Aizkora eta sega apustua, 'Larra'k eta 'Basozabal'ek

Kronika - Erredakzioa 2019ko ira. 14a, 02:00

Apustu plaza bilakatuko dute Jauregi jatetxeko zelaia, berriro, datorren hilabetean. Urria­ren 13rako jarri dute zita, Jon Larra­ñaga Larra hernaniarrak eta Jokin Urretabizkaia Basozabal donostiarrak, aizkol-sega desa­fioa jokatzeko.

Eguerdiko 12:00etan hasita, zortzina kanaerdiko moztu be­harko dituzte aurrena; eta se­gan 800 metro karratu belar moztu, ondoren. Bi lanak egiteko denbora gutxien behar duen kirolaria nagusituko da, eta beraren­tzat izango da jokatutako diru kopurua: 3.000 euro jarriko ditu jokoan, bakoitzak.


Pago berdeko enborrak, eta 200 metro karratuko lau belar sail

Apustuan moztu beharreko en­borrak, Basozabalek aurkeztuko ditu. Pago berdekoak izango di­ra, azal eta guzti, gutxienez 0,9 metroko luzera dutenak eta bis­tan adarrik gabekoak.

Aizkora lanerako, bi lagun­tzaile izango ditu partehartzaile bakoitzak, eta horietako batek, makilarekin markatu dezake, bai­na ezpala kendu gabe. 

Zortzi enborrak moztean, eta sega la­ne­an hasteko mo­men­tu­an, la­guntzaileetako bat ordezkatu ahal izango dute, hi­ruga­rren batekin. Horrela, la­gun­tzai­le ariko da bat, eta zorroztaile beste bat. Pikatzaile bana ere eraman dezakete, segak kaltetu edo izorratuz gero konpontzeko; eta lau eskuarezale ere eraman beharko dituzte, moztutako be­larra biltzeko. Hiru sega erabili ahal izango ditu, bakoitzak.

Segarekin, 200 metro karratuko launa belar sail moztu be­har­ko dituzte, nahi duten mo­duan, kontra mailan izan ezik. Gainera, hasitako maila bukatu egin beharko dute, hu­rren­goa­rekin hasi aurretik. Moz­ke­ta­ren txukuntasuna ere baloratuko da, eta behar bezain txukun moz­tu ezean, denbora penalizazioak jasoko dituzte. Lan ho­rretan ari­ko dira, Gipuzkoako He­rri Kirol Federazioko epaileak. 

Bi kirolariek dute apustua atzeratzeko aukera, astebete ge­hienez, gaixotasunagatik bada eta medikuaren ziurtagiria aur­keztuta. Atzeratutako egun ba­koitzeko, hori bai, 60 euro eman beharko dizkio beste kirolariari. Probaren ondoren, berriz, do­­ping kontrola pasa beharko du­te biek, eta norbaitek positibo ematekotan, bestea izango da ga­raile. Biek emanez gero, be­rriz, ez da irabazlerik izango.

Sarreran bildutako dirua, berriz, erdibana banatuko dute, gastuak kenduta.


Roxario Pikabeak irabazitakoa, Jauregiko azkeneko apustua

Joan den urtean jokatu zen az­keneko apustua, Jauregi jate­txean. Orduan, Roxario Pikabea ereñotzuarra eta Jon Arizmendi andoaindarra aritu ziren lehi­an, aizkoran eta korrika. Eta nabar­men nagusitu zen ereñotzuarra: atzetik hasi arren, buelta eman eta minutu bat gutxiago behar izan zuen sei enborrak mozteko; eta hortik aurrera, erraz aritu zen korrika, zazpi kilometroak osatzeko. Azkenean, sei minutu­ko aldearekin nagusitu zen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!