Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Larunbata2019ko martxoak 23

Hernani
Jasota-Bezala

2019/01/11, ostirala

Otsoak

Duela 8 zortzi urte ezagutu nuen Juan Mari Maizkurrena. Garai hartan alokairuko pisu baten bila genbiltzan eta berak bere baserriko ateak, Okendo­eneakoak, ireki zizkigun. Orduan, baserriko lanari bizi­tza eskaini zion pertsona bat ezagutu nuen, baina bereziki, pertsona zintzoa, alaia eta bera maitatzea errazten zuen izaera zuen. Baratzan pasa­tzen zituen orduak, sagarrak jasotzen, belarra mozten... baina, batez ere, ardiez inguratuta ibiltzen zen. Denak ezagutzen zituen, banan-bana, eta berak zioen bezala, gehiago fidatzen zen haiekin, pertsona askorekin baino. 
Egun batean, otsoak agertu ziren eta Juan Mari eraman zuten. Bortizki torturatu zu­ten, epaitu egin zuten eta ha­ien gordelekuan sartu zuten, Estatu espainiarraren hainbat gordelekutan. Eta bertan egon zen bakarrik, otsoek inguratuta, bere bizitzan inoiz ezagutu ez zuen etsai-giroan. Ondoren, ateratzen utzi zuten, baina dagoeneko berandu zen, mina egina zegoen. Beldurra bere gorputzean sartzea lortu zuten, antsietatea, mesfidan­tza... Nola ez du gaixotasun sendagaitz bat garatuko? Nik beti esaten dut ardia gordelekuan sartu zela eta atera zena pertsona ezberdinak direla. Beren eskutan pasa zuen tarteak bere osasun- eta animo-egoeran eragina izan zuen modu erabakigarrian. Berriro ere, otsoak gaiztakeriak egiten.... Bakean utzi gaitzatela, joan daitezela eta utzi diezaietela geratzen diren ardiei beren gordelekuetatik atera­tzen, Juan Marik zioen bezala, pertsona asko baino fidagarriagoak baitira.
Asier Erkizia de la Calle