Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Astelehena2019ko abuztuak 19

Hernani
sos errefuxiatuak hernani

2016/12/27, asteartea

«Azken bultzada behar dugu, furgoneta ordaintzeko»

Furgoneta ikusgai jarriko dute bihartik aurrera Agustinetako Plazan. Hernaniarrei eskerrak eman  dizkiete izandako eskuzabaltasunagatik.

SOS Errefuxiatuak Hernani tal­dea jaioberrientzako esnea biltzen aritu zen herrian, joan den astean. Kepa Alvarez hernaniarra Grezian izana da; Atenasen zehazki, Ellinikoko kanpaleku eta squatsetan la­ne­nan izan da, errefuxiatu­entzako elikagaiak eta materiala gordetzen dituen biltegi­an. Hernanira bueltan, bi helburu izan ditu: «garraiobidea eta esnea behar dituzte, batez ere han. Beraz, horiek lortzeko lana egingo dugu». Furgoneta bat erosi, eta esnez beteta bueltan Ellinikora eramatea izan da SOS Erre­fu­xiatuak Her­naniren helburua, eta bilketa asteazkenetik ostiralera egin dute Biterin.
Bihartik aurrera gainera, furgoneta ikusgai jarriko dute Zinkoenean, Agustinetako pla­zan, bilketaren arrakasta eta hernaniarren eskuzabaltasuna erakusteko asmoz».

«Esne asko bildu dugu»
Kepa Alvarezek Kronikari azal­­du dionez, hiru egunetan esne asko bildu dute: «esker hi­tzak besterik ez ditugu. Esne pila bat bildu dugu, leku askota­tik etorri dira».

«Furgonetaren %60a ordaintzeko dirua jaso dugu momentuz»
Aipatu bezala, esne bilketaz gain, Siriara furgoneta bat erama­tea ere bada SOS Erre­fu­xiatuak Hernaniren hel­burua. Hala, erosi berri duten furgonetarako dirua biltzen ari dira oraindik: «hau da proiektuarekin bat egiteko beste modu bat. Furgoneta Alemanian erosi behar izan dugu merkeagoa zelako, Atenasen ingurumena babesteko ziurtagiria daukan ibilgailua behar zelako». Orain arte egindako aportazioekin furgonetaren kostuaren %60 inguru jaso dutela azaldu dio Kronikari Kepa Alvarezek. Hori horrela, hernaniarrei azken bultzada, esfortzua eskatu die: «ahalik eta jende gehien konbentzitu nahi dugu laguntzeko». Ban­kentxean kontua ireki dute: ES16 0138 00 1950 0010778930/BIC BKOAES22XXX/ Titularra da: Kepa Alvarez Baz SOS Refugiados Hernani.

Esker hitzak, errefuxiatuentzat
Bilketa eginda, eta furgoneta ordaintzen bukatzeko %40­a­ren faltan, gutun bat idatzi dute SOS Errefuxiatuak Her­na­niko Alvarezek eskerrak emanez. Besteak beste, honela dio gutunak: «Furgoneta garajean utzi dugu, emozioak puri-purian ditugula, malkoei alfer-alferrik eutsi nahian... bi hilabete eta gero, etxera bueltan naiz emaztearekin... eta oraindik badugu  nahikoa indar, SOS Erre­fuxiatuak Hernaniren izenean eskerrak emateko.
Gure esker hitzak gaur Grezian eta beste hainbat lekutan dauden errefuxiatuentzat dira. Zatozen lekutik zatozela, eskerrik asko boluntario taldekideoi eta hernaniarroi eman diguzuen aukeragatik. Aitzakia ederra izan dugu beste behin, Euskal He­rriko txoko honen irribarrerik onena ezagutzeko, gure herritarren borondatea ezagutzeko.
Eskerrik asko, Orio, Bilbo, Ortuella, Errioxa, Iruñea eta beste hainbat herrietatik Hernanira gerturatu diren guztiei. Eskerrik asko haurren biberoiak betetzeko esnea ekartzera gerturatzeagatik. Zein ziren jakin ez arren, bazekiten Hernanin bazela ero talde bat, ilusioz gainezka, zuen bizitza hobetzeko soluzio txiki bat eskuartean zuena.
Eskerrik asko baita ere gure ingurukoekin dugun harremana sendotzen lagundu izanagatik:  koadrilakoekin, bizilagunekin, senitartekoekin... Zuei eskerrak hau guztia askoz intentsuagoa eta atseginagoa izan da.
Gaia aldatuz, Gabonak pasa eta bi astetara izango dugu, gutxi gorabehera  balantze ekonomikoa; kontu guztiak aurkeztuko ditugu. Medio ezberdinen bitartez egingo da publiko, prentsa lokala tarteko.
Orain Atenasera egingo dugun bidaia ari gara presta­tzen; eta baita ere, furgoneta eta jasotako esnea entregatzeko modua».