Asteartean sartu ziren erremonteko Buruz Buruko Kutxabank Txapelketan, Endika eta Barrenetxea IV hernaniarra. Ligaxkako finalerdietako bat zuten zuzenean jokatu beharra, eta irabaztea garrantzitsua zen bientzat, lehian ahalik eta puntu gehien edukita sartzeko. Partidu bizia, joko eta emozio haundikoa jokatu zuten, eta azkenean, iaz bezala, Endikak lortu zituen lau puntuak hernaniarraren aurka, 30 eta 28 irabazi baitzion Barrenetxea IVri.
Pelotari ondo jo zioten partidu osoan zehar, bi erremontistek. Barrenetxeak min haundiagoa egin zuen, orokorrean, sakeetan, eta Endikak, peloteoan. Oso berdindua izan zen lehia; tarte haundiena 10 eta 5ekoa izan zen, Endikaren alde. Baina Barrenetxeak 11ra berdintzea lortu zuen, eta baita aurretik jartzea ere. Hortik aurrera, hainbat berdinketa izan ziren, azkenean Endikak garaipena lortu zuen arte. Horrela, Endika eta Urriza daude sailkapenean aurreneko postuan, lau punturekin; Barrenetxea IV hirugarren, bi punturekin; eta Ansa II laugarren, 0 punturekin.
Gaur, 16:00etan, beste hiru partidu jokatuko dira Galarretan, baina Buruz Buruko hurrena, larunbatean izango da.