«Jardunaldi feministek egiten dute belaunaldien arteko transmisio lana»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 12a, 02:00

Gazteenetakoak dira Katta­lin Artola Vazquez (24 urte) eta Aitana Miner Ugalde (21) Her­naniko Bilgune Feministan, eta horrexegatik, aurreneko aldia izango dute aurtengoa, Eus­kal Herriko Jardunaldi Fe­ministetan parte hartuko du­tena. Azkenekoak 2008an egin ziren, Portugaleten.

«Ohore bat» dela sentitzen du­te, «beti gogoratzen den zerbait», eta gogotsu daude. Au­rre­tik, pasa den asteburuan, Li­za­rran egin diren Neska* Gaz­teon Topaketan izan dira, «gazteen ikuspuntua landu eta jardunaldietara esku hutsik ez joateko». 

Jardunaldiak, berriz, azaroaren 1, 2 eta 3an egingo dira, Du­rangon, Salda badago! lelopean. Epea itxita, izen-ematea berriro ireki da, «inor kanpoan utzi nahi ez» dutelako; 2.500 lagunetik gora badira, dagoeneko. «Tal­de bat ari da lanean hau antolatzeko; zer esanik ez, Du­rangoko jendea. Askok lotarako tokia behar dugu, bazkaltzekoa, dutxa eta komuna, eztabaidarako espazioak... Lan ga­rran­tzi­tsua dago atzean, eta zo­rionez, badago jendea. Es­ker­­tzekoa da».


«Oso baliotsua da belaunaldi desberdinetako emakumeak* elkartzea»


Zuentzako berria da. Zer dira Jardunaldi Feministak?

K.A.: Belaunaldi gazteak gara gu Mugimendu Feministan, bai baitaude emakume* beterana eta helduak. Eta mugi­men­du guztietan bezala, gerta­tzen da ez da­kigula nola transmititu be­launaldi gazteei au­rre­koek bizitakoa edo izan di­ren eztabaidak. Jardunaldiek be­tetzen du­te fun­tzio hori. Gal­dezka eta tiraka hasi, eta iristen zara lehenengo Jardunal­di­etara, 77ko­etara, eta kon­tu­ra­tzen zara Mugimendu Fe­ministarentzat izan direla oso garrantzitsuak. Beraz, ohore bat da parte har­tzea; izango dira beti gogoratuko duzun zerbait. 

A.M.: Gehiago edo gutxiago, baina denek dute gogoan Jar­du­naldietan izan zirela. Eta emo­zionantea eta garrantzi­tsua izan zela. Horrek ematen du gogoa, joateko.

K.A.: Azkenean, Mugimendu Feministan azken 10 urteetan izan diren aldaketak, inflexio puntuak, Jardunaldietako erabakietatik datoz.


Hasi duzue atzera begirako lana. Zer jaso duzue?

K.A.: Denek gogoratzen dute izan zirela, baina ez gai zeha­tzak. Bazeuden gai orokorrak, Mugimendu Feministan beti daudenak, edo Martxoak 8 [Ema­kume Langilearen Nazi­o­ar­­teko eguna] edo Azaroak 25 [Ema­kumeenganako Indarke­ri­a­ren Aurkako eguna] bezalako egunak, ibilbide luzea egin dutenak. Baina, badaude beste asko, zure bizitzan normalizatuta daudenak, orduko erabakien ondorio direnak.

A.M.: Adibidez, Ekainak 28 [Na­zioarteko Sexu Askapenerako eguna] Mu­gimendu Feminis­ta­ko agen­daren parte da gu sar­tu garenetik, eta bizi izan du­gu gau­zarik normalena be­zala. Baina konturatu gara 2008ko Jar­­du­nal­dietan hartutako era­ba­kietako bat izan ze­la. Trans­mi­sio horretan, in­por­­tantea da ikustea betikoa de­­la uste duzun hori ez dela ho­­rrela, eta jakitea nondik no­ra lortu den egungo egoera hau. 


«Mugimendu Feminista bezala antolatuta ez dauden horientzat ere irekita daude Jardunaldiak, eta gainera, beharrezkoak dira»


Belaunaldi desberdinetako kideak zarete Hernaniko Bilgunen. Desberdin bizi duzue Mugimendua?

A.M.: Taldean lanean Batxi­ler­go­an hasi nintzen ni.

K.A.: Hori izan dugu aurreneko kontaktua. Feminismoarekin, agian, lehenago, baina kon­tzienteki antolatzen DBH 4 edo Batxilergoan hasi gara. Eta desberdintasunak badira. Jar­du­naldi hauetako gai interesgarrietako bat izango da, hain zuzen, feminismoak izan duen go­rakada. Gaur egun oso ohikoa da, gutxi-gorabehera, fe­mi­nismoa zer den jakitea, eta ez da zerbait txarra feminista izatea. Lehen, orain dela oso urte gutxi, hori ez zen horrela, eta argi eta garbi, ez da berdina orain urte batzuetako kideen ibilbidea eta gurea. Jabetzen zara zein hutsune izan diren. Apalaldiak eta gorakadak. Asko aldatu da, eta Hernanin ere bai.


Zein aldaketa sumatu duzue Hernanin?

K.A.: Niretzat, militantzian na­bi­lenetik, aurreneko mugarria izan zen Txoko Feminista sor­tzen den urtea, batez ere, hasi zelako Azaroak 25 eta Martxoak 8aren bueltan berriro ere ekimenak kalean egiten. DBH 4 inguruan nengoen, eta niretzat mugarri izan zen Hernanin espazio bat egotea, bakarrik, emakumeentzat* edo gizon sen­titzen ez direnentzat. Nire­tzako gakoa izan da institutuan feminismoa landuko zuten taldeak sortzea, klasetik aparte. Ber­dintasun Kontseiluak bultzatutako tailerren fruitu dira. Gu izan ginen lehenengoetakoak.

A.M.: Martxoak 8 edo Azaroak 25 hauetan ikusten da zein aldaketa izan diren Mugi­men­du Feministan. Orain zortzi urteko Martxoak 8 edo azken bi urtetakoak ez dira berdinak izan. Goraka haundia izan du. Era berean, orain arte talde itxi bezala funtzionatu du Mu­gi­men­du Feministak, eta orain, Martxoak 8rako asanbladak ireki dira. Agian hori da he­mendik aurrerako bidea. Mili­tanzia eredua aldatu da.


«Erosoa da orain feminismoa, eta erronka bat da jendea berriro deseroso sentiaraztea»


Militantzia eredua aldatzeak zer eragin du?

K.A.: Horrek eragiten du alda­tzea ekintzak, eta ekintzetan parte hartzen duen jendea. Hernanin, orain bi urte erabaki genuenean Martxoak 8an greba egitea, uste dut ez genuela sekula pentsatuko manifestazio hartan bezainbeste jende izango zenik. Mugimendu Fe­mi­nistako kide bezala, harrapatu gintuen erabat sorpresaz.  


Asanblada irekiak, belaunaldi aldaketak... Nola bizi dituzue?

A.M.: Ez gara gazteenak, baina ia-ia, eta uste dut oso baliotsua dela belaunaldi desberdinetako emakumeak* elkartzea. Ikas­ten da badaudela gauzak ikusteko beste modu batzuk, ba­natzen da jakintza. 

K.A.: Asko laguntzen du. Hel­du­e­nak ez dira agian urte guztian gu­rekin izaten direnak, baina bai hurbil eta ondoan. Gehiago, 27-35 urte bitartekoak. Urte guztian biltzen garenak 12-14 bat gara, eta gero, badaude pertsona batzuk feministak direnak, daudenak sindikatuetan edo beste eragile eta taldeetan. Militantzia bikoitza egiten dute. Pentsio­nis­tak, adibidez. Beti da erronka be­lau­naldi desberdinak Mugi­mend­uan egotea, eta baita ere, ahalik eta aniztasun haundiena egotea eta gai izatea aniztasun hori modu egokian eramaten. 


Beste erronka bat da, Jardunaldietan, kolektibo ezberdinak biltzea. Lortzen da hori Hernanin?

K.A.: Pentsionistena da adibide bat. Astelehenero joaten dira manifestazioetara, eta guregana hurbiltzen dira Martxoak 8an. Edo izan daitezke sindikatuetan dabiltzan emakumeak*; grebaren harira, Martxoak 8ra­ko asko hurbildu dira. Edo Amherrekoak. Eta edozein eragile sozialetakoak izan daitezke. 

A.M.: Herrian izan diren aldaketa hauek, Mugimendu Fe­mi­nistako parte ez direnak horrelako asanbladetara gerturatzea, Euskal Herri mailako Jar­du­naldien adibide garbi bat dira. Mugimendu Feminista bezala antolatuta ez dauden horien­tzat ere irekita daude Jar­du­nal­diak, eta gainera, beharrezkoak dira.


Mugimendua anitza izanda ere, batzen duten puntuetan jarri nahi da indarra. Zein dira?

K.A.: Beti pentsatu izan dut oso mugimendu gutxi daudela hain pertsona anitzak biltzen dituena, hain bizi-baldintza desberdinekin, eta hain gai dena, nahiz eta gauza askotan ados ez egon, beti aurkitzeko lelo edo modu bat kalera elkarrekin ateratzeko. Gai askotan, prostituzioaren inguruan, adibidez, beti izan dira eztabaida ikaragarriak. Edo ma­nadarena bezalako gai entzute­tsuetan. Kalera atera nahi zen, baina, pentsatu genuen: ?kartzela zi­go­rrak nahi ditugu? Puni­ti­bistak gara? Eztabaida haundietan ere lortzen dugu kalera ateratzea, ados jarritako puntuari helduta; justizia patriarkalaren aurka eginda, kasu honetan.

A.M.: Zerk batzen gaituen oso interesgarria da, baina, baita ere, non ez gauden ados eta nola bideratzen ditugun eztabaida horiek, akordio batera iristeko. Aniztasunak erakusten dizu beste modu batera ere pentsatu daitekeela, eta horrek ematen du perspektiba haundi­a. Jardunaldiek ekarriko du­te.

K.A.: Eta erronka haundia da sentitzea zurekin ados ez dagoena zure konplizea ere badela. Ez gaude ohituta.

A.M.: Ohituta gaude zatiketara, eta Mugimendu Femi­nis­tak egiten duena da zatiketa horiek mahai gaineratu, adostasunak zein diren bilatu eta hortik segi.


Zer espero duzue Jardunaldietatik, irrikaz?

A.M.: Hiru egunetarako joatekoak gara biak, eta asko espero dugu! Egitaraua oso anitza da, eta denetik izango da. 

K.A.: Eta dena da inportantea. Ezingo genuke zerbait aukeratu.

A.M.: Baina egia da azken saioa izango dela gakoa, datozen 10 urteetara begira. Aurretik egongo diren eztabaidak kontuan hartuta, bertan erabakiko da zein bide hartuko den aurrerantzean, zein gaik izango duten presentzia.


Nola aplikatuko da gero hori, herriz herri?

K.A.: Hamar urtetan gertatuko dena ezin da aurreikusi, baina gertaera batzuen aurrean beti sortzen dira eztabaida gehiagorako markoak, eta Mugimendu Fe­ministaren sarea hor egoten da beti. Jardunaldietatik atera­tzen denetik hartu beharko da herri bakoitzean zentzua daukana.

A.M.: Bakoitzaren errealitatea ikusita, gaiak izango dira baliagarriak, edo ez. Agian ez praktikarako, baina bai jakintza haun­ditzeko, edo herri osorako ez badira, agian bai talderako.

K.A.: Bide orri bat bada, behin­tzat, eta badakizu Euskal He­rri­ko txoko askotan helburu berdinekin ariko garela.


Hernanin zer dago egiteko?

K.A.: Gure erronka haundienetako bat da bat-batean erdian baina eroso sentitzea. Ohitu gara bazterrean egoten, guregatik feminazi esaten zela entzuten. Eta orain, ikusten dituzu pertsona horiek zu aurrean zoazen manifestazio batean. Hor kokatzen jakitea erronka da.

A.M.: Nik uste dut beste bat oso haundia dela eroso ez geratzea. Erosoa da orain feminismoa, oso erraza bihurtu da denentzat zuritze more bat egiteko, eta erronka bat da jendea berriro deseroso sentiaraztea.

K.A.: Zuritze morerako aprobe­txa­tzen dute askotan feminismoa, erakundeek. Eta edonor izan daiteke gaur egun feminista. Noski, ez da karneta behar, baina gauza asko jarri behar dira zalantzan, zure gorputzetik hasita, eta erronka bat da gaur egun. Errazago iristen da feminismora, eta errazago onartzen da. Hori positiboa da, baina, era berean, tranpatiak baditugu Euskal Herrian.


Jardunaldi hauen aurretik prestaketa lanak ere egin dira: Lizarran egin berri dira Neska* Gazteon Topaketak. 2010ean Hernanin ere egin ziren, ?Kuleroak burura eta salto mundura? lelopean. Ezagutzen zenituzten?

K.A.: Badakit Hernanin egin zirela, baina... Lizarrakoetan bai, egon gara. Gazteok gure problematika propioa daukagunez, Jar­dunaldie­ta­rako prestatzeko izan da. Hausnartu dugu autodefentsa feministaz, batez ere, jai giroan eraso asko jasotzen ditugunak garelako neska* gazteak. Hernaniko agendan, adibidez, hor daukagu, bereziki, sa­gar­dotegi  garaia. Baina Mugi­men­du Feministan badago erasoen inguruko hausnarketa be­rri ba-t­en beharra, nire ustez, Jar­du­nal­diek ere ekarriko dutena. Saiakera edo eraso asko izaten dira, eta normalizatu egin ditugu. Askotan, kontzentrazioak eta manifestazioak egitea ere automatizatu dugu, ohitu egin gara. Beraz, erosotasun ho­rretatik no­la atera pentsatzeko momentua bada, historikoki. Proble­ma­tika hori hartu eta eraman nahi genuen Jarduna­ldi­e­ta­ra.

A.M.: Baina esku hutsik joatea ere ondo dago! Entzutera! 


IZEN EMATEA

saldabadagojardunaldiak.eus

Durangon izango dira Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak, azaroaren 1, 2 eta 3an. Dagoeneko 2.500 lagunetik gora daude izena emanda. Berriro ireki da izen ematea, baina Landa Guneko ekin­tzetan besterik ezin izan­go da parte hartu aurrerantzean.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!