzeko, euskeratik. Datorren asteazkenean aurkeztuko dute, 16:30etan hasita eskolan; eta guraso guzti-guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea eta deia.

Euskeraz bizitzen jarraitu, baina euskeraz ez dakitenak baztertu gabe, eta kultur aniztasuna sustatuz. Nola lortu hori? Zer egin inklusioa bultzatu eta komunitatea euskeratik eraikitzeko? Nola hautsi 'bertako-ez bertako' edo 'gu-haiek' bezalako dikotomiak?

Galdera horiei guztiei erantzuna bilatu nahian, hilabeteak daramazkite lanean Ereñotzun, 'Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan' proiektuarekin. Horren baitan bildu dira guraso euskaldunak eta erdaldunak, Katiluzar Guraso Elkarteko ordezkariak, Txirrita eskolako zuzendaritzako kideak eta irakasleak, Ereñotzuko Auzo Udaleko ordezkariak, Olak Auzo Elkartekoak, eta Hernaniko Udaleko euskera teknikaria. Guztiak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) gidaritzapean, Irati Odriozola Zugarramurdi UEMAko euskera teknikariaren eskutik.

Gogotsu, ilusioz eta umorez aritu dira elkarlanean, kezkei eta gatazkei konponbidea bilatu nahian; eta landutakoa argitara ateratzeko garaia dute orain: datorren asteazkenean, apirilaren 17an, aurkeztuko dute proiektua, Txirrita eskolako gurasoen aurrean. Eskolan bertan izango da, arratsaldeko 16:30etan hasita; euskeraz, baina aldibereko itzulpenarekin. Zaintza zerbitzua eta merendola ere izango dira, ahalik eta guraso gehien gerturatzeko eta denak ahalik eta erosoen egoteko. Horregatik, guraso guzti-guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea eta deia.

Eskolaren bueltan jarriko dute martxan proiektua orain, gerora auzo osora zabaltzeko asmoz. Izan ere, hezkuntza komunitatearen baitan sortu zen gaiaren inguruko kezka. Oraindik bide luzea dauka proiektuak egiteko, baina dagoeneko egin du ibilbide bat ere, eta izan ditu hainbat mugarri.
 

Kultur Aniztasunaren Astea, abiapuntua: emozioa, oilo ipurdia... eta hausnarketa

Bizpahiru urte egin dute atzera, prozesuaren jatorria azaltzeko, Katiluzar Guraso Elkarteko Olatz Iturri Soraluzek eta Ismene Bakedano Maidaganek. «Batzordeka dago antolatuta Katiluzar, eta komunitatearen arloan, kultur aniztasuna lantzen hasi ginenean, oso esperientzia polita izan genuen», azaldu du Ismenek. Olatzek eman dio segida kontakizunari: «Kultur Aniztasunaren Astea ospatzen hasi ginen, eskolaren laguntzarekin. Egun bakoitzean, kultura bat ezagutu genuen, eta horrek ekarri zuen atzerritik etorritako guraso eta familiekin elkarlan bat izatea. Oso polita izan zen. Sekulako lana egin zuten, ilusio haundiarekin, eta zenbait momentu oso bereziak izan ziren. Ikasle guztiak bildu ziren familia baten kulturaren inguruan, eta kasu askotan, haien seme edo alabak egiten zituen itzultzaile lanak, gurasoek esaten zutena ikaskideei azalduz. Oilo ipurdia jarri zitzaigun».

«Eskolan hasiko da proiektua, familiak eskolaren bueltan elkartzen direlako; baina ondoren auzo osoa inplikatzea da asmoa»


«Ekimen horrekin, sentitu genuen guraso horiek oso eskertuta zeudela proposatutako dinamikarekin», kontatu du Ismenek. «Orduan, gure artean komentatu genuen: 'Orain arte, non egon gara gu haientzat? Zenbateko tartea dago gure artean?' Egunerokoan ez zeuden gurekin, baina zerbait proposatu genien unean, sekulakoa izan zen, gertutasuna lortu genuen, eta oso oso eskertuta agertu ziren. Garbi ikusi genuen zerbait falta zela».

Guraso horietako asko ez ziren talde bileretara azaltzen, eta gai horri heldu nahi izan zion Katiluzarrek. «Kanpotik etorritakoek ez parte hartze hori, beti egon da airean, baina ez diogu sekula heldu. Tarteka norbait etortzen bazen, xuxurlari lanak egin eta itzultzen genion, puntualki. 'Begira gu ze jatorrak'. Baina ez genion galdetzen, adibidez, horrela eroso sentitzen ote zen», azaldu du Olatzek. Beraz, nola heldu gaiari behar bezala? Eta orduantxe izan zuten, mirari bat bailitzan, Zaldibiko eskolako kasuaren berri.

Zaldibiko eskola komunitatea, aitzindari eta eredu

Orain Ereñotzun martxan jartzera dijoazena, Zaldibian egin zuten aurrenekoz, duela bi urte, eskola komunitatearen bueltan. «Euskeraren arnasgunea da Zaldibia, baina ikaragarrizko aldaketa demografikoa eman da, eta jatorri atzerritarreko familia asko daude eskolan. Pixkanaka gaizki ulertuak sortu ziren familien artean, batzuek euskera hutsean funtzionatzen segi nahi zutelako, eta besteek, berriz, beraien seme-alaben eskolan zer gertatzen zen jakin, baina ez zuten ulertzen», azaldu du UEMAko Irati Odriozolak. Egoera kudeatu nahian jo zuten haiengana; eta UEMAk, «hizkuntzan aditua bai baina hezkuntzan ez» den aldetik, Huheziri eskatu zion laguntza. Horrela abiatu zuten proiektua, denek elkarrekin, komunikazio bide berriak asmatzeko; «betiere euskera ardatz izanik, eta euskeraz bizitzen jarraitzeko nahiarekin, baina keinu bat eginez kultur aniztasunari eta hizkuntza aniztasunari. Eskubidea bermatu nahi diegu familia guztiei, eskolako kontuez jakitun izateko eta euren seme-alaben hezkuntza prozesuaren parte izateko. Denok eman behar dugu zerbait, dena ez galtzeko».

Bilatu eta aurkitu zituzten komunikazio bide horiek; esaterako, bileretako aldibereko itzulpenak mugikorrekin, edota Telegram bidez norberak bere hizkuntzan mezuak jaso eta bidaltzeko aukera, besteek edozein hizkuntzatan idazten dutela ere. Eta pixkanaka, «hobetu» egin dira familien arteko harremanak: «Erosoago sentitzen dira, merendolak egiten dituzte elkarrekin, guraso asko euskera ikastera animatu dira...». Eskolan hasi, eta herri osora zabaldu zuten proiektua: «Udalak ere asmatu ditu komunikazio modu berriak, eta herri osoa kutsatu da».

Berehala ikusi zuen UEMAk, «beste herri askotan» ere bazegoela behar hori, eta zabaldu egin zuten proiektua. Une honetan, 15 bat herritan ari dira lantzen, eta eskola bakarreko arnasguneetan hasi ziren arren, beste herri tipologia batzuetan ari dira probatzen orain: eskola bat baino gehiagoko arnasguneetan zein udalerri euskaldunetan, esaterako. Azpeitian, adibidez, herri osoa ari da proiektua lantzen, bertako hiru eskoletan ekin baitiote. «Ikusi dugu, mota ezberdinetako herrietan eta eskoletan funtzionatzen duela», nabarmendu du UEMAko euskera teknikariak.

«Eskolan hasten da proiektua, errazagoa delako eta familiak eskolaren bueltan elkartzen direlako; baina herri osoa inplikatzea da ideia, eta logikoa da denek norabide berean jarraitzea. Ez da zentzuzkoa gero udaletxeak ikastaro bat antolatzea gaztelaniaz, denek ulertzen dutelako».

Ereñotzuarrek joan den urteko otsailean ezagutu zuten Zaldibiko proiektua gertutik, aldibereko itzulpen eta guzti.
 

Ereñotzu, bere eredu propioaren bila

Eskola komunitatetik abiatuko da proiektua Ereñotzun ere, bai­na auzo osora zabaltzeko asmo­arekin. Ereñotzu orain dela zenbait hamarkadatako berbera ez dela jakinik, eta 'bertako-ez bertako' gisako dikotomiak puskatzeko beharra ikusita, gaiari heldu zion Katiluzar Guraso El­karteak. Zaldibikoak ekarri zituzten iazko otsailean, haien es­perientziaren berri emateko au­zotarrei; eta hortik aurrera, bi­dea egiten hasi ziren: Katiluzarreko batzarrean onartu zuten proiektua martxan jartzea lehenik, Txirrita eskolako klaustroan ondoren, eta berehala jarri ziren harremanetan UEMArekin.

Talde eragilea osatu zuten orduan, eta urrian hasi ziren lanean, Ereñotzurako eredu propioaren bila: «Ereñotzu arnasgunea da, eta Zaldibiren antzekoa izan liteke, Baina horrek ez du esan nahi Ereñotzun erreplika bat egingo dugunik. Ziurrenik ez, herri bakoitzean eta eskola bakoitzean sortzen delako proiektu bat. Bakoitzak dauzka bere ezaugarriak, bere pertsonak, bere harremanak... Problematika kon­partitzen dugu, baina ezberdinak dira egoera soziolinguistikoak, de­mografia eta eskolak. Bilatu nahi ditugu denak erosoago sentitzeko bide berriak», dio Iratik.

Talde eragile horretan, guraso ez euskaldunen ordezkariak ere badaude, «interesatzen zaigulako entzutea nola sentitzen diren». Hori horrela, hasieratik egin dituzte bilerak aldibereko itzulpenarekin.

«Oso beharrezkoa da horrelako zerbait, kanpotik gatozenak isolatuta ez sentitzeko»

Guraso ez euskaldunetako bat da Josu González García, talde eragilean hasieratik aritu dena. Donostiarra izatez, familia erdaldunekoa, ez zuen euskera ikasi, eta 20 urtez bizi izan da Huescan, 2016an Ereñotzura etorri ziren arte. Bi seme-alabarekin etorri ziren (7 eta 4 urte): «Ez zekiten ezertxo ere euskeraz, eta zuzenean ikastolara joan ziren. Hasieran galduta ibili ziren, baina haurrak esponjak bezalakoak dira, eta oso azkar ikasi zuten». Berdin hirugarren haurrak, Ereñotzun bertan jaio zenak.

«Helduoi, ordea, gehiago kostatzen zaigu, eta zailtasun gehiago daukagu. Nik gutxi ulertzen dut euskeraz, eta bikoteak ere ez daki; gaztelaniaz eta errusieraz egiten du berak. Euskaltegian hasi ginen, baina gerora oso zaila zitzaigun horretarako denbora izatea, eta kalean entzuten duzunarekin bakarrik oso zaila da ikastea. Horrela, %90ak baino gehiagok euskeraz egiten duen toki batean, euskeraz jakin gabe galduta zabiltza. Eta horrelako proiektuak primerakoak dira», kontatu du Josuk.

«Ikaragarrizko borondatea daukate Ereñotzun, kohesio haundiagoa lortzeko, euskeraz bizitzen segitzeko baina denak aintzat hartuta»


«Hasierako eskolako bileretan, izaten zen norbait bere borondatez itzultzen zizuna, modu inprobisatuan. Gerora, hasi ziren proiektore batean gaztelaniaz jartzen, laburtuta, zertaz ari ziren hizketan. Beraz, nik euskeraz ulertzen dudan apurrarekin eta proiektorearekin, beste aurrerapauso bat izan zen. Baina proiektu honekin, aldibereko itzulpenarena martxan jarriz gero, adibidez, zoragarria litzateke», nabarmendu du. «Hitzaldiekin berdin gertatzen da; gaiarekiko interesa izan arren, azkenean ez gara joaten, badakigulako ez dugula nahi adina ulertuko. Gatazka sortzen da, bertakoek euren hizkuntzan hitz egiteko daukaten eskubidearen eta ulertzen ez dugunon enteratu nahiaren artean», azaldu du.

Zaldibiko proiektua ezagutzeko saioan izan zen Josu, eta gerora, talde eragilearen bileretan parte hartzeko deia egin zioten, guraso erdaldunen ikuspegia jasotzeko: «Oso beharrezkoa da horrelako zerbait, kanpotik gatozenak isolatuta ez sentitzeko. Oso polita eta eskuzabala da, euskaldunen aldetik, gu alboratuta ez geratzeko nahia erakustea eta proiektu hau martxan jartzeko lanean aritzea. Guztiontzat izango da ona, beraiek euren hizkuntzan bizitzen jarraitu ahal izateko, eta gu baztertuta ez geratzeko».

Horregatik, guraso erdaldunak aurkezpen saiora animatzeko lanetan ari da egunotan: «Hemen ia denek egiten dute euskeraz, hala bizi dira. Eta ez badugu guztiok gure aldetik jartzen, baztertuta geratu gaitezke. Gustatuko litzaidake guraso erdaldun guztiak joatea bilerara, gu ere inplikatzea, eta proiektuak aurrera egitea. Bilera bat edo hitzaldi bat dagoenean, pinganilloa jarri eta ulertuko duzula baldin badakizu, gogotsu joango zara. Uste dut ondo funtzionatuko duela», dio. Era berean, kontatu du berriro euskaltegian hasteko asmoa duela: «Etorkizunean pinganillorik behar ez banu, zoragarria litzateke!».

«Hizkuntza oztopoa denean, bide berriak bilatu behar ditugu harremanak hobetzeko»

Eskolan hasiko da proiektua, eta «pozik eta ilusio haundiz» heldu dio erronkari Txirritako zuzendaritzak eta irakaslegoak, Garbiñe Makatzaga Otxandorena zuzendariak azaldu duenez: «Zaldibiko eskolakoak etorri zirenean, Arantxa Lakadena irakaslea eta biok izan ginen saio horretan, eta asko gustatu zitzaigun haien esperientzia. Katiluzarreko gurasoen kezkarekin bat egiten genuen guk. Izan ere, eskolan bertan hasi ginen entzuten haurrak, patioan jolasean, gaztelaniaz hizketan; eta ez bakarrik guraso erdaldunen seme-alabak. Ohitura hartzen hasi ziren, jolasean ari zirenean gaztelera sartzeko. Eta kezka horrekin genbiltzala, gainera, Jokin Nazabalek, Hernaniko Udaleko euskera teknikariak, esan zigun euskeraren kale erabilera ikertu zutela, eta erabilera jaitsi egin zela Ereñotzun. Beraz, gurasoen kezka, guk patioan ikusitakoa eta ikerketak zioena ikusita, zuzendaritza proiektuan sartu genuen gaia».

Guraso bilerei dagokienez, azaldu du «zuzeneko gonbidapenak» helarazten zizkietela guraso erdaldunei, esanez xuxurlari bat egongo zela itzultzeko: «Baina batzuek gustura hartu dezaketen bezala, beste batzuk ez dira eroso sentitzen, itzultzailea ondoan edukita. Proiektu honetan erabili izan den tresnetako bat pinganilloa da, aldibereko itzulpenak egiteko; eta kasu horretan, itzultzailea gelaren beste leku batean dago. Gainera, guraso erdaldunek entzutea bakarrik ez, parte hartzea nahi dugu, talde dinamika sortzea».

Txirrita eskolaren bueltan abiatuko dute proiektua, eta guraso guzti-guztiei luzatu diete bertaratzeko deia.
 

Eskola txikia izanik, bileretara joaten ez diren gurasoengana hurbiltzen saiatu dira beti, beste modu batera: goizean eskolara joaten direnean, posta elektronikoz... «Baina ez da modurik egokiena». Banakako guraso bilerak ere egiten dituzte, haien kasuan erderaz. «Baina talde bilerak daudenean, komunitate bat osatze horretan, sentsazioa daukazu traba bat dela hizkuntza», dio Garbiñek.

Zentzu horretan, nabarmendu du «harremanak» direla berari «benetan ilusioa» pizten diotenak: «Hizkuntza ez dadila izan oztopo, horretarako. Hizkuntza oztopoa denean, bide berriak bilatu behar ditugu, eta proiektu hau da bide bat, gure arteko harremanak hobetu ditzakeena». Bide horretan, UEMAren gidaritza goraipatu du zuzendariak: «Oso ongi bideratu du proiektua, oso modu txukunean eta pausatuan dauka planteatuta, eta horrek lasaitasun haundia ematen digu. Gainera, prestatuta daukaten moduan, min batzuk kendu ditzake, elkar ulertzen saiatzeko. Horren baitan dago, adibidez, zergatik nahi dugun euskeraz bizitzen jarraitu, ez dela kaskagorkeria».
 

«Ikaragarrizko borondatea daukate Ereñotzun, eta oso sintonia polita dago talde eragilean»

Atzera ere izan ditu hitz politak UEMAko Irati Odriozolak, talde eragileko kideentzat: «Ilusio haundiarekin ikusi ditut denak. Ikaragarrizko borondatea daukate, auzoan kohesio haundiagoa lortzeko, euskeraz bizitzen segitzeko baina denak aintzat hartuta, abegikortasuna erdigunean jarrita... Oso sintonia polita dago talde eragilean, eta hasieratik umorearekin hartu dugu, umorea ere eskatzen baitu proiektu honek. Probatu egin behar dira bide batzuk, eta beste batzuk asmatu. Elkar entzunez, elkarrekin egonez, oso goxo ari gara Ereñotzun».

Horregatik, landutakoa gizarteratzea dagokien honetan, nahi dute «ahalik eta jende gehien» gerturatzea datorren asteazkeneko aurkezpenera: «Normalean guraso ereñotzuar eta euskaldunek hartzen dute parte gehienbat, eta joera hori apurtu nahi dugu. Beste gurasoak ere etorri daitezela, eroso sentituko direla. Aldaketa dator, eta inportantea da denak bertan izatea», nabarmendu du UEMAko teknikariak.

Saio horren ondoren, hasiko dira zenbait erabaki eta tresna inplementatzen eskolan: «Guraso bileretan aldaketa batzuk izango dira, eta idatziz komunikatzeko estiloa ere aldatuko da. Ikusiko dugu zein norabide hartzen duen proiektuak, baina denak erosoago egotea da helburua».

«Euskeraz bizitzen jarraitu nahi izatea ez da egoskorkeria, baina bertakoei dagokigu kanpotik datorrenari hori transmititzea»


Txirrita eskolako atarian, mahaitxo baten inguruan bilduta, datorren asteazkeneko aurkezpen saioaren garrantziaz aritu dira talde eragileko hainbat kide.


Datorren asteazkenean aurkeztuko dute, Txirrita eskolako guraso guztien aurrean, euskera eta kulturartekotasuna landuko
dituen proiektua. Zita baino astebete lehenago, eskolako atarian elkartu ditugu Irati Odriozola Zugarramurdi (UEMAko euskera teknikaria), eta proiektuaren talde eragilean aritu diren hiru guraso: Olatz Iturri Soraluze, Ismene Bakedano Maidagan eta Rodolfo Salazar Gil. Mahaitxo baten inguruan bilduta, sintonia polita nabari zaie solasean, eta irrikaz begiratzen diote aurkezpen saioari.

Olatz: Nik badaukat gogoa gauzak mahai gainean jartzeko; beste gurasoei honen berri eman eta erreakzioak ikusteko. Proiektu hau ez dago herri guztientzat egina, guk geurea sortu behar dugu. Hanka sartuko dugu, eta beste bide batzuk bilatu beharko ditugu; baina horretarako, azalera atera behar dugu.

Irati: Aurreneko saio horretako partehartzean datza proiektuaren arrakasta. Guraso asko etortzen badira, horren berri izango dute, familia askotara iritsiko gara, eta ilusioa pizteko aukera izango dugu. Gutxi etorriz gero, zabaltzen lan haundia egin behar da, bileretan berrikuntzak inplementatzen hasi eta guraso askok ez dute jakingo nondik datorren hau guztia... Aurreneko saioan goxo hasten bagara eta komunitateak konbentzituta heltzen badio, beste indar batekin ekingo diogu.

Rodolfo: Niretzat prozesu luze bat da hau, eta horregatik, badirudi piezak falta zaizkigula guztia ulertzeko. Baina orain garrantzitsuena da jarraipena ematea elkarrekin, bide luze hori egin ahal izateko.

Olatz: Ikasi egin beharko dugu, bakoitzak beretik jarrita. Adibidez, berehala erderara pasatzeko tentazioari eutsi behar diogu. Batzuetan, Rodolfok gaztelaniaz egiten badit, gaztelaniaz erantzuten diot; eta ez du horrela behar, nik euskeraz eginda elkar ulertzen baitugu. Pinganillotik hitz egiteak ere oso erraza ematen du, baina ni ez nintzen gai izan...

Ismene: Norberaren proposamenak, askotan, nork bere aldetik begiratuta izaten dira, eta kostatzen zaigu bestearen tokian eta egoeran jartzea. Zentzu horretan asko ari gara ikasten. Esfortzu bat eskatzen digun horretan, atzera egin ohi dugu. Baina horrela ez da zubia eraikitzen. Eta zubi hori eraiki behar dugu maitasunetik eta gogotik. Kontraesanak astindu behar ditugu.

Irati: Ez da bide erosoa, ezta deserosoa ere, eta ez dator deserosotasunak sortzera. Eraikitzera dator, baina denok daukagu gure istorioa, hizkuntza delako barrenak ikutzen dizkigun zerbait. Bakoitzak dauka bere hizkuntza ibilbidea. Bidearen amaiera polita da, baina ez du esan nahi bidea erosoa izango denik. Lana eta inplikazioa eskatzen du.

Ismene: Gai hau mahai gaineratu zenean, guraso elkartean batzarrera eraman genuen; ezin genuen lau lagunen artean eraman: denok batera egin behar genuen arre edo so. Horrelako proiektu batek eskatzen du komunitate osoaren nahia, esfortzua, lanketa eta konpromezua. Klabeetako bat da norbanakoak hartzea bere konpromezu hori. Belarriprest edo Ahobizi izatea norbanakoaren konpromezua den bezalaxe, kasu honetan ere, arrakastaren zati haundi bat izango da euskaldun hiztunek konpromezu hori hartzea; ez da hainbeste euskeraz ez dakitenen aldetik. Euskaldunak gaude egoera erosoago batean.

Rodolfo: Oso baliotsua da proiektu honek helarazten dizun mezua. Hona iristen gara euskeraz jakin gabe, eta migranteak gara. Bizi zaren komunitateak saiakera egitea ez soilik zu integratzeko, baizik eta hartu-emana izateko, esfortzu bat eginez, ekintza txikiez gain proiektu haundiago eta konplexuago bat martxan jarriz... Horrek barrena ikutzen dizu. Oso pozgarria da hori martxan jartze hutsa. Eta hortik etorriko den emaitza, gehigarri bat izango da. Konplexua da proiektua, ez baita soilik hizkuntza, baita migrante bakoitzaren egoera eta kultura ere. Komunitatearen bizitzaren inguruan eraiki behar dugu proiektu hau, ez kanpotik etorri garenon inguruan.

Irati: Ismenek aipatu du euskaldunak gaudela egoera erosoago batean, eta egia da Ereñotzun, arnasgunea izanik, euskal hiztunek badugula nolabaiteko pribilegio bat; baina ez dugu ahaztu behar hiztun zapalduak ere bagarela. Horregatik, esfortzu bat ere eskatzen dugu, kanpotik datorrenak euskera ikas dezan, eta horretarako baliabideak jarriko ditugu.

Rodolfo: Horrexegatik iruditzen zait horren garrantzitsua euskera ikastea. Hizkuntza da tresnarik onena komunitatean ahalik eta modurik sakonenean barneratzeko. Ez baduzu hizkuntzaren gozotasuna ulertzen eta horretaz gozatzen, zailagoa da kultura horretako gauza gehiago ezagutzea. Nik bost urte daramazkit hemen. Mexikon hasi nintzen euskera ikasten, eta hemen bi urtez aritu naiz euskaltegian, baina eten egin behar izan nuen etxean lan asko nuelako. Asko ulertzen dut, komunitateko jendeak laguntzen didalako, eta nire bikotea euskalduna delako. Etxean umearekin euskeraz hitz egiten dugu, eta parkean ere berdin, edo beste guraso batzuekin elkartzean.

Irati: Lortu behar dugu, kanpotik etorritakoek beraienari eustea, eta norberak bere seme-alabei transmititzea eta erakustea bere jatorrizko hizkuntza eta kultura; baina eskubidea ematea euskaldun ere izateko, leku bat baino gehiagokoa sentitzeko.

Rodolfo: Nire semea hala sentitzen da, ereñotzuarra eta mexikarra.

Irati: 'Haiek' eta 'gu' bezalako dikotomiak hautsi behar ditugu.

Ismene: Bai, eta komunitatearen parte sentitu daitezela.

Olatz: Horretarako, elkar entzutea da ezinbestekoa. Bertakoek entzun behar dugu kanpotik etorritakoak nola sentitzen diren; eta era berean, azaldu behar diegu zergatik jarraitu nahi dugun euskeraz bizitzen. Ez dela egoskorkeria. Gure ardura da hori transmititzea. Kanpotik datorre­nak hori ez daki, eta pentsatu lezake 'a ze neska egoskorra, gaztelaniaz ere badaki eta'.

Irati: Integrazio hitzak dakar be­­ti alde batek egitea ahalegina. Inklusioa da hitza, denok elkarrekin sortuko dugulako bes­te gizarte bat, euskeratik. Hori da proiektu honek lortu nahi duena.

Rodolfo: Ereñotzun komunitatea eraiki, zaindu eta lantzen da, eta horrek mantentzen du bizirik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!