Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Astelehena2019ko iralak 23

Hernani
Esku Pelota

2017/05/05, ostirala

Igandean hasiko du bere bidea Hernanik, Berria Txapelketan

Aurreko asteburuan, galdu egin zituzten GRAVNIko finalak, hernaniarrek. Gaur, hiru partidu jokatuko dituzte herriko pilotariek, kiroldegiko frontoian.

Iritsi da Hernaniren ordua, denboraldiko torneo garran­tzi­tsuenetako batean; Berria Txapelketan, hain zuzen ere. Igandean hasiko du bere bidea talde hernaniarrak, Markina­ren kontra. Hain justu, talde bizkaitarrak Hernanin jokatu zuen aurreko kanporaketa, Amurrioren kontra, eta 2-1 irabazi zuen, senior mailako partiduan 22-8 nagusituta.
Goizeko 11:00etan hasiko dira partiduak, kiroldegiko frontoian, eta kanporaketa ber­dindua espero da. Hernaniren aldetik, jokatuko dute Xabier Salaberria eta Oihan Zugasti kadeteek; Garikoitz Arizmendi eta Ekaitz Insausti jubenilek; eta Paul Ojuel eta Eneko Aizpi­tarte seniorrek. Hernaniarrak dira faborito kadeetan, eta markinarrak jubeniletan. Beraz, ba­liteke seniorren partiduak era­bakitzea kanporaketa; eta hor, hernaniarrek esperientzia ge­hiago daukate.

GRAVNI torneotik, ezin txapelarik ekarri
Aurreko asteburuan, berriz, GRAVNI torneoko finala jokatu zuten hiru hernaniarrek. Fron­toian, eskuz binaka aritu zen Iortiz Arrieta, nagusietan, Ibai Arratibel ataundarra lagun; baina ez zuten bere maila eman, eta galdu egin zuten, Yoldi eta Peñas nafarren kontra (10-22). Arrietak min hartu zuen, gainera.
Eta trinketean, jubeniletan, Endika Arizmendi eta Asier Cuevas aritu ziren, Iparraldeko Jauregiberri eta Gurrutxaga­ren kontra. Parean joan ziren partidu erdira arte, baina gero ezinean aritu ziren, kontrarioen erritmo altuarekin, eta 23-40 galdu zuten.

Hiru partidu, gaur
Gaur, bestalde, hiru bikote hernaniar ariko dira, kiroldegiko frontoian, 20:00etan ha­sita: Arabaolaza eta Garcia de Bikuña aurrena, Salaberria anaiak gero, eta Txintxurreta eta Castañeda azkenik.