Ia partidu guztiak irabazita, asteburu bikaina izan dute bailarako pelotariek, Gipuzkoakoan

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 15a, 02:00

Bikaina izan da asteburua, ia borobila, bailarako pelotarien­tzat, Gipuzkoako Txapelketan. Hamabi partidu izan dituzte, eskuz zein palaz, eta horietatik bederatzi irabazi.

Garaipen garrantzitsuak lor­tu zituzten, eskuz. Nagusietan, partidu zaila irabazi zuten, ondo irabazi ere, ohorezko mailakoa: 22-11 nagusitu ziren Hodei Expo­sito astigartarra eta Markel Li­zeaga hernaniarra, Tolosako bi­kotearen kontra. Horrela, bere multzoko lider jarraitzen du Her­nanik, eta ia ziurtatuta dau­ka semifinaletara pasea.

Nagusien bigarren mailan, garaipen klabea lortu zuten Harri Loi­di eta Jokin Santxez astigartarrek, Epleren kontra. 22-11 nagusitu ziren Errente­rian, eta bizi-bizirik jarraitzen dute, bi partiduren faltan.

Eta irabazi egin zuten Ariz­mendi eta Zugasti hernaniarrek ere, nagusien hirugarren mailan, Tolosaren kontra (22-20). Jo­katutako lau partiduak irabazi dituzte, orain arte.

Eskuz, nagusien ohorezko mailan, ia ziurtatu dute semifinaletara pasea, Expositok eta Lizeagak.

Jokatutako guztiak irabazita daude, Ekain eta Eñaut Lizeaga anaia astigartarrak ere. Lider­tza zeukaten jokoan, Tolosaren kontra, ligaxkako azkeneko jardunaldian; eta 22-11 nagusitu ziren, Txomiñenen, aurreneko postua ziurtatzeko.

Gainerako partiduetan, jo­ka­tu gabe irabazi zuten Uitzi eta Apaolaza jubenil hernaniarrek, ez baitziren aurkeztu Aloña Men­dikoak; eta 22-21 nagusitu zi­­ren partidu garrantzitsuan Deskar­ga eta Alegria kadeteak, Alde Za­harraren kontra, bost partidutik bosgarrena irabazteko.

Kadete mailako beste biak, galdu egin dituzte. Porrota jaso zuten Arluziagak eta Etxarri hernaniarrek, lehenengo mailan, li­gax­­karen azkeneko partiduan: 19-22 gal­du zuten Azkoi­tiaren kontra, eta azken fasetik kanpo geratu dira. Eta galdu egin zuten Urdangarin eta Saralegi astigartarrek ere, bigarren mailan, Tolosaren kontra (8-22).


Hirugarren mailako palistek pleno, asteburuan

Palisten artean, berriz, mutil nagusien hirugarren mailakoek izan dute asteburu borobila. Hiru partiduak irabazi dituzte: Ganix Urdangarin eta Beñat Zubiarrain astigartarrek, 25-12 irabazi zioten Lizardiri; Mikel Manterola eta Ander Arandia her­naniarrek 25-11, Urnietari; eta Alain?Agirre eta Beñat Gar­men­dia hernaniarrek 25-20, Az­koi­tia­ri. Emaitza horiekin, au­ke­ra daukate hiru bikoteek, oraindik, aurrera egiteko. Aukerarik gabe geratu direnak, bigarren mailako hernaniarrak dira. Izan ere, 12-25 galdu zuten Endika Ra­mosek eta Aiheko Zubimendik, Altzatarraren kontra; eta ihes egin diete, sailkapenean.


Irun Hiriko finaletik kanpo, Aiheko Zubimendi

Beste porrota bat ere jaso zuen Zubimendik, baina Irun Hiria txapelketan. Semifinala zeukan jokoan, Epelderekin, Zabala eta Arronizen kontra; eta 19-25 gal­du zuen. Finaletik kanpo geratu da hernaniarra, beraz.

Eskuz ere jokatu dute txapel­keta pribatuetan, joan den as­te­buruan. Eta horietan ere, oso onak izan dira emaitzak, Jose­txo Ezkurra memorialean: ga­rai­pe­na lortu zuten Legarretak eta Enaitz Artolak, eta Iturbek eta Azpeitiak, Iruritan; Jon Jarak eta Eskuzak Amaiurren; eta Unax Uitzik eta Astigarragak, Elizon­don. Garaiarrek eta Etxarrik jaso zuten porrota, Amaiurren. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!