Alternatibak sortzen

Kronika - Erredakzioa 2019ko abu. 18a, 02:00


Hernanin bizi gara. Herri langilea, alaitsua, borrokalaria; eta batez ere, gizarte-egitura bizia duena. Kanpotar askok, harriduraz ikusten dituzte Hernanin antolatzen diren arlo guztietako ekintzak: errebintikatiboak, kulturalak, ludikoak... Ez da lehenengo aldia hauxe esaten digutela: ??Hernanin beti dago zerbait?. Hori ukaezina da.

Hernaniko Sortuko herrigintza taldetik pentsatzen dugu gurean ezarri nahi duten eredu neoliberala ez dela soilik merkatu ?askeko? ekonomia bat, baizik eta, herritarren arteko erlazionatzeko modu bat. Neoliberalismoarentzat ezinbestekoa da gizarte indibidualista, kontsumista eta hetero-patriarkala sortzea; izan ere, eredu ekonomiko basati hau injustizia sozialaren eta aberastasunaren metaketan oinarritzen da.

Baina itzul gaitezen Hernanira. Dabilen herriari ez zaio goroldiorik lotzen. Argi dugu ibiltzen badakigula eta goroldiorik ez zaigula itsatsiko; baina, gure ustez, zein norabide hartu nahi dugun galderari erreparatu beharko genioke. Nora joan ez dakienarentzat ez dago aldeko haizerik.

Gure norabidea da, beste motatako harreman sistema bat eraikitzea, zeina gure herrian hain errotuta zegoen auzolaneko balorea indibidualismoaren gainetik jarriko dena, edo justizia sozialean oinarritzen  dena, edo identitate guztiak onartzen dituena. Baina horretarako alternatibak sortzen hasi behar dugu. Gure iritziz, komunitatearen partaideak garela sinetsi behar dugu. Gure ustez, hori da bidea. Ez dugu inoren zain egon behar, etorkizuna gure eskutan baitago. Proiektu alternatiboak sortzeko eta komunitate bat bezala pentsatzeko garaia dela uste dugu. Gora Hernani eta Gora Euskal Herria sozialista!


Gorka Nabarro Patterson, Txaro Unzilla, Asier Gutierrez... 

Hernaniko Sortu Herrigintza taldea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!