Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Igandea2019ko iralak 15

Hernani

2019/07/10, asteazkena

Herriaren "ipurdia"

Gure gizartean ematen den pa­radoxetako bat da, adineko jendea dagoela mugitu nahiko lukeena eta ezin duena, eta al­diz, horretarako aukera izanda mugitzen ez den jende gaztea. Eta gogora ekartzen dit, 15Mko beste hura, jende asko dagoela etxerik gabe, eta etxe asko jenderik gabe.

Bi esaera, Hernanin ematen den gertaera erreal baterako. Elizatxo auzoko jende asko da­go, etxearekin baina mugikortasun urriarekin, izan adinagatik edo egoera fisikoagatik, Kaxko­ra iristeko ezintasuna edo zailtasuna daukana.

Lizeaga kalean, Hernaniko Udaltzaingoak kontrolatzen ez duen autopistan, eta garai ba­te­an Toledorako bide nagusian zalditeriarentzako galtzada zen horretan, dago he­rri­ko irteeran azkeneko etxea zena.

Botatzeko hustuta eta bidegorriko erabiltzaileei istripuak saihesteko, andamio bat jarri dute, hilabeteak daramazkiena; eta jakinarazi didate, ho­rren gastuak ordaindu behar di­tuela, lur horiek erosi zituenak etxebizitza pribatuak egiteko.

Kontua ez da etxebizitza so­zialei buruzkoa, pertsonentzako sarbide sozialei buruzkoa baizik. Urteak daramazkigu Udalari soluzioak planteatzen, sarbide seguru eta erosoagoak egiteko, auzo korapilatsu ho­nentzat, Paradore inguruan eta ikastolatik Piripitara doan aldapan. Gaur arte, bidegorria eta Paradoreko lurretako aparkalekua besterik ez.

Espero dut, alkate berriak pertsonak eta informazioa ja­rriko dituela, bere kudeaketaren erdigunean. Horrela, ekin­tzak gauzatu baino lehen, animatzen dut publiko egitera, zer dagoen aurreikusita etxe zahar horren inguruan, eta lurrak gorde ditzala soluzio elektromekanikoak (igogailu inklinatua, eskailerak...) jartzeko, Kax­kora iritsi ahal izateko Elizatxo beran eta Elizatxo aldapako bi­zi­­lagunek. Bestetik, egin dezala seguruagoa eta erosoagoa sarbidea, Elizatxo goraneko bizila­gunentzat, aprobetxatuz Para­doreko lurretako bidegorria, eta abiadura kontrolatuz Lize­a­­ga kalean (nahiz eta udaletxearen ipurdia izan), edota disuasoreak txertatuz galtzadan, herri oso­ko beste kaleetan bezala. Hu­rren­goa... zarataren disuasoreak.