«Bidea erraztu nahi diegu ondoren­goei, ez dezatela pasa guk pasa du­­guna»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 12a, 02:00

«Trinkete bat behar dugu herrian», eskatu zuen Garbiñe Tijero hernaniarrak Kronika­ren 9. alean, 2000ko uztailean, Goiatz Manzisidorrekin batera Euskadiko txapeldun bilakatu ostean. Eta aldarrikapen be­rare­kin jarraitzen du, oraindik ere, 19 urte pasata. 

«Emakume pelotari guztion alde egin nahi dugu, guztion mesedetan egin nahi dugu lan, inor baztertu gabe»

Orain, or­dea, ez du bakarrik borrokatu beharrik izango, ho­rretarako sortu baitute Ema­kume Pilota­rien Elkartea (EPE): «orain arte indibidualki lagundu diogu pelotari, ba­koi­tza bere herrian eta bere leku­tik; indarrak batzeko garaia iri­tsi da, eta EPE bidez egingo dugu lan orain», azaldu dute.

Zuzen­daritza Batzordean da­go Tijero, eta harekin batera ari da lanean Patri Espinar ere ­­-Presidentea da, Espinar-. Ha­ie­kin izan da Kronika, el­karte berriaren nondik-nora­koak eza­gutzeko asmoz.


Esku pelotaren oihartzuna, helduleku

Emakumezkoen pelota mun­duan azken urteetako aldake­tek eman diete indarra elkar­tea sortzeko: «azkeneko lau ur­teetan esku pelotak izan duen bultzada ikusita sortu da EPE», azaldu du Patri Espinar pre­si­denteak. 

Nahiz eta «?boom?a» orain izan duen, Espinar eta Tijerok gogorarazi dute, Euskal He­rriko emakumeek aspalditik da­­­­­ramakitela palan: «emaku­meen esku pelota ia zerotik ha­­­­si da, eta lau urte hauetan in­darra hartu du.  Palan, aldiz, 90. hamarkadatik darama­ki­gu, duela 8-10 urte  gauza asko lortu genituen, baina dagoe­ne­ko galdu egin ditugu, ez delako inbertitu ez baliabide ekono­mi­korik, ezta teknikorik ere».

«Gipuzkoan, eskola ki­rolaren barruan, neska orok dauka aukera lehiatzeko, bai eskuz, baita palaz ere».

Komunikabideak eta Emakume Master Cup-a, eragile

Galdutakoak errekuperatu eta berriak lortzea izango dute helburu, orain, emakumeen esku pelota puri-purian da­go­en honetan: «azkenaldian ema­­kumeen esku pelota en­tzun egin da, batetik, ko­mu­ni­kabideak bertan izan direlako, eta bereziki telebista, eta Ema­kume Master Cup txapelketari esker, bestetik». 

Eta hori guztia nahi gabe gertatu dela aitortzen dute: «azken lau urteetan emaku­meen pelota entzun egin da, emakumeak ia ohartu gabe. Emakumeok egin dugun gauza bakarra da frontoira joan eta jokatu, kanpoan gertatzen ari zena jakin gabe». 

«Azkenaldian ema­­kumeen esku pelota en­tzun egin da; batetik, ko­mu­nikabideak bertan izan direlako, eta bestetik, Ema­kume Master Cup txapelketari esker». 

Emakumeen pelota emakumeek kudeatzea, helburu

Momentuan ohartu ez, baina aukera ez dute pasatzen utzi, eta frontoietatik bulegoetara egin berri dute pelota mun­du­an aspalditik la­nean zebil­tza­ten hainbat ema­kumek. Haus­nar­ketatik ekintzetara pasa­tze­ko unea dela diote: «ikus­ten genuen es­kuz­ko emakume pe­lotariok pro­tagonista ginela, baina gu­re jarduna bakarrik muga­tzen zela jokatzera, ez genuela ku­deatzen emakume­en pelo­ta». Erronka horri hel­duko diote, beraz, EPEtik. Zer­ta­rako? «Gu izateko pelota­ren bultza­tza­ile­ak, eskuz eta palaz, eta era­bakiak har­tzen dituzte­nak gure etor­ki­zu­nari buruz; gure bideak har­tzeko eta gu izateko ema­ku­me­en pelota egi­turatu­ko dute­nak», diote argi.

Horretan hasiak dira da­goeneko, el­kartearen Zuzen­da­ri­tza Ba­tzor­dearen  bost kideen gidaritzapean; Patri Espi­nar presiden­tea­rekin eta Gar­bi­ñe Tijero bokalarekin batera, Mai­der Mendi­zabal pre­sidenteor­dea, Alaitz Badiola idazkaria, eta Ane Isasmendi diruzaina.

Haiekin batera, pe­lotari pila dituzte inguruan,  16 urtetik go­rako 50 bat, pa­sa den ekainean egindako aur­kez­pe­nean erakutsi nahi izan zuten moduan (ezkerreko argazkia da horren adierazle). 

Haien guztien alde egiteko asmoa ere adierazi dute Patri Espinar eta Garbiñe Tijerok: «emakume pelotari guztion alde egin nahi dugu, guztion mesedetan egin nahi dugu lan, inor baztertu gabe».


Elkarlana erakunde eta enpresekin

Erakunde, enpresa eta pelo­ta­rien artean koordinazio-lanak egitea izango da EPEren beste zereginetako bat: «pelota bul­tzatzen duten erakunde, en­presa eta federazioekin jar­tzen ari gara harremanetan, haie­kin eta gure pelotariekin elkar­la­nean aritu nahi dugu­lako». 

Izan ere, «gure helburua ez da konpetentzia bat izatea, gure helburua da ema­kume pelota­rien egoera hobe­tzea, la­gun­tzea eta bultzatzea», eta ho­rre­tarako, beraien ustez, el­kar­lana da gakoa.

Bide horretan, dagoeneko izan dituzte aurreneko bilerak hainbat udaletxe eta erakunde ezber­dine­kin, eta horien balo­razio positiboa egin dute: «harrera ona izan dugu; egin ditugun bilere­tan emaku­meen kezkak entzu­ten ari dira lehe­nengo aldiz, adibidez, materia­laren inguruan».


Baliabide falta, arazoetako bat

Materiala bakarrik ez, Ema­kume Pilotarien Elkarteak es­kuartean daukan erronke­tako bat da baliabide ekono­mi­ko fal­tarena. Horrek eragin zu­zena dauka bai txapelkete­tan, baita teknifikazio eta azpie­gi­tura arloan ere.

Txapelketa arloan, joan den denboraldian ber­tan behera utzi behar izan zu­ten palako Emakume Pilotari txa­pel­keta, babeslerik gabe geratu zelako, eta penaz daude pe­lotariak: «oso proiektu ona zen eta pelotariak oso gustura zeuden. 2004ean jarri zen mar­txan Gipuzkoan, eta hamalau ur­tez egon da martxan», dio Tijerok.

Bestela ere, txapelketen egu­­­­tegia ere bada arazo-iturri. Ibilbide historikoaren islada, palan egoera hobea da: «pala­ko egutegia nahiko egi­tu­ratuta da­go, baina eskuz gertatzen da duela 30 urte gertatzen zena pa­­letan. Batzuetan, al­di­berean daude bi txa­pelketa; palaz egun berean jokatu daitezke bi partidu, baina es­kuz, ez», kexu da Garbiñe Tijero.

Hori nolabait sahiestu eta egituratzeko lana egingo du­tela adierazi dute; hain zuzen,   Euskadiko Federazioarekin bil­duko dira hilabete honetan, horretarako: «ea nola anto­latzen dugun, es­kuzkoa eta palakoa batera­garriak izan daitezen; pelotari asko aritzen baitira bietan».


Trinketeen falta, ere bai

Baliabide falten artean, Gar­biñe Tijerok duela 20 ur­tetik daukan kezka mahai-gaine­ratzen du: «palako egutegian, martxotik aurrera, trinketea egiten da, baina ez dago non entrenatu, ondorioz, trinketea erortzen ari da. Daramazkit 18 urte baino gehiago trinketea eskatzen, eta Hernani Erabaki sortu zenetik, beti eska­tzen nuen, aurten izan ezik». 

Horrekin batera, gogorarazi du: «guk txapeldunak dauzka­gu trinketean, eta zorionez edo zoritxarrez, onenak gureak di­ra, Euskal Herrikoak, nahiz eta oso baliabide gutxirekin izan».


Eskola Kiroletik hasi eta heldu izateraino, egitura bat

Koordinazio- eta kudeaketa-la­nez aparte, emakumezkoen pe­­­­lota egituratzea da Ema­ku­me Pilotarien Elkarteak bere bu­­­­ruari ezarri dion beste erron­­ketako bat: «Eskola Kiro­larekin hasi eta heldu iza­te­raino egitura bat sortu nahi du­gu, bide bat markatu, neska batek nahi baldin badu pelotan aritu, alde batetik bestera aritu behar izanik gabe aukera iza­tea».

Egungo egoera oinarri izan­da egin dute hausnarketa hori: «Gipuzkoan, eskola ki­rolaren barruan, neska orok dauka aukera lehiatzeko, bai eskuz, baita palaz ere. Paletan, nes­kekin egiten dute; eta es­kuz, lehen era mistoan aritzen ziren, baina orain badago au­kera neskak beren kabuz ari­tze­ko», azaltzen du Patri Es­pinar presidenteak. Eta gehi­tzen du: «kontua da ea izena ematen duten ala ez, baina aukera egon badago».

Kirol federatuan dago, or­duan, gakoa. Palan, hiru talde potente daude: Hernani, Su-Be­rri eta Intxurre; eta eskuz, al­diz, bakarra: Plaza Emaku­meak. Patri Espinar izan da eskuzko elkartearen sortzaile­e­tako bat: «ez da erraza izan bidea egitea».

Azken finean, nahiz eta elkarte horiek egon, neskak  aritzen dira mutilen elkarte­etan, eta esku pelotariak pala­koekin batera. Hain zuzen, hori guztia egituratu beharra dagoela uste du EPEren Zuzen­daritza Batzordeak.


«DBHn neskek kirola utzi egiten dute; gizartearen arazoa da»

Eskola kiroletik kirol federa­tura salto egiteko momentuan dago koxka, eta horretan era­gin nahi du Emakume Pilota­rien Elkarte­ak, baina zaila dela aitortzen dute: «DBHn neskek kirola utzi egiten dute eta mutilek ja­rraitu egiten dute; gizartearen arazoa da».

Horretan ere eragiteko as­moa badute. Eskoletara joan eta hitzaldiak eman nahi di­tuzte kontu hau gaztetxoekin ere lantzeko, baita herri mai­lan ere, gizarte osoa­ren­gana iristeko.


«Bidea egiten ari gara»

Hortaz, lan asko du aurretik Garbiñe Tijero eta Patri Espina­rren taldeak, baina gogoz egin­go diote aurre: «zerbait egiten bada ilusioz eta gero­rako ikus­pegiarekin...! Azkene­an, bidea egiten ari gara».

Apustu hau egiterakoan, haien esperientzia pertsonalak ezinbestekoak izan dira. Haien bidean, Munduko txapelduna eta Euskadiko txapeldunak di­re­nek oztopo eta zailtasun askoren kontra borrokatu be­har izan dute, eta ez dute hori errepikatzerik nahi: «bidea erraztu nahi diegu ondoren­goei, ez dezatela pasa guk pasa du­­guna. Baldintza duinak eza­rri nahi ditugu». 


EMAKUME PILOTARIEN ELKARTEA

Zuzendaritza Batzordea
Patri Espinar (Presidentea). One walleko munduko txapelduna banaka eta binaka 2017an, 2018ko Master Cupeko txapelduna 4 1/2an eta 2019ko txapeldunordea binaka. Nazioarteko hainbat txapelketatan lehenengo hiru postuetan sailkatu da. 2019an Espainiako txapelduna frontballean. Trinketeko 22 urtez azpiko munduko txapelketan brontzezko domina 2005ean. Heziketa Fisikoan lizentziatua. 10 urtetan Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko Emakumea Pilotari proiektuko teknikaria eta eskola kiroleko paletako arduraduna 2 urtetan zehar. Plaza Emakumeak pilota el­kar­teko sortzailea, presidentea eta pilotaria.

Maider Mendizabal (Presidenteaordea). 4 aldiz munduko txapelduna paletaz (1998, 2000, 2004, 2008), 5 aldiz txapeldunordea (2002, 2006, 2012, 2016, 2018) eta 4 aldiz brontzezko domina (1993-22 azpikoa, 1994, 1997-22 azpikoa-, 1997). Heziketa Fisikoan lizentziatua eta 13 urtez Gipuzkoako Euskal Pilota Fede­razioko teknikaria lan ezberdinak bete­tzen (eskuzko mutilen teknifikazioko entrenatzailea 3 urtez; Emakumea Pilotari programako koordinatzailea, kudeatzeailea, entrenatzailea, Gipuz?koako nesken selekzioko hautatzailea... 9 urtez; eskola kiroleko arduraduna 6 urtez). Honetaz gain, Anoetako Su-Berri pilota elkarteko sortzailea, pelotaria eta entrenatzailea. 35 urte daramazki pilotari gisa jokatzen modalitate ezberdinetan: eskua, paleta, trinketean, frontball...

Alaitz Badiola (idazkaria). Urteak daramazki eskuzko pelotari modura eta Azpeitiako Ikasberri Kirol Elkarteko kudeatzaile modura 15 urte daramazki lanean, baita Ikasberri Ikastolako kirol eskolarreko arduradun modura ere. 

Ane Isasmendi (Diruzaina). 19 urte daramazki pelotan jokatzen, eskuz hasi eta paletan jarraituz. Arabako nesken selekzioko hautatzailea eta entrenatzailea izan da hainbat paleta eskoletan. Heziketa Fisikoko magisteritzan 
diplomatua.

Garbiñe Tijero (bokala). 25 urtez pelotaria paletako jokamoldean. Hernaniko Palistak elkarteko sortzailea eta nesken paleta eskolako sortzailea, kudeatzailea, arduraduna eta entrenatzailea. Euska­di­ko Pilota Federazioko kide izan zen legealdi batean zehar eta Gipuzkoako federazioan hainbat urtetan zehar Emaku­mea Pilotari proiektuko kolaboratzailea izan da. Gipuzkoako nesken selekzioko hautatzaile modura ere aritu da trinketean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!