«Bederatzitik bederatzi irabazi ditugu»

Mikel Aginagalde Ugartemendia 2016ko urt. 30a, 01:00

- Mikel Aginagalde - 

Aurten denboraldi abiatze bikaina izan duzue, zein da arrakastaren gakoa?
Uste baino hasiera hobea izan dugu, eta egia da gauzak oso ondo ateratzen ari zaizkigula. Oso pozik gaude taldea ematen ari den errendimenduarekin, eta hori lortzeko giltza aste barruan egiten dugun lana dela uste dugu. Izan ere, entrenamenduak prestatzeko mo­duak emaitzetan zer ikusia duela argi geratzen ari da. 

Liga txapelketa irabazteko aukera ikusten duzue? 
Zalantzarik gabe. Orain artean 9 norgehiagoka jokatu ditugu eta guztietan irabaztea lortu dugu. Zenbakiak ikustea besterik ez dago; aldeko 84 en­tsegu ditugu, eta aurka, berriz, lau besterik ez. Gainera, 9 bonus ere erdietsi ditugu. Dinamika honekin jarraituz gero, Euskal liga irabazi eta Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera izango dugu. Hori da taldearen erronka nagusia, eta xede hori lortzea sari itzela litzateke guztiontzat. Hala ere, pausoz pauso joatea komeni zaigu.

Zein dira aurkari gogorrenak? 
Talde indartsuenak Ordizia, Getxo eta Zarautz dira. Azken honen kontra asteburu honetan jokatuko dugu etxetik kanpo. Bestalde, gure ligaren zailtasun handienetakoa da txapelketaren lehen fasea partidu bakarrera jokatzea, eta ondorioz, aurkari gogorren aurka beraien zelaian lehia­tzea tokatu ahal zaizula, eta ez etxean. Ondoren playoffa jokatzen da lau onenen artean. Hauek joan-etorriko partidak izaten dira. Irabazten duena Espainiar Estatuko txapelketara pasako da.

«Talde kohesioa da alderdirik sakonena»

Zenbat jokalari dira taldean? Nongoak?
Guztira 28 jokalariz osatutako taldea daukagu eta guztiak hernaniarrak dira. Gehienak Langile Ikastolakoak, nahiz eta beste ikastoletako gazteak ere badauden. Horrez gain, bi neska dauzkagu taldean eta maila ona ematen ari dira. Errugbian hasi berriak izan arren, ondo egokitu dira talde dinamikara, gainontzeko jokalarien babes eta laguntzari esker.

Zeintzuk dira taldearen indarguneak? Zertan hobetu dezakezue?
Beharbada talde kohesioa da al­derdirik sendoena, eta ze­haz­ki atzeko eta aurreko lerroen elkar ulertzea.  Entre­na­men­duak modu berezi batean antolatu eta lantzen ditugu, hau da, bi bloke bereizten ditugu; batetik atzelariak eta bestetik, aurrelariak. Entre­na­tzaile bakoitza lerro bat entrenatzeaz arduratzen da eta horrela lanketa zehatzak egiteko aukera dugu. Ondoren prestatutakoa denon artean uztar­tzen dugu. Azken finean, talde oreka bilatzeari ematen diogu garrantzia.

Zenbat egunetan entrenatzen duzue?
Astean hiru  entrenamendu saio egiten ditugu, asteburuko partiduaz gain. Horietatik bitan zelaian aritzen gara, eta hirugarrenean, aldiz, gimnasioan.  

Nolakoa da talde giroa? 
Oso ona. Pozik egoteko arrazoiak dauzkagu. Taldekideak izateaz gain, gazteen artean dagoen konplizitatea bikaina da, eta ez da zelaian bakarrik geratzen. Lagun taldea dira eta errugbiaz gain, kalean ere elkarrekin ibiltzen dira gehienak.

Baliabide eta diru aldetik nola zabiltzate? Konpontzen zarete? Zer eskatuko zenukete?
Euskal Herriko beste talde handiekin alderatuta desabantaia ekonomikoa ezaguna da eta horrek eragina du arlo ba­tzuetan. Jokalari gazteen gurasoek hainbat gastu ordaindu behar izaten dituzte. Orain gutxi, esaterako, Valladoliden izan ginen lagun arteko txapelketa bat jokatzen eta hara joateko garraioaren kostua beraien poltsikotik ordaindu dute. 

Zer behar da gazteen errugbi entrenatzaile izateko?
Lehenik eta behin gogoa. Horrez gain, errugbia gusta­tzea, eta gure ustez funtsezkoena, gazteekin balore batzuk elkarbanatzeko prest egotea. Errugbiaz haratago, gazteek eguneroko bizitzan izan ditzaketen arazoetaz kezkatzea eta ahal den neurrian beraiei laguntzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu.

 

«Errugbi harrobia, zaindu beharreko harribitxia»

Etxeko jokalariengan sinistea izan da sortu zenetik Hernani C.R. Elkartearen oinarria. Gaur egun inoiz baino gazte gehiago batu dira errugbiaren mundura eta hori oso pozgarria da. Txalotzekoa, berriz, klubak urteetan zehar eginiko lana.

Azkenaldian ohikoa bihurtu da Hernaniko kaleetan nes­ka-mutil koskorrak baloi obalatuarekin jolasten ikustea. Kirol horrekiko zaletasunak gora egin du, eta hori errugbi klubean sumatu dute. Urtero gehitu egiten da klubeko bulegoetan izen ematen du­ten jokalari berrien kopurua.
Senior mailara iristen diren gazteak ere asko dira, eta maila ona emateko gai direla erakutsi izan dute. Beraz, baikor izateko arrazoiak dituzte taldeko arduradunek. Hamasei urtez azpiko taldearen entrenatzaile Asier Gaztañagaren arabera «Lehen taldeak izan duen kirol arrakastak jende ugari erakarri du gurera». 

Neskak eta mutilak, berdin
Landarera jaisten direnen artean, gainera, gero eta ugariagoak dira neskak. Beste kirol askotan ez bezala, mutilek eta neskek talde berean jokatzen dute klubeko kategoria guztietan, senior mailan izan ezik. Emakumeen senior mailako taldea Euskadiko txapelketan ari da parte har­tzen, eta gainera, hainbat jokalari Euskal Selekzioan egonak dira. 

Kluba herritarrei gerturatzea, giltza
Gaztañagak dio klubak Hernaniko ikastolekin egiten duen elkarlana funtsezkoa dela. Senior taldeko jokalari boluntario batzuk gorputz heziketako eskoletara joaten dira Hernaniko ikastola ezberdinetara, umeei errugbiaren inguruko oinarrizko ezagutza irakastera. Azken hau giltzarria da neska-mutilak erakartzeko. 
Horrez gain, urtero, denboraldia hastearekin batera, Landareko kirol instalakun­tzak irekitzen dira, nahi duenak kluba ezagutu eta errugbiarekin lehenengo harremana izan dezan. Hurbiltzen diren gazteenak sei eta zazpi urteko haurrak izaten dira.
Gaztañagaren arabera, «gaz­teei erakutsi behar zaie errugbia kirol dibertigarria de­la eta edozeinek egin dezakeela. Topikoak hautsi behar di­­­­tugu, kontaktu kirola izan arren, ez dago ia arriskurik. Gainera, beldurrak eta lotsak baz­­terrean uzteko garaia da». Bes­talde, uste du talde giro pa­regabea sortzen dela eta partaideek disfrutatu egiten dutela.  

Talde lana
Gaur egun, staff teknikoan ho­gei entrenatzaile dira guztira, talde bakoitzeko bi, prestatzaile fisiko eta masajistaz gain. Denboraldi hasieran maila ezberdinetako taldeen erronkak finkatzen dira klubaren zuzendaritzarekin ba­tera, baina beti ideia eta helburu nagusi bat jarraituz. Gaztañagak dio garrantzitsua dela proiektu zehatz bat finkatzea, hartara, klubeko katebegi guztiak batuta egon daitezen, guztiek norabide berean arraun egin dezaten.

Harrobia eta emaitza onak   
Harrobian egindako lan mardulak eman dituen emaitzak agerikoak dira, batez ere  kirol lorpenetan, baina baita beste hainbat arlotan ere. Horren adibide dira, besteak beste, azken bi hamarkadetan Euskal eta Espainiar selekzioetara joateko deituak izan diren jokalari kopuru handia edota urtean behin antolatzen den garagardo azoka arrakastatsua.
Hori horrela izatearen arra­­zoi nagusienetakoa errug­­­­biak herrian aspalditik izan duen harrera ona da. Senior mailako taldearen jardun apartak errugbiarekiko zaletasuna piztu du hernaniarren artean, Landarera jaisten den jende andana ikustea besterik ez dago. 

Afizio horren ekarpen ekonomikoa da Klubaren kirol egitura mantentzeko diru iturri nagusietako bat, eta esparru hori zaintzea ezinbestekoa da. Beste diru sarrerak inguruko  enpresen babesetik iristen dira. Zentzu horretan, Gaztañagak uste du zaleez gain enpresak ere erakarri  behar dituztela, eta azkenaldian xede hori inoiz baino hobeto betetzen ari direla.

Azkenik eta laburbilduz, azpimarratu behar da Hernani C.R Elkartearen filosofia berbera izan dela jaio zen urtetik hona. Herriko gazteengan konfiantza eduki, balio zehatz batzuk transmititu eta jokalariak lehen taldera iristeko prestatu. Hein handi batean egoerak behartuta jardun behar izan dute modu horretan, egoera ekonomikoa ez baita izan haiek nahi luketena bezain ona. Hala ere, egiten duten eguneroko ahalegina benetan goraipatzekoa da. Hernaniko errugbiak badu geroa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!