Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Astelehena2019ko urriak 14

Hernani

2019/09/17, asteartea

«Gazteak oso anitzak dira; batzuk ondo pasatzera datoz, eta besteek hitz egiteko beharra daukate»

Nerea Serrano, Ixone Aiestaran eta Xabi?Ormazabal hezitzaileak, Gaztelekuan.
Nerea Serrano, Ixone Aiestaran eta Xabi?Ormazabal hezitzaileak, Gaztelekuan.

Ostiral arratsaldean zabalduko ditu ateak berriro, Hernaniko Gaztelekuak, irekiera festarekin. Herriko gazte guztiak gonbidatu dituzte bertako hezitzaileek: «aurten indarra eman nahi diogu gazteen partehartzeari».

Ikasturte berri bat hastera doa, Hernaniko Gaztelekuan ere. Osti­ralean zabalduko ditu ateak be­rriro, irekiera festarekin. Arra­tsaldeko 16:30etatik 20:30etara, aukera izango dute tokia, zerbi­tzua, bertako hezitzaileak, ma­te­riala edota ekintzak ezagutzeko, eta baita ondo pasatzeko ere. Izan ere, merienda eta musika jarriko dituzte.

Nolako ikasturtea dute au­rre­tik? Batek daki... «Ikasturte bakoitza oso ezberdina da, eta arratsalde bakoitza anitza», dio­te Nerea Serranok, Xabi Ormazabalek eta Ixone Aiesta­ranek. Gaztelekuko hezitzaileen laukotea osatzen dute, Patxi Agirrezabalarekin batera.


Ideien Zaparrada hilero, ekintzak proposatzeko

Gazte guztientzako irekita da­go­en udal zerbitzua da Gazte­le­kua. 11-17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta doakoa da; izenemate fitxa bete behar dute aurrena, hori bai: «Gaztelekuan bertan daude eskuragarri, eta ostiralean bete ditzakete; baina ikastetxeetara ere joango gara, bereziki DBH 1-2 ikasturtekoengana, aurreneko urteak dituztelako Gaztelekuan; eta azalduko diegu zer den, baina beraien in­teresak ere jaso nahi ditugu».

Horretarako, galdeketa bat ere egin dute dagoeneko, Insta­gram sare sozialaren bidez; eta jasotako emaitzen arabera, antolatu dute futbol txapelketa irailean, eta paintballera irteera urrian. Sare sozialetara joko du aurten ere Gaztelekuak, eta bertan argitaratuko du hileroko egitaraua: «gazteak asko harremantzen baitira sare sozialen bi­tartez, gaur egun». Baina ez da izango bide bakarra, gazteen interesak eta proposamenak ja­sotzeko: «hilero egun bat jarriko dugu, Ideien Zaparrada deitu dioguna egiteko; hurrengo hilabetean zer egin nahi duten proposatzeko, ez dadin izan etorri eta ekintzetan parte hartzea soi­lik. Eta bide ba­tez, antolaketan ere inplikatu nahi ditugu».

Izan ere, aurten «indar asko» eman nahi diote, «gazteen partehartzeari. Saiatuko gara aktiboak izan daitezen, ekintzak pro­posatzerakoan, ekintzen diseinuan eta antolaketan Gaztele­kuaren funtzionamendua eta arauak ezartzen...».

«Gaztelekuak daukan goxotasuna da, hezitzaileak hemen gaudela, beraien arazoak eta kezkak entzuteko, bidelagun izateko»


?Ping pong?ean ondo pasatzetik, arazo eta kezkak hezitzaileekin konpartitzera

Ekintzak izaten dira proposamenen jomuga nagusia, baina Gaztelekuak ez dira ekintzak soilik: «joera daukagu ekintzetaz aritzeko, baina Gaztelekuak daukan goxotasuna da, hemen gaudela hezitzaileak, beraien arazoak eta kezkak entzuteko, beraien bidelagun izateko... Ez gara ez guraso eta ez irakasle, eta horrek ahalbidetzen digu lan hezitzailea egitea. Hor dago Gaztelekuko mamia».

Izan ere, diote gazteak «oso anitzak» direla, eta behar ez­ber­dinak dauzkatela: «batzuk lagu­nekin etortzen dira ping pongean aritu eta ondo pasatzera; eta beste batzuk, etortzen dira gu­re­kin egon eta hitz egin nahi du­telako, eta kontatzeko dauka­tena kontatu».

Gaztelekuan dauzkate joku­ak, futbolina, ping pong mahaia, wifia, proiektorea... «Beraien txoko bat da, lasai egoteko, eta gu­ri ahalbidetzen diguna, era be­rean, beraiekin hitz egitea eta gai ezberdinei buruzko hausnarketa bideratzea».


«Nahi dugu gazteek parte hartzea eta inplikatzea herriko ekintzetan»

Hiru ardatz nagusi dauzka Gaz­t­elekuaren jardunak: hezkide­tza, euskera eta inklusioa, «jatorri ezberdinetako gazteak baitaude Hernanin, eta baita desgaitasunen bat dutenak ere. Hernaniko Tratu Onen Mapan ere sartuta dago Gaztelekua, eta bat dator gure ardatzekin. Per­tsonekiko eta espazioarekiko ba­lore horiek transmititu nahi ditugu, tratu onak bere zentzu osoan: norbere burua, ingurukoa, Gaztelekua bera, komunitatea... Gaztaroa bada esperimen­tatzeko garai bat, eta entzuten dugu nola hitz egiten duten. Ba­tzuetan esan behar izaten die­gu, lagun artean eta konfian­tzan ari diren arren, hizkera zaintzeko», kontatu dute Gaz­tele­kuko hezitzaileek.

Herriko beste eragileekin sa­retzea ere bada aurtengo erronketako bat: Amherrekin ekintza puntualak egin nahi dituzte, Zer­bitzu Sozialekin, Berdin­ta­sun Sailarekin... «Nahi dugu gazteek parte hartzea eta inplika­tzea, herriko ekintzetan; proiektu honek zentzu komunitarioa izan dezala. Horretarako, baita ere, Kronika egunero ekarriko dugu Gaztelekura, euskera lan­tzeko, eta prentsa irakurtzeko ohi­tura sortzeko, herrian gertatzen denaz eta egingo denaz jakitun izateko», azaldu dute.


Oporraldietan, ekintza bereziak

Astelehenean soilik dago itxita Gaztelekua. Gainerakoan, asteartetik ostegunera arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara egoten da zabalik; eta ordubete gehiago os­tiraletik igandera, 16:30etan hasi eta 20:30ak arte. Gainera, egitarau berezia prestatzen du­te, neguko, udaberriko eta udarako oporraldietan.

Ikasturtea hasi berri duten honetan, asko gerturatuko dira Gaztelekura, ziurrenik, «oraindik eskolaz kanpoko ekintzak, etxerako lanak eta azterketak ez direlako hasi; horiek hastean nabaritzen da jaitsiera». Aste­bu­ruetan eta oporraldietan egiten du gora, baina baita bestelako egun jakinetan ere... «Euskal Herrian euri asko egiten du, eta neguan ere goxo egoteko toki bat da Gaztelekua!», diote hezi­tzaileek, barrez.