Haurreskolan plaza berriak sortzeagatik 378.000 euro, Udalari

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 20a, 00:00

2022an, Kiriketa haurreskola egun duen lokalera lekualdatu zuten.

Kiriketa haurreskolako lokal berria zabaldu zenean 21 plaza berri sortzeagatik lortu du dirulaguntza, Europar Batasunetik.

2022ko apirilean, Astigarragako Kiriketa haurreskola lekualdatu zuten, zentroko hezitzaileekin batera, haurreskola berriaren diseinua lantzeko, aurrez egindako prozesu baten ondoren. Eta Udalak, haurreskola berria jartzeko lokala egokitu zuen, «herriaren hazkundeari eta jaiotza-tasaren hazkundeari erantzuna emateko». Hala, zeudenak baino 21 plaza gehiago sortu zituen Astigarragako Udalak, eta horretarako 1.288.436,22 euro inbertitu zituen, eta baita haurreskola berria martxan jartzeko ere. 

Europar Batasunaren Next Generation planaren baitan, dirulaguntza sorta bat zabaldu zen, hezkuntza-sistemaren modernizazioa eta digitalizazioa sustatzeko eta sorta honen baitan, HHko lehen zikloan titulartasun publikoko plaza berria sortzeko programa ere abiarazi zen. Hori horrela, Astigarragako Udalak programa horren baitan, 21 plaza berri sortzeagatik, 378.000 euro lortu ditu. 

Modu honetara, 378.000 euro eskuratuta, haurreskola berriaren inbertsio guztiaren ia %30a berreskuratzea lortu du Astigarragako Udalak, «egindako kudeaketa politiko eraginkorrari esker», aditzera eman duenez.

Amaitzeko, Udalak jakinarazi du lanean jarraituko duela «herriaren eta herritarren beharrak asetzeko eta zerbitzuak egokitzeko. Horretarako, diru publikoaren erabilera eta kudeaketa ahalik eta zuhur eta eraginkorrena burutzen saiatuko gara».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!