Berria txapelketako finala gaur jokatuko dute hiru urnietarrek

Kronika - Erredakzioa 2019ko eka. 15a, 02:00

GALARRETAK erremonteko fi­nal berri bat biziko du gaur, 16:00etatik aurrera hasiko den jaialdian. Berria Txapelketa 2019­ko finala izango da eta egu­neko bigarren partidua. Fi­nalistak dira hiru urnietar eta azpeitiar bat, horrek esan nahi du txapela Urnietara joango de­la bai edo bai. 

Gorriz, Ansa II eta Arruarte ariko dira, biak urnietarrak, eta urdinez, Goikoetxea V ur­nie­tarra eta Aizpuru III azpeitiarra. 

Lehendabiziko jardunaldia ikusita inork gutxik espero zuen bi bikote hauek finalera iristea. Finalerdietara ligaxkan bigarren eta hirugarren sailkatuta iritsi ziren. Goikoetxea eta Aizpuruk, Zubiriren lesioa me­dio, lortu zuten finalerdian sar­tzea, eta gero finalerdian Jua­nenea izan zen lesioaren ondorioz erretiratu zena, 28-26 galtzen zijoaztenean finalistak. Ansa II eta Arruartek lehendabiziko partidua erraz galdu zuten, baina ondotik ederki eman diote buelta egoerari eta sendotasuna erakutsi zuten ligaxkako bigarren partiduan eta finalerdian. 


Ansa eta Arruarte, faborito

Gorriak dira faborito eta pasa den asteartean finalerako pilotak aukeratu zituzten. Urdinek Ansaren jokoa sahiestu nahiko dute eta Arruarte zigortu atzean. Hori lortzeko pelota biziak eta asko ateratzen direnak aukeratu zituzten. 

Hala ere, erremontean ia beti gertatzen den bezala sakeak zeresan haundia izaten du eta horretan Aizpuru III maisua da eta hori baliatu nahi dute txapela irabazteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!