Hasi berri dute denboraldi berria, JOCC taldeko txirrindulari alebin eta infantilek. Baina ez dute gehiago itxaron beharko, urteko lasterketa berezienetako bat egiteko: gaur bertan jokatuko da Peña Otaño Saria, Hernanin, taldeak berak antolatuta. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da, Urbieta kalean.
Ordu erdi lehenago elkartuko dira taldekoak, Transpacarren, elkarrekin gerturatzeko irteerara. «Etxeko lasterketa oso berezia izaten da haientzat, eta ilusioa egiten die. Taldeko ia denek hartuko dute parte, baina badira batzuk, oraingoz lasterketarik egin nahi ez dutenak. Guk animatzen ditugu, baina ez ditugu behartzen; hartuko dute konfiantza pixkanaka. Normalean, hasieran kosta izanda ere, gero oso gustura aritzen dira lasterketetan. Eta bakoitzak bere karrera egiten du: batzuk irabaztera joaten dira, besteak bukatzera, eta gehienek beraien artean izaten dituzte pikeak!», nabarmendu dute Josean Aizpuruak, taldeko zuzendariak, eta Txemari Tranchek, JOCCeko eskola kiroleko arduradunak.
80 txirrindulari inguru, lasterketetan eta ginkanan
Karrero tabernaren aurretik abiatuta, Ertzain etxearen errotondara joango dira txirrindulariak; handik Zinkoeneara jaitsi, eta Txirrita kalean gora igoko dira, Atsegindegi aurretik bueltatzeko Urbieta kalera. Zirkuitu horri, hiru buelta emango dizkiote alebinek, aurrena; eta bederatzi buelta infantilek, ondoren. Guztira, 80 txirrindulari inguruk hartuko dute parte, «guri dagokigun zonaldekoak, Donostialdea deitzen dutena. Zumaiatik Irunera doa, baina adibidez, Andoain eta Urnietakoak ez dira gurean sartzean, Goierrikoan baizik», azaldu du Tranchek.
Bi lasterketen ondoren, hirugarren zita izango dute txirrindulariek, ginkanarekin, Latsunbeberriko pistetan. «Lehen aukeran izaten zen, ginkanan parte hartu edo ez. Baina aurten, guztiek egin beharko dute, eta arrazoia oso sinplea da: ginkana oso garrantzitua da bizikleta gainean trebatzeko eta teknika hartzeko, eta hori da lehentasuna, adin honetan. Ez badute umetan ikasten, gero zailagoa da», azaldu dute.
Zentzu horretan, diote «oso konpletoa» dela ginkana: zigzag egiteko konoak, kolunpioa, oreka mantentzeko tokiak, botila lurretik hartu eta uztea...
«Urtean bost edo sei lasterketa egiten ziren Hernanin, garai batean»
Gaztetxoek ikasteko eta ondo pasatzeko bai, baina «afizioa sortzeko» ere ezinbestekoa da herrian lasterketa bat antolatzea. «Gogoan dut, txikia nintzenean Tilosetan ginela, nola entzuten genuen musika megafonotik, eta gerturatzen ginen lasterketa ikustera», dio Tranchek. «Garai batean, bost edo sei lasterketa egiten ziren urtean, Hernanin; jubenil mailakoak asko», nabarmendu du Aizpuruak. Baina gero, bolada batean herritik kanpora atera zituzten lasterketak, industriaguneetara eta: «horrela zaila da afizioa sortzea, jendea ez delako kanpora joaten ikustera. Gu beti izan gara herrian egitearen aldekoak. Beste giro bat dago, eta haurrentzat politagoa da».
Peña Otaño Saria bera, Ibarluze poligonoan egin zuten 10 bat urtez, eta bost urte dira herrigunean egiten dela.
Astigarraga eta Hernaniko txirrindulariak bat, taldean
Taldeari dagokionez, «urte apalagoak» izan dituela nabarmendu dute, eta «talde majoa» osatu dutela alebin mailan, 16 txirrindularirekin: «kontua da, Astigarragakoek ez dutela talderik atera aurten, eta gurekin bat egiteko esan ziguten. Beraz, erdia dira astigartarrak». Infantilak, berriz, bi bakarrik daude: «badira beste batzuk, baina Andoainen edo beste talderen batean dabiltza, gutxi direlako hemen», azaldu dute.
18 txirrindularietatik, hiru bakarrik dira neskak: «gero eta gehiago ibiltzen dira, helduen artean bereziki, baina hala ere, gutxi dira. Eta oso kirol egokia da edozeinentzat. Orain, talde bat dago Tolosan, kadete mailatik aurrerakoentzat, eta hori oso garrantzitsua da, segida izateko. Ea bailara bakoitzean lortzen dugun horrelako talde bat», azaldu dute.
Errepideko arriskuaren gaia dago, baita ere: «gurasoek komentatzen digute, beldurra ematen diela. Normalean, etortzen diren gaztetxoak izaten dira, bere grasoak ere bizikletan ibiltzen direnak. Hala ere, nahiko momentu onean dago txirrindularitza, Gipuzkoa mailan. Jende asko ibiltzen gara, bereziki helduetan; baina baita umeetan ere», dio Tranchek.
25-30 boluntario gaur, lasterketa kontrolatzen
Sei heldu aritzen dira taldeko lanetan, eta sei-zazpi gazteko talde bat daukate, laguntzen: «mantendu beharreko zerbait da hori», diote Aizpuruak eta Tranchek. Astigarragako Kia Capdequi enpresaren laguntza ere izan dute aurten, arropa berria erosteko.
Baina gaurkoan, horiek guztiak bakarrik ez, 25 edo 30 boluntario ariko dira lanean, lasterketa kontrolatzen. Probek iraun bitartean, gainera, trafiko mozketak izango dira inguru horietan, eta Urbietako autobus geltokia, Aristizabal kalean egongo da, anbulatorioaren sarreraren aurrean.
Zikloturistak, Biriatura bihar
Taldearen beste adarra dira zikloturistak, eta denboraldiko hirugarren irteera egingo dute bihar, Biriatura. 09:00etan abiatuko dira Zinkoeneatik, 56 kilometroko ibilbidea osatzeko.