51 postu izango ditu Sortzailien Azokak gaur, Joseba Barandiaran plazan eta Kale Nagusian

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 21a, 00:00
Herriko sortzaileen postuek hartuko dute Astigarragako erdigunea berriro.

Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 18:30etara egongo da azoka zabalik, aurreko urteetako postuen bikoitzarekin. 19:00etan, zozketa eta kontzertua izango dira Emakumeon Plazan.

Laugarren edizioa izango du Sortzailien Azokak, gaur, Astigarragan. Eta ez da nolanahikoa izango azoka, inoiz baino postu gehiago jarriko baitituzte. Zehazki, 51 postu izango dira, aurreko hiru edizioetakoen bikoitza.

Bi gunetan jarriko dituzte azokako postuak: Joseba Barandiaran plazan eta Kale Nagusian. Horietan, denetik topatuko dute bisitariek: pitxiak, arropa, janaria, poltsak, panpinak, xaboiak, kremak...

Goizeko 11:00etan irekiko dituzte azokako postuak, eta tarte luzez izango da horiek bisitatzeko aukera, arratsaldeko 18:30ak arte. Sortzaileen lana ezagutu eta haien produktuak erosteko aukera izango dute bisitariek.

Zozketa eta kontzertua, azoka borobiltzeko

Gainera, behin azokako postuak itxita, Emakumeon Plazan jarraituko du festak. Izan ere, arratsaldeko 19:00etan zozketa egingo dute bertan, azokan erosi dutenen artean; eta kontzertua izango da segidan.

Astigarragako Gazte Asanbladak antolatu du azoka, «gertuko kontsumoa bultzatzeko asmoz eta kapitalismotik urruntzeko gogoz», nabarmendu dutenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!