Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Igandea2019ko iralak 15

Hernani

2019/09/09, astelehena

Camillen Bidearen bi etapa, asteburuan

Ibilbidearen azkeneko bi etapak osatzeko irteera antolatu du Mendiriz Mendik, larunbatean eta igandean, Lescun eta Hecho bitartean. Gaur eta ostegunean eman daiteke izena, elkartean.

Orain bi urte, 2017an, hasi zu­ten Mendiriz Mendi elkarteko kideek, Camillen Bidea ize­ne­ko ibil­bide zirkularra. Eta aste­buru honetan emango diote bukaera, azkeneko bi etapak (seigarrena eta zazpigarrena) osatzeko zita jarri baitute.

Horrela, Lescunetik Linzako aterpetxera doan etapa egingo dute larun­batean. 18 kilo­me­tro dira, 1.275 metro gorantz eta 780 metro be­herantz eginda; eta sei ordu­tan egitea espero dute. Igandean, berriz, Linza­tik Hechora doana osatuko dute: 21,5 kilometro, 1.200 metro go­rantz eta 1.600 metro behe­rantz. Zazpi ordu inguru aurreikusi dituzte, bigarrenerako.

Izenematea, ostegunera arte

Joan nahi duenak, ostegunera arte dauka izena emateko, bai­na 25 lagunentzat dago tokia, gehienez. Elkartean egin behar da, gaur edo ostegunean, ilun­tze­ko 20:00etatik 21:00etara. 75 euro dira bazkideentzat, eta 85 euro gainerakoentzat. Apun­tatzeko momentuan, 40 euro ordaindu beharko dira. Prezioa­ren barne daude, bidaia eta egun bat pentsio erdira. Goize­ko 06:00etan abiatuko dira la­runbatean, Atsegindegitik.