Ismael Mateok podiuma ezin gertuago, Europako Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2019ko uzt. 6a, 02:00

Asteburu potentea izan zuten aurrekoa, Denontzat taldeko ki­deek; eta nazioarteko mailan aritu ziren, gainera. Zita nagusia, Italiako Dolomitetan zeuka­ten, Spartan Europako Txapel­ke­ta jokatu baitzen bertan. Eta aurretik txartela lortuta, taldeko hiru ki­de lehiatu ziren: Ismael Mateo, Izaskun Cantabella eta Lucio Roman. Baita ederki le­hia­tu ere, 23 kilometro eta desnibel oso haundiko proban.

Gizonezkoetan, 84ga­rren bu­katu zuen Mateok (3:29:36), eta oso gertu izan zuen podiuma, 45-49 urteko adin tartean: laugarren izan zen, hirugarrenetik 7 segundura. «Alde batetik, amorrua ematen dit, Europako Txapelketan podiuma hain ger­tu izanda. Izan ere, 10 mi­nu­tu­ko zigorra ezarri zidaten, oso za­lantzagarria, burpeeak gaizki egiteagatik. Baina bestetik, oso pozik nago, ikusita maila izugarria zeukan proba batean po­diuma lehiatzeko gai izan naizela», nabarmendu du berak.

Cantabella, berriz, 46garren izan zen emakumezkoetan, eta 35-39 urteko adin tartean 12ga­rren, 4:34:29 denborarekin. Eta Lucio Roman, azkenik, 235ga­rren sailkatu zen gizonezkoetan, eta 22garren 45-49 urteko kategorian (4:02:24).

Gainera, Europako Txapel­ke­tan parte hartu ez arren, bertan izan zen Aritz Iginitz ere, Beast Open lasterketan parte hartzen. 17garren sailkatu zen Iginitz, eta bigarren izan zen, 40-44 urtekoetan (3:53:06).

Orain, Munduko Txapel­ke­ta­ra joateko aukera dute Mateok Cantabellak eta Romanek, Serie Nazio­na­le­tako txapeldun, bigarren eta laugarren izan ondoren. Estatu Batuetan jokatuko da, Tahoe lakuan, irailaren 29an, eta bertan izango dira hiruak.


Polonian, taldeka 8garren

Beste Europako Txapelketa bat ere lehiatu zuten asteburuan, OCR zirkuitukoa, eta emaitza ederrak lortu dituzte han ere. Gizonezkoetan, taldekako sailkapenean zortzigarren postua lortu zuten, Jox Pesok, Imanol Pesok eta Asier Landartek. Irati Beorlegi ere aritu zen bertan, eta lasterketa motza zein luzea egin zituen berak.

Eta azkenik, Desafio de Gue­rreros proba jokatu zen Getxon, asteburu berean; eta garaipena lortu zuen, Jon Fernandezek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!