Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Larunbata2019ko uztailak 20

Hernani

2019/06/17, astelehena

Abisu bat, dagokienei

Ion Azpiazu Goñi
Kaxko Hobetu

Hernaniko Kaxkoko bizilagunok, urteak daramazkigu protestaka, asteburuetako zarata eta desorden etengabeagatik. Eta orain, pozik hartu dugu, El  Diario Vasco egunkarian irakurri dugun albistea: 

«Getariako ordezko alkatea kondenatu dute, taberna batean zaratak baimentzeagatik. Zazpi urteko inhabilitazioa eza­rri dio Gipuzkoako auzitegiak, Nika Lerchundiri (EH Bildu)».

Luis Intxauspe gure alkate ohiak bere agurrean adierazi zuen bezala, administrazioko mugimenduak motelak dira, eta batzuetan erantzuna ez da iristen guk nahi bezain azkar, baina iritsi egiten da.

Gustatuko litzaiguke, albiste hau abisu bat izatea, eta Her­naniko alkate berriak gaurtik kontutan hartu eta konpontzea, asteburuetako zarata arazoak, bereziki txotx denboraldi oso­an zehar, Hernaniko Kaxkoan.

Helburua: bestelako turismo eredu bat, gure tradizioekiko errespetua oinarri izango duena; txotxa, sagardotegietan. Eta errespetua, baita ere, Kax­koko bizilagunen atsedenerako eskubideari.

Bizilagunen nahia ez da inor kondenatua izatea; baina ez dugu onartuko, arduradunek alde batera utzi gaitzaten, eta ezerezean utzi ditzaten udale­txean aurkeztu ditugun konponbide proposamenak, azkeneko zortzi urte hauetan egin duten bezala.

Osasun, ingurugiro, turismo edota kultura sailak, Udal­tzaingoa... bizilagunen begiraden erdigunean daude. Espero dugu lortuko dutela berreskuratzea, inoiz galdu behar ez zen atsedenerako eskubidea.