Bi garaipen eder txuri-berdeek, Zubipen

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 15a, 02:00

Ederra izan zen joan den la­runbata, Zu­­bipen! Txuri-berdeen bi ga­rai­­pen haundi bizitu zi­­tuen Her­naniko zelaiak: Eus­kal Ligako neskena, eta Liga Na­zionaleko mutil jubenilena. Biek lortu zuten etxeko aurreneko garaipena, denboraldian.

Liga hasieran paretsu dabilen talde bat hartu zuen Euskal Ligako taldeak, Lakua arabarra; eta aurrera atera zuten partidu berdindua, puntuak pilatzen jarraitzeko. 1-0 nagusitu ziren txuri-berdeak, Enirek lortutako golari esker, bolada onari segida emanez: aurreneko partidua galdu zutenetik, bi berdindu eta beste bi irabazi dituzte, eta zortzigarren postura igo dira, sailkapenean.

Antzeko ibilbidea egin dute Liga Nazionaleko jubenilek ere, orain arte. Denboraldia pattal hasi ondoren (hiru porrota), buelta eman diote egoerari, eta larunbateko garaipena izan da horren erakusle: Athletic liderra hartu zuten mendean Zu­bipen (2-1), aurreko bi asteetako garaipen eta berdinketa ba­nari hiru puntu gehitzeko. Talde bilbotarra aurreratu zen markagailuan, baina lanean segi, eta buelta ematea lortu zu­ten txuri-berdeek: penaltiz ber­dindu zuen Roscok 70ean, 84an irauli zuen markagailua Eduk. Gainera, bat gutxiagorekin ge­ratu arren, lortu zuen emai­tzari eustea, Hernanik.


Mundarrok eta Hernanik galdu, mutil erregionaletan

Etxetik kanpo aritu ziren, aldiz, erregional mailako mutilen tal­de nagusiak; eta bestelakoa izan zen emaitza: galdu egin zuen Hernanik, ohorezko mailan; eta porrota jaso zuen Mun­­darrok ere, preferenteetan.

Partidu zaila zeukaten txuri-berdeek, Deban, Amaikak Bat taldearen kontra. Sailkape­ne­an berdinduta egon arren, jokatutako bi partiduak irabazita ze­goen etxeko taldea, Errotazar ze­laian; eta bertan geratu ziren hiru puntuak, berriro, larunbatean: 2-0 na­gu­situ zen Amai­kak Bat, Her­na­niren kontra. Etxe­tik kanpo aurreneko porrota dute hori, txuri-berdeek; eta indar pixka bat galdu arren, aurreneko pos­tuen borrokan jarraitzen dute, seigarren postuan.

Oraindik ere konpromiso zailagoa zeukan Mundarrok, erregional preferenteetan,?Vas­conia liderrari egin baitzion bisita, larunbatean. Eta ondo aritu arren, porrota jaso zuten moreek (2-0), Puion. Intentsoa bezain parekatua izan zen partiduaren hasiera, baina gol au­kera garbirik gabe. Aurreneko zatiaren bukaeran eman zuen pauso bat aurrera Mundarrok, kontrarioen zelaian baloi ugari lapurtuz, baina ez zuten asmatu azkeneko metroetan, arriskua sortzen.

Horrelaxe ekin zioten bigarren zatiari ere, aukerak izan bai, baina ezin asmatu. Kon­tra­rioak izan ziren, 60garren minutuan, astigartarren akats bat aprobetxatu zutenak, markagailuan aurreratzeko. Lortu zuen Mundarrok, aurreko sen­tsazioak berreskuratzea, eta oso gertu izan zuen berdinketa, bost minuturen faltan: zutoinera jaurti zuten. Baina hu­rrengo jokaldian, beste akats bat aprobetxatu, eta bigarren gola lortu zuten donostiarrek, partidua erabakita uzteko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!