Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Astelehena2019ko iralak 23

Hernani
Mendiriz Mendi - Tontorrez Tontor

2017/05/13, larunbata

Pirinio mendebaldeko gailur altuenean gora, Baztanen

Baztan bailarako tontorrik altuena da Saioa, 1.419 metrorekin.
Baztan bailarako tontorrik altuena da Saioa, 1.419 metrorekin.

Baztan bailarara joko du Mendiriz Mendik, maiatzaren 21ean, hurrengo ibilbidea egiteko. Bertako tontor esanguratsuenetako batera igoko dira, Saioara. Baztan bailarako gailurrik garaiena da. Belate eta Artesiaga mendateen artean ko­katuta dago, eta Pirinio mendebaldeko gailurrik altuena bezala hartzen da. Mendi honetara igo­tzeko bide arruntak, Belate eta Artesiaga mendateetatik hasten  dira. Biga­rre­na, lehenengoa baino mo­tzagoa da, eta mendia elurtuta dagoenean, mendiko eskia egiten duten eskiatzaile ugari hurbiltzen da inguru hauetako malda elurtuez gozatzera.
Ez da zailtasun handirik du­en mendia, baina lainoa bada, kontuz ibili behar da gailur guzti hauek belartsuak direlako eta erreferentzia gutxi daudenez, erraz gal daitekeelako. Eguraldi txarrarekin, mendi zakarra da, inguru hau oso haizetsua delako eta babesleku gutxi eskaintzen dituelako.
Eguraldi onarekin gailurra begiratoki paregabea da. Ipar aldera, Baztan osoa ikus daiteke, eta kostaldean dauden mendiak, Mendaur, Larun eta abar. Mendebalde aldera begiratuz, Aralar, Mailoak, San Donato ikusiko ditugu. Eta Pirinio aldera, azkenik, Ori, Hiru Erregeen Mahaia, Petre­txema eta Anie ikus daitezke.

Ingurunea, Europako Natura 2000 Sarearen barruan
Artesiaga inguruko Aldude men­diko ingurunea, Zainketa Bere­zi­ko Eremua da. Hori dela eta, Europako Natura 2000 Sarean sar­tuta dagoen naturgunea da. Sare hori sortu da, Europar Batasunaren lurralde osoan da­goen biodibertsitatea zain­tzeko.
Mendatean jaiotzen den pistari jarraitu behar zaio, ibilbidea hasteko. Pistak Egurtegi gailurra bere ezkerretik inguratzen du. Zertxobait aurrerago, pistak no­rabidez aldatu eta hego aldera egiten duenean, pista utzi eta zelaietatik gora egin behar da. Tarte honetan ez dago bidezidor argirik, eta zelaietatik, hego men­­debaldeko norabidean, gora egin behar da, gailurrera iritsi arte.
Indarrak berritu ondoren, men­debaldera jaitsi, eta Saioa eta Okolinen artean dagoen gailur-lerro belartsuari jarraitu be­har zaio. Inongo konplikaziorik gabe, Okolin gailurrera iristen da. Itzuleran, bide berdinari ja­rrai­tuko diogu, baina ez gara Sa­io­a­ra berriro igoko. Bere  hego aldetik inguratu eta emeki jaitsiz Sagardegi lepora jaitsiko gara.
Lepo hau, Baztan, Este­ribar eta Anue bailaren arteko muga da, eta hori adierazteko mugarri bat ipinita dago. Lepo honeta­raino iristen da Arte­sia­ga lepotik irteten den pista. Pistari jarraituz hasierako pun­tura itzuliko gara, Artesia­ga mendatera.

 

Datu Interesgarriak

ARTESIAGA – SAIOA (1.419 m) – OKOLIN - ARTESIAGA
Non kokatzen da: Nafarroan, Baztan bailaran
Luzera: 10 km
Denbora: 3-4 ordu.
Desnibel metatua: 600 m gorantz eta beherantz
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta
Mendiriz Mendik maiatzaren 21ean egingo du irteera hau