Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Ostirala2019ko urriak 18

Hernani Ereñotzu Arano Astigarraga Goizueta

2019/09/14, larunbata

«Tresna baliagarriena da gure artean euskeraz hitz egitea; interesa pizten du turista askorengan»

Mirari Loyarte eta Amets Aranguren XVIII. mendeko euskaldunen paperean sartu dira, Kanadako Cape Breton uharteko egonaldian.
Mirari Loyarte eta Amets Aranguren XVIII. mendeko euskaldunen paperean sartu dira, Kanadako Cape Breton uharteko egonaldian.

Louisbourg gotorlekuan, Kanadan, izan da Mirari Loyarte, Jauzarrea funtsaren bitartez, euskal arrantzaleen berri ematen. Urriaren 18an Oronan nazioarteko biltzarra egingo da, Ipar Atlantikoko herri indigenen inguruan.

Ternuan, Kanadan ikasi zuen 20 urteko Mirari Loyarte Aran­buru hernaniar gazteak Batxi­ler­goko aurreneko maila, eta ho­rrela jakin zuen Ka­na­dako San Loren­tzo golkokoan arran­tzale euskaldunak izan zirela.

Han ezagutu zuen, baita ere, Xabier Otero, Jauzarrea funtseko zuzendaria, eta ho­nen bidez iritsi da Loyarte Es­kozia Berriko (Kanada) Cape Bre­ton uhartean dagoen Louis­bourgeko gotorlekura. Indus­ke­tak hasi zituzten bertan 1961 urtean, eta jasotako informazioan oinarrituta berreraiki zituzten XVIII. mendeko gotorlekuaren laurdena eta 32 eraikin. Parks Canada eta Unama?ki College-Cape Bretoneko Uni­ber­­tsitatearen egitasmo honi esker, gotorlekua bisitatu daiteke, eta garaiko pertsonaiak antzezten dituztenekin, garai hartako berri izan. Aurten, Jau­za­rrea elkartearen ekimenez, euskaldunen presentziari ere bere txokoa egin zaio, eta horretan aritu da udaran, hain zuzen, Mirari Loyarte, Amets Aran­guren Arrieta kidearekin.

  «XVIII. mendeari begira, bakailuaren arrantzagatik izan ez balitz, (Louisbourgeko) gotorlekua ez zen inoiz eraikiko»

Nola iritsi da hernaniar gazte bat Kanadako Eskozia Berriko Louisbourg gotorlekura?

Orain Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gradua egiten ari naiz Euskal Herriko Uni­ber­tsitatean, Donostiako kanpusean, baina Xabi Otero lehenagotik ezagutzen nuen, Ternuan (Kanada) 10 hilabetez egona naizelako Batxilergoko lehenengo maila ikasten. Beraz, ba­nuen Kanadako San Lo­ren­tzo golkokoan arrantzale euskaldunek izandako presentziaren berri. 2018ko irailean Jau­zarrea funtsak Cape Breton Uni­bertsitatearekin batera an­tolatutako nazioarteko kongresu batean parte hartu nuen, eta Louisbourgeko gotorlekua bisitatu genuen, besteak beste. Beranduago Xabik bertan lan egiteko aukera eskaini zidan, XVIII. mendeko euskaldun ba­ten papera interpretatzen, ga­raiko euskal jantziekin jantzita eta euskal musika eta dan­tzak bisitariei erakusteko.  Ideia paregabea iruditu zitzaidan. Ez dauka loturarik ikasten ari naizenarekin, baina euskal historia asko gustatzen zait, eta baietz esan nion.


Bi kide izan zarete Louisbourgen. Prestakuntzarik jaso al duzue?

Lehenik eta behin, garrantzi­tsuena izan da ingelesa eta frantsesa ondo menperatzea. Ez genuen uste hainbeste fran­tses erabiliko genuenik, baina Quebec aldetik turista asko etortzen dira gotorlekua ikustera. Prest egon behar duzu fran­­tsesez hitz egiteko, askotan espreski eskatuko dizutelako, gainera. Bi hizkuntzak ofizialak dira Kanadan gaur egun. Bestalde, Louisbourgeko historiari buruz ikasi genuen hona etorri aurretik, baita jakin beharreko hitz tekniko batzuk ere. Bertara iritsitakoan, 3 eguneko saio intentsiboak izan genituen beste lankideekin batera, gotorlekuko nondik-norakoak ezagutzeko. San Joanak galdu behar izan nituen? Ekainaren 22tik abuztuaren 29ra izan gara bertan.

«Mi?kmaq eta euskaldunen arteko harremana oso ona zen; euskaldunak ez ziren konkistatzera edo geratzeko asmoarekin etorri»

Zer zenekiten Louisbourgi buruz bertara joan baino lehen? Zerk harritu zaituzte?

Informazio oso orokorra ge­nu­en: bi eraso jasan zituztela tropa ingelesen aldetik, gaur egun berreraikitako zatia guztiaren bostena dela, euskaldunen presentzi bazela? Ni ge­hien harritu nauena izan da jakitea,  XVIII. mendeari begira, lanari dagokionez, bakailuaren arran­tzagatik izan ez balitz, gotorlekua ez zela inoiz eraikiko. Bestalde, XXI. mendera itzulita, asko harritu gaitu Louisbourg eta Cape Bretongo  kulturak, generalean, Estatu Batuetako eragin haundia duelako. Janari aldetik somatu dugu gehien, janaria presta­tzea ahazten ari zaie? Txoke kulturala bizi izan dugu; Eus­kal Herriko herrietako kaleetako bizitza sozial hori ez dago hemen, ez tabernarik, ez pin­txo-poterik? Jendea oso jatorra da, baina bizitza etxeetan egiten dute kalean izan beharrean.


Ba al zuten bertan euskaldunen berri? Eta gerturatzen diren turistek?

Bazuten, bai. Euskaldunak  ai­pa­tzen zituzten, gutxienez, arrantzaleen etxean, Desroches etxean, Ametsek eta biok lan egin dugun etxean, hain zuzen. Beraz, ez da egia askok ez dakitela ezer Euskal Herriari buruz. Somatu dugu euskaldunoi bu­ruz gehien dakitenak Quebec pro­bintziakoak eta Estatu Batu­e­takoak direla. Turista guztiak desberdinak dira: batzuk segituan lotzen dute euskal historia bertako bakailuaren arrantzarekin; beste batzuei gehiago lagundu behar zaie lotura hori lortzen zer edo zer entzunda zutelako; beste batzuek, aldiz, ez dute interesik jartzen. Eta hori ere ikasi dugu, noski, turista bakoitzaren interakzioa desberdina dela, bakoitzak bere interesak eta gustuak dituelako, ezagutzaz bestalde. Aipagarria da Desroches etxea dela turistak sartzen diren lehenengo etxea, eta bertatik milaka eta milaka turista igarotzen dira; euskaldunen berri emateko aukera paregabea da.  


Zer erakusten diezue? Zerekin harritzen dira gehien?

Ametsek eta nik erabili dugun tresna baliagarriena izan da, gure artean euskeraz hitz egitea. Horrek bakarrik interesa pizten du turista askorengan, Cape Bretonen, ingelesa eta frantsesaz bestalde, ez baita beste hizkuntzarik entzuten. Oso interesgarria egiten zaie, eta asko galdetzen dute zein den hitz egiten ari garen hizkuntza. Horrelako galderak gu­retzat abiapuntu bikaina dira. Eta noski, oraindik gehiago ha­rritzen ditu jakiteak Louis­bourgen XVIII. mendean euskera zela bigarren hizkun­tza na­gusiena, gaur egun Eu­ro­pako hizkuntzarik zaharrena dela, eta jatorria oraindik zehaztugabea duela. Gainera, Ametsek XVIII. mendeko txistu baten erreplika jotzen daki, Tomas Diaz Peñalba Txinok egindakoa, eta hori ere askotan jo­tzen dugu euskal musika erakusteko. Jantziak ere desberdinak dira. Miarritzeko Ma­ri­tzuli konpainiak egindako jantziak ekarri ditugu Louis­bour­gera eta oso ikusgarriak dira, bai turistentzako eta baita Parks Canadako langileentzako ere.


Hain zuzen, turistei ez ezik, bertako langileei ere erakusten dizkiezue euskal kulturaren inguruko xehetasunak, ezta? 

Bai. Helburu nagusia da Ame­tsek eta nik alde egitean euskal kultura antzezteko euskaldun talde txiki bat sortzea, horretarako dan­tzak eta musika erakutsita, hizkuntza oso zaila delako, noski! Hegi dan­tza erakutsi diegu, adibidez, eta oso gustuko dute borobil batean dantzatzen delako eta desberdina delako. Louis­bo­urgeko mu­si­kariek ikasi du­te euskal mu­sika jotzen, beraz prest daude! Lan ezin hobea egin dute.


Zuek, berriz, zer ikasi duzue?

Guk asko ikasi dugu; ez bakarrik xehetasun historiko ze­ha­tza­go­ak, baizik eta baita ere, pertsona desberdinekin nola jokatu, zenbat informazio eman (txapa guztia botatzea akats haundia da), turista en­tretenitzen, eta, batez ere, kultura desberdineko pertsonekin nola jokatu. XVIII. mendeko gure paperari lotuta, arrantzarako sareak egiten ikasi dugu, josten ere ibili gara eta bertako dantzak ikasten. Gainera, euskal jantziei buruz ere asko irakatsi digute Claude Irureta­go­yena, Jon Olaskoaga eta Ane Albisuk. Pentsa; jan­tziak janzten genituen bakoi­tzean buruko zapia jarri behar genuen bu­ruan, astean 4 egunetan! Beste bi astegunetan, uztailean ze­har, Cape Breto­ne­ko unibertsitatera joan gara udako irakasgai bat ikasteko, bertako historiari buruz. Eta gure denbora librean inguruak bisitatu ditugu, paisaia oso polita da.


Mi'kmaq indio indigenen lurraldea da hori. Haien eta euskaldunen artean elkarbizitzarik izan al zen? Nolakoa?

Guk dakigula, Mi?kmaq eta euskaldunen arteko harremana oso ona zen. Azkenean euskaldunak ez ziren konkistatzera edo geratzeko asmoarekin etorri, baizik eta arrantzatzera eta trukea egitera. Euskal­du­nek Mi?kmaq indioei txalupak sortzeko teknika erakutsi zieten, adibidez, eta Mi?kmaq-ek beraien tresnak nola egin eta lurralde hauetan nola biziraun, ehizan eta arrantzan.


Nola iritsi ziren euskaldunak bertara?

Louisbourgera, zehazki, 1713an sinatutako Utretch-eko tratatuaren ondorioz. Ternua ingelesek hartu zutenez, frantsesek alde egin behar izan zuten Plaisance-tik (Ternua) eta, be­raz, bat eta beste Louis­bour­gen finkatu zi­ren, ur hauetan arran­tzan ja­rrai­tzeko. Baina, noski, euskal­du­nak lehenago Red Bay aldean, San Lorentzo golko oso­an balearen arrantzara etorriak ziren, arran­tzalerik onenetakoak ziren.


Eta zergatik desagertu ziren?

1758an, bigarren erasoarekin, fran­tsesek galdu egin zuten Louis­bourgen, eta orduan kolonia osoa desagertu zen. Eus­kal­dunak ez ziren inoiz finkatu, udarako partean etortzen ziren gehienak, uda hemen igaro eta ondoren Euskal Herrira itzultzen ziren. Neguak hemen ez dira oso atseginak, egia esan, eta garai hartan ere bazekiten! Arrantzale askok gehiago irabazten zuten udan Louisbourgen lan eginez, urte osoan Euskal Herrian lan eginez baino, beraz, 6 aste luzez egiten zituzten bidaiak balio haundikoak ziren.


Zuek, berriz, bertan geratzeko asmoz joan zarete? Edo behintzat, euskaldunen marka uzteko asmotan?

Etxean baino hobeto, inon ez! Lehen 10 hilabete etxetik kan­po, orain bi hilabete? Eta berdin pentsatzen jarraitzen dut; Euskal Herrian baino hobeto, inon ez. Gu, arrantzaleak bezala, udarako bakarrik etorri ga­ra oraingoan. Gure helburu na­gusia izan da 275 urte geroago Louis­bourgeko kaleetan be­rriz ere euskera entzun zedila, eta antzeztea, gotorlekua 1744 urtean girotua baitago. Gure identitate kulturala hobeto zehazten laguntzen digu eta berriro ere, euskaldun izateak harro sentiarazten gaitu. 


Nazioarteko Biltzarra

Atlantiar 2019


Giza arrastoa Ipar Atlantikoan. Lehen herriak eta euskaldunei buruzko ikerketa proiektuak.

Orona Ideon, urriaren 18an.


Urriaren 18an Ipar Atlantikoko herri indigenen inguruko Na­zioarteko Biltzarra egingo da Galarretako Orona Ideo eraikinean, Jauzarrea, euskal jakin­tza aztertu eta zabaltzeko fun­tsak antolatuta. Bertan izango dira hainbat ar­keologo, antropologo, biologo... Izen-ematea irekita dago www.jauzarrea.com webgunean, 60 euroan. Baz­ka­ria aparte izango da. In­for­ma­zio gehiagorako 948  580 976 telefonora dei­tu, edo jauzarrea@gmail.com hel­­bi­de­ra idatzi daiteke.

 

Jardunaldien programazioa:

08:30, Biltzarraren hasiera. Xabier Otero (Jauzarrea).

09:00, Dennis Stanforden Oroimenez. 

09:30, Bruce Bradley: Euskal Aterpeko jendea Ipar Ame­ri­kan, Azken Izotzaldi Nagusian.

10:30, Michael Collins: Clovis kultura eta Gaulteko arkeologia gu­nea.

11:00, Xabier Otero: Gaulteko (Texas) harri grabatuak interpretatzeko proposamena. Itsa­sontzien lehen irudiak Ame­ri­kan, duela 13.000 urtekoak.

11:30, Margaret Jodry: Clovis jendeak urki-azalez egindako kanoen zantzu posibleak. 

12:30, Ron F.Williamson eta Louis Lesage: Wendat herria eta San Lau­rendi ibaiaren arroa. Datu be­rri­ak Wendat herriaren ibilbideak, merkataritza eta sorlekua ulertzeko.

13:00, Lionel Sims: Mitoak Eki­al­de­tik Mendebaldera, Atlanti­koan barrena. Euskal Herriko arkeologia eta arkeo-astronomia barnebilduz, Herensuge euskal mitoan oinarrituta.

13:30, Stephen Oppenheimer: Egun Amerikan diren antzi­na­ko europar leinu iraungiak.

15:00,  Maria Pala: Ipar Amerikako Ipar Ekialdeko Lehen Nazioen ikerketa genetikorako proiektua. Emaitzen aurrerapena.

15:30, Martin Richards: Euskal Historia Genetikoaren Proiektua,

Euskal Mitogenoma Modernoa.  

16:00, William Fitzhugh: Eus­kal­dunak eta Inuitak batera la­nean Iparraldeko Behe Kostal­de­an (Quebec). San Laurendi golkoa.

17:00, Stephen Augustine: Ja­kin­tza Indigenaren zabalkundea uni­­bertsitateetan. Unama?ki Pro­iektua, Jauzarrearekin batera abiarazia.

17:30, Eddy Kennedy: Euskal Programa Jauzarrearekin eta CBUrekin batera Louisbourgen.

18:00, Andrew Parnaby: Euskaldunak Louisbourgen.

18:30, I.N.T.E.R.C.: Munduko Hamabi herri Matrikultural Chengduko erakusketan.