«Jendea oso pozik dago, eta zorionak eta eskerrak eman dizkigute jaiak antolatzeagatik»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 1a, 02:00

Hiru urte badira, Zelabideko ja­iak sortzeko idea sortu zela. Baina, horretarako, jendea be­har! Lehengo urtean zortzi lagun elkartu ziren. «Nahiago genuen abanikoa zabaldu», diote Jai Batzordeko kideek. Deialdia zabaldu zuten orduan, eta beste lau lagun gerturatu zi­tzaizkien, urrirako. «Helburua jarri genuen aurten jaiak egitea. Auzo guztietan egiten dira, eta hemen, bizitza eman nahi genion auzoari. Lan asko eginda, baina hemen gaude! Ez genuen espero hainbeste jende animatzea. Paella-jaterako txar­telak 450era mugatu behar izan ditugu!», diote pozik.

Festen estreinaldia arrakastatsua izango dela aurreikusten dute, beraz. Ostiralean, urriaren 4an hasiko dira, 18:30etan, eta larunbat gauean bukatu.


Festaren aurretik, lana galanki

Hasterako, helburua bete dute. Urtebeteren buruan festak an­to­latu dituzte, eta iritsi dira. «Jai berriak ere ez dira. An­tziolan egiten ziren jai batzuk. Horregatik pentsatu genuen, hainbeste jende hemen bizita, ez zela ezer egiten, eta behar zela. Hasieran, egun bakarreko festarekin pentsatu genuen, eta azkenerako, ostirala eta larunbatean egingo dira».

Ezin hobeto hasi dira, baina ez lan gutxirekin! «Ez da betere erraza jai berriak sortzea. Baimenak lortzea zaila da, di­rua lortzea ere bai... Berriak ga­renez, ez daukagu, eta Udalak ere ez digu askorik eman...». Horregatik antolatu dituzte jaietako errifa, eta txosna. Erri­fa irabazlea erosten duenak, Pazko Astean Port Aventuran lau gau eta bost egun pasatzeko bidaia irabaziko du, eta aukera izango da aldatzeko, gainera. Bestalde, paella-jaterako txartelak saldu dituzte; uste baino gehiago! Hala ere, zaila izaten da hor dirua lortzea. Horre­tarako jarri dute txosna: edariak, eta bokatak saltzeko. 

«Jende heldua ere etxetik ateratzea lortuko dugu, eta ederra da»

Hori guztiaz gain, oraindik ere lan gehiago egin dute. «Paella-jatean umeak dauzkatenak lasai egon daitezen, egurrezko jolasak egin ditugu. Ave Mariako Uda Parkean jaialdian ikusi genituen, eta gureak egin ditugu, jai batzordeko kideok, baten eta bestearen lagunen laguntzarekin. Bakoitzak denbora atera dugu, ahal izan dugun eran».


Larrugintza gogoan, Zelabideko jaietako irudian

Dirua ateratzeko azken estrategia, kamixetak saltzea izan da. Horietan ikusi daiteke Zela­bi­deko jaietarako aukeratu duten irudia: txerria.

Ez da edozein modutan aukeratutako irudia izan. «As­paldi hemen bazegoen kurtidora bat (larrugintza tailerra), eta horregatik sortu zen txerriaren irudia. Gero jakin dugu behia ere erabiltzen zutela...».


Umeentzako bakarrik ez

Guztiaren helburua izan da, noski, festak antolatu ahal izatea. «Batez ere haurrei begira antolatu ditugu», azaldu dute. Baina helduak ere kontuan izan dituzte, eta auzotarrek nabaritu dute hori.

«Gehien harritu gaituena izan da jende helduak ere erosi dituela paella-jaterako txartelak. Ez dute askotan izaten aukera haundirik. Jende hori etxetik ateratzea lortuko dugu, eta ederra da. Beldurra bagenuen hasieran, lo-auzoa dela ematen duelako. Eta begira! Jendeak gogoa zuen. Jendea oso pozik dago, eta zorionak eta eskerrak eman dizkigute jaiak antolatzeagatik».

«Aspaldi hemen bazegoen kurtidora bat, eta horregatik sortu zen txerriaren irudia»

Aurreneko jaien ondoren, segida

Lan asko eginda, zalantzarik ez, baina prest dute dena astebururako. «Hasiera gogorra izan da, baina aurrera egin dugu. Urduri gaude, aurreneko urtea baitugu», diote. Lan gogor ho­rretan laguntza eman dieten guz­tiak ere gogoan izan dituzte: inguruko lagunak, Sagastialde elkartea, Denontzat Gimna­sioa...

Badirudi arrakastatsuak izango direla Zelabideko jaiak, eta horrekin animatuta, hu­rrengo urteari begira ere jarri dira. «Asmoa da festak urtero egitea. Batez ere, ikusita aurten zein ondo goazen: errifak, ka­mixetak, paella-jaterako txar­telak... erruz saldu ditugu. Agi­an hurrengo urtean gutxiago salduko dugu, baina asmoa da festak egitea, berdin-berdin». Dena den, aurrena festak pasa behar dira, eta ondoren, balorazioa egin. «Jaien bukaeran balorazioa egingo dugu, noski, eta ikusiko dugu datorren urtean zer egin. Ordurako, helburua izango da karpa bat lortzea. Izan ere, euria eginez gero, portaletako azpialdeak dauzkagu, ez besterik!». Helburua jarrita, beraz, lanean segitzeko gogo faltarik ez dutela argi utzi dute, behinik behin. Hala izan dadin, festara animatu dituzte herritar guztiak, asteburuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!