Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Ostirala2019ko urriak 18

Hernani

2019/09/13, ostirala

Hernaniko Kaxkoan bizitzea

Ion Azpiazu Goñi

Artikulu honen zirriborroagatik hainbat zoriontze jaso on­do­ren, interes gehiagorekin animatu gara argitaratzera.

Atseginez irakurri dugu gu­re zinegotzien kezka, Herna­ni­ko Kaxkoko komertzioa berres­kuratzeagatik; eta zoriondu nahi ditugu horregatik.

Baina kontraesankorra iru­ditzen zaigu, Udaleko sail ba­tzuk komertzioa berreskura­tzeko kezkatzen diren bitartean, beste batzuek ez dutela en­tzuten bizilagunek esandakoa, eta ez dituztela ikusi nahi gure salaketetan eta beraiekin udaletxean egindako bileretan era­­kutsitako ebidentziak.

Eta zehazki Ingurumen Sai­­laz ari gara. Ez dio arretarik jartzen zaborren deposituaren osasungarritasunari, eta ez di­tu konpontzen asteburuetako gauetako zarata arazoak.

Gure zinegotziek atzera bo­ta zituzten, Plenoan aurkeztu genuen mozioko proposamenak. Proposamen alternatiboak espero genituen, baina oraindik ez dizkigute aurkeztu, eta lasai-lasai daude, gauzak ondo egiten dituztela sinetsita.

Ingurumen Sailean, badakite gazte batzuek Andrekaleko etxebizitza utzi dutela, bertan ez dauz­katelako osasun baldintza egokiak, izango duten haurra hezteko.

Bitxia da, baina Kaxkoan bizitzea ez da erakargarria, za­borrari eta asteburuetako za­ra­tari esker; azken horrek, go­mendatutako maximoa askogatik gainditzen du Andrekale, Nafarroa eta Zapa kaleetan, 2017an Udalak eskatuta egin zituzten neurketen arabera.

Bi arazo horiek konpontzen ez diren bitartean, biztanleriaren zahartzera eta komertzio­a­­ren ahultzera kondenatuta gau­de. Batzuk komertzioa be­rres­kuratzen saiatu arren, Kax­ko­ak segiko du izaten bikote gazteentzako erakargarria ez den zonalde bat.

Hori konprobatzeko, gonbitea luzatzen diegu alkateari eta Ingurumen Saileko arduradunei: etxebizitza hartu dezatela Kaxkoan, eta bertan bizi daitezela, baita asteburuetan ere, 2020ko urtarriletik apirilera. Eta gero, hitz egingo dugu.