Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Asteartea2019ko ekainak 25

Hernani

2019/06/11, asteartea

Nafarroa eta Arabako mugen artean ibiliko dira Entzia eta Urbasako mendizerretan barrena

Legunbe gaina 1.113 metrora dago eta mendilerro ederrak ikusi daitezke.
Legunbe gaina 1.113 metrora dago eta mendilerro ederrak ikusi daitezke.

Andoindik pasa eta Legunbe igoko dute Mendiriz Mendik antolatutako hurrengo ibilaldian, ekainaren 30ean. 13 kilometroko ibilaldia da eta leku ikusgarriak pasako dituzte ur jauzi, iturburu eta pagadien barrena.

Ekainaren 30ean Men­diriz Mendik antolatzen duen ibilaldian muga artean ibiliko dira. Oraingoan Nafarroa eta Araba artean, Entzia eta Urbasa men­dizerren artean. Andoin-Legun­be izango da ibilaldia eta Legunbeko gainera iritsiko dira. Igoko duten mendi honetan da­go inguru hauetako Araba eta Na­farroaren arteko muga. Muga hori antzinatik dator, bai­na 1555garren urteko dokumentu batean idatzita jasotzen da lehenengo aldiz. Bertan ere ezartzen da Entzia eta Urbasa mendizerren arteko muga.

Legunbe mendiak ipar aldera, Araiako bailara aldera, amildegi izugarriak erakusten ditu eta hego aldera aldiz, magal leunak. Mendiak bi gailur ditu. Bien artean Legunbeko Haitzu­loa izenarekin ezagutzen den zu­loa aurkituko dute. Iraia aldera irekitzen den leiho naturala da. Zulo haundi batez eta beste txiki batez osatuta dago. Bi gailurretatik mendebaldekoa Arabako lurretan kokatuta dago eta ekialdekoa Araba eta Na­fa­rroan. Mugen zehaztasunarekin beti gatazkak egon zirenez, 1928 urtean bi probintzien arteko muga zehaztuko zuen ha­rrizko hesia eraiki zen. Hortik geroztik, garbi geratzen da zer den Araba eta zer Nafarroa.


Toberiaseko iturburua ezagutuko dute eta ur-jauzi ikusgarriak ere bai

Ibilbidean Toberiaseko iturburua ezagutuko dute. Andoinetik irten eta ehun metroko desnibela igo ondoren aurkitutzen da. Bat batean lurretik sortzen den ur-emari erraldoia da. Bailararen beste aldean, Araian, ematen den antzeko iturburua da, baina kasu honetan, Aitz­ko­rriko urak kanporatu beharrean, Entziako sistema karstikoak jasotzen dituen urak kanporatzen ditu. Ur-emaria nahiko haundia denez behera doan hei­nean ur-jauziak eta forma bitxiak eratzen ditu bere bidean. Benetan ikusgarria da,  pe­na merezi du ezagutzeak. 


Ibilbide zoragarria

Andoin herritik pasatzen den errekaren eskuin aldetik doan pista hartu behar da. Zer­txobait aurrerago zubi batetik erreka zeharkatu behar da. Igotzen jarraitu eta berehala hesi metaliko batekin egingo dute topo. Hesia pasa ondoren bidea bitan banatzen da. Ibi­laldi honetan ezkerrekoa ja­rra­ituko dute. Berehala To­be­­ri­atik datorren ur-emaria ikusiko dugu. Bere ertzetik gora egin behar da iturburura iritsi arte.

Iturria bisitatu ondoren beste aldera pasa eta zertxobait jaitsi behar da pista bat aurkitu arte. Pistari jarraituz gora egin behar da Andoin le­pora iritsi arte.  Pista zati hau oso polita da baso barrutik egiten delako eta harriztatutako zati batzuk dituelako. Lepoan pista utzi eta ezkerrera, gandor aldera, egin behar da. Mu­garriei jarraituz berehala gara Bigate gailurrean. Beste tarte batean gandorrari jarraitu behar zaio Legunbe gailurrera iristeko. Lepotik gailurrerako igo­era nahiko leuna da eta eroso egiten da pagoen artetik.

Jaitsiera igoera baino erosoagoa da. Gailurretik, jaitsiera leun batetik, Urbasako kanpinera eramango gaituen pistara jaitsi behar da. Azken zati hau ere basoaren itzalpean egiten da.