Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Ostirala2019ko urriak 18

Hernani

2019/09/14, larunbata

«2016ko finaletik hona, beste Endika bat naiz, gaixotasunak erakutsi didan guztiagatik»

Endika Barrenetxea, Galarreta frontoian, sei t?erdiko koadroaren ondoan eserita.
Endika Barrenetxea, Galarreta frontoian, sei t?erdiko koadroaren ondoan eserita.

Buruz Burukoaren finala jokatuko du gaur Endika Barrenetxeak, 16:00etan Galarretan, Javier Urriza faboritoaren kontra.

Zure bigarren finala jokatzeko txartela lortu duzu. Pozik, ezta?

Oso oso pozik. Hauxe da guretzako txapelketarik garrantzitsuena; honi begira egoten gara, bai gu eta baita harmailetan daudenak ere. Prentsaren aldetik ere askoz ere oihartzun haundiagoa dauka, eta jendeak erremonteari gehiago segitzen dionean, txapelketa honetan izaten da. Beraz, guri ere poza eta tentsioa sortzen digu txapelketa honek.

Gainera, nik 2016an jokatu nuen finala, eta hortik gutxira diagnostikatu zidaten Crohn gaixotasuna. Eta pentsa hiru urtetan zer nolako lana egin behar izan dudan lehengo mailara iristeko. Ospitalean, entrenatzaileekin, elikadura zainduz, medikamentuekin? Eta ia hiru urte kostatu zait, lehengo puntuan jartzea.

Semifinalean garesti izan zenuen txartela?

Aurretik esana nuen, Endikaren kontra jokatzean beti aritzen garela estu. Oso ezberdinak gara biak, joku aldetik; baina bakoitzak bere alderdiak oso landuta dauzkagu, eta buruz buru aritzeko, bereak aproposagoak izan dira beti, nireak baino. Banekien nire armak neuzkala, eta gauzak ondo eginez gero, aukera nuela. Aritz Zubiri botileroarekin hitz eginez, komentatu genuen fisikoa izan zitekeela aldea, probetxua atera behar geniola. Endika oso explosiboa da, baina partidu bukaeretan kosta egiten zaio. Eta horixe izan zen estrategia, tantoa luzatu eta luzatu, eta burua hotz mantendu, jakinda atzetik joango nintzela, baina momentu batetik aurrera gehiago izango nintzela. Oso zaila izan zen burua hotz mantentzea, 15-19 atzetik zoazenean gauzak ilun ikusten dituzulako. 17 edo 18garrena egin zuenean, bota nuen errosario bat, barruko guztiak askatu nizkion nire buruari, eta ondo etorri zitzaidan. Orduantxe konturatu nintzen, pilotakada pare batetan hankekin kosta egiten zitzaiola. Eta Aritzi esan nion, ?orain sartu behar da martxa bat gehiago?. Ni ere oso beteta nengoen, baina jarraitu egin nuen, eta sei tanto egin nituen segidan. Ez nuen partidua geratu nahi izan, 26-23 aurretik jarri arte.

Urrizarekin, estrategia horrek ez du balio, ezta?

Ez ez, Endikarekin egindako planteamendutik, ia ezer ezin dut mantendu Urrizarekin. Endikaren kontra, 14garren tantorako lau falta neuzkan sakez, eta hori Urrizaren kontra errekuperaezina da, ezta bera nekatuta ere. Ligaxkan esan nuen, gauza ezberdinak egingo nituela, beraren kontra jokatzen nuenetan; eta aurrera begirako estrategia bat izan zen, Urrizari kezka hori sortzeko, nire kontra jokatzen duenean pentsatu dezala, nondik aterako ote naizen oraingoan. Partidu hartan gauza ezberdinak probatu eta asko arriskatu nuen, eta egia da 20an geratu nintzela, baina uste dut hori sartu diodala buruan. Uste dut gero eta gertuago nagoela beregandik, eta gero eta aukera haundiagoa daukadala irabazteko. Baina era berean, kontziente naiz puntu bat gure gainetik dagoela, eta puntu hori beterania dela. Buruz Burukoaren zortzi final jokatzea? Ni bigarren honetarako, aurrenekoaren urduritasun erdiarekin nago, pentsa zortzi jokatuta. Dauzka sei final eta 10 urte gehiago. Seguru nago, ikusita nik zein aurrerapauso izan dudan hiru urtetan, 10 urte barru sentsazioa eta esperientzia guztik ezberdinak izango ditudala kantxan.

Urrizarekin ez dago sekreturik, bere jokua eta truko guztiak ezagutzen dituzue, eta hala ere ia ezinezkoa zaizue irabaztea.

Bai, hala da. Bere kontra ligaxkan aritu nintzenean, Aritzekin komentatzen nuen, zenbat eta bakarkako joku ?normalagoa? egin, orduan eta erosoago dabilela Urriza, bere jokuarekin bat datorrelako. Eta ikusi nuen, gauza batzuk aldatuta deseroso sentiarazi nuela, atzeraka errestora etortzean, normalean egiten ez dituen akatsak egin zituen? Beraz, joku tradizionalean sartzen bagara, bera gero eta indartsuago arituko da. Hori aldatzen saiatuko naiz. Garbi daukat zer egin nahi dudan, eta aste honetan entrenatu dut Aritzekin. Aurrera eta atzera ibiliko naiz, aldatzen arituko naiz etengabe, aurrean ondo aritu arren atzera joango naiz errestatzera? Partiduan gauza bera bi aldiz ez egiten saiatuko naiz, berak konstantzia horretan lortzen duelako bere segurtasuna. Agian neroni erotuko naiz gero, baina ezin dut joku tradizionalean sartu, hori garbi daukat.

Posible da irabaztea?

Bai, posible da. Uste dut binaka, azkeneko bi urteotan edo, lortu dudala bere mailan egotea, eta batzuetan baita koxka bat gainetik ere. Buruz burukoa falta zait oraindik, zailagoa dena, batez ere atzelarientzat. Izan ere, bakarkakoa asko zentratzen da aurreko koadroetan. Nik atzekoa daukat oso oso landuta, eta aurrekoa lantzen urte asko daramazkiten arren, oraindik ordu asko daukat sartu beharra.

Urriza bezalako erremontista baten kontra, zer da gehiago: irabazteko motibazioa, edo irabazi ezinaren etsipena?

Hori da gure buruaren barruan daukagun borroka. Batetik, partiduan ari zarela, jotzen dituzu hiru pelotakada perfekto segidan, frontisean bikain jo eta zazpi t?erdian perfekto jarrita, tanto seguru izaten direnak, eta eraman egiten dizkizu. Beraz, tanto horren bukaeran, eta tantoa gainera berak egiten duenean azkenean, zaila da burutik kentzea ?ezin zaio irabazi? sentsazioa. Momentu horietan zaila da eusten. Baina beste batzuetan, hasten zaizu 5-0 irabazten, badirudi alde egingo duela, baina bat-batean 10-11 jartzen zara, eta lortzen duzu beste sentsazioa: ?gaur bai, gaur irabaziko diot eta akabo, hemendik aurrera posible izango da irabaztea?. Bi sentsazioen arteko borroka hori beti daukat barruan. Batzuetan jaikiko naiz goizean, eta esango dut ?aurten irabazi egingo diot, berdin zait nola egingo dudan, baina irabazi egingo diot?; eta beste batzuetan, ez nago horren positibo eta pentsatzen dut, ?zenbat gauza hobetu behar ditudan berari irabazteko??. Uste dut oraintxe haundiagoa dela irabazi egingo diodaneko sentsazioa, baina bestea ere hortxe dago. Gainera finala da, dakarren guztiarekin: estresa, tentsioa, elkarrizketak, pelota aukeraketa? Egin behar dena da, sentsazio negatiboa ahalik eta gutxien alimentatu, eta alderantziz. Endikaren kontra bera zen faborito, zazpi partidutan sei aldiz irabazi baitzidan. Beraz, pronostiko bat hautsita, zergatik ez dut beste bat hautsiko?

Zein izaten da Urrizaren jarrera, finalen aurretik? Zirikatzailea da?

Hori asko aldatu da, aurreko belaunaldietatik oraingora. Uterga, adibidez, oso zirikatzailea da, probokatu egiten dizu, ea urduri jartzen zaren. ?Ez dituzu 15 tanto egingo? eta horrelakoak. Aurreko belaunaldikoak ere hala zirelako. Baina Urriza ez, oso gizon elegantea da, zentzuduna eta azkarra izatez, baita frontoitik kanpo ere. Oso konpetitiboa da, baina gauza logikoen barruan. Ez ditu esaten ?berriro irabaziko dizut? eta horrelakoak. Errespetu haundiko gizona da, eta ez du inoiz izan haunditasun plantarik; beti umil eta oso zentratuta, txorakeria gutxirekin.

Nola ikusi zara, txapelketan zehar?

Sentsazio ezberdinak izan ditut. Endikaren kontra hasi nuen txapelketa, eta galdu arren, gustora sentitu nintzen, egin behar nuena ondo egin nuelako. Ansaren kontra alderantziz: irabazi egin nuen eta berak ez zuen punturik lortu, baina ez nintzen pozik geratu jokuarekin, hutsuneak ikusi nituelako eta ez nintzelako eroso sentitu. Eta Urrizaren kontra, gustorago bukatu nuen, ez nituelako hutsune haiek ikusi, nahiz eta hobetu beharrekoak bazeuden. Eta azkenik, Endikaren kontrako semifinaletik, oso oso pozik atera nintzen, finalerako pasea lortuta, iristeko gogo haundiarekin. Baina hutsuneak ere ikusi nituen, eta sakez egindako lau faltak, adibidez, final batean oso garesti ordaintzen dira. Garbi neukan, aste honetan zehar 200 aldiz sakatuko nuela, hori ez errepikatzeko; eta 300 izan behar baziren, ba 300 aldiz. Baina azkenerako, sentsazio onarekin iritsiko naiz finalera.

Zein dira zure arma nagusiak, Urrizari irabazteko?

Hasteko, sakea. Urrizaren kontra oso garrantzitsua izango da, sakez tanto ez egin arren, behintzat dominatzen hastea. Bestetik, pelotari ematen diodan abiadura, besteek baino pixka bat gehiago lortzen baitut, eta horrek erreakzionatzeko denbora gutxiago ematen dio kontrarioari. Eta hirugarrenik, errekurtso pare bat dauzkat: Urrizaren kontra hiru dejada saiatu, eta hirurak egin nizkion; eta bi pareta mantsoa deitzen dioguna ere, asko hobetu dut azkeneko urtean.

2016ko final hartatik, zer aldatu da zure baitan? Esperientzia gehiago daukazu, baina gaixotasunaren prozesu luzea pasatzea ere tokatu zaizu?

Beste Endika bat naiz, eta ez gaixotasunagatik bakarrik, horrek erakutsi didanagatik baizik. Lehen bakarrik zentratzen nintzen partiduetan, zenbat jokatzen nuen, nola aritzen nintzen? Eta horrelako gauza bat erdian sartzen denean, ikuspuntua erabat aldatzen da. Zure tokia aurkitu behar duzu, ez zara lehengoa, eta ezin dituzu lehengo gauzak egin. Asko kostatu zait, gogorra izan da psikologikoki, dena hausten zaizunean, pentsatzea lehengo gauzak berriro egiterik izango nuen. Probatzen hasten zara, baina konturatzen zara, horretarako lehenik zuk egon behar duzula ondo. Norberarentzat gogorra da, baina familiarentzat ere bai. Zortea izan dut, inguruan jende zentzuduna daukadala, asko lagundu didana hasieratik. Prozesu luzea izan da, hiru urte egun asko dira, bere egun oso txar eta oso onekin. Aurreneko urtea izan zen bereziki gogorra, medikamentu aproposa bilatzeko, aurretik beste lau probatu behar izan nituelako; egunean 14-15 pastilla hartu, eta guztiak oso gaizki joan ziren, ospitalean hainbatetan ingresatuta egoteraino. Behin medikamentua aurkituta, gorputza lantzen hasi ginen, eta ikusi behar genuen ea noraino iritsi zitekeen. Eugenio Rodriguez nire entrenatzaileari esker, lortu dut gorputza lehengo puntura ekartzea, eta lehengo sentsazioak izatea. Eta hortik aurrera, izan da buruak onartzea, motxila honekin joan behar duzula, eta dioten bezala, motxilak pixatzen duela norberak nahi duena. Medikamentu honek bost urteko biziraupena dauka, gero zure gorputzean efektua egiteari uzten diolako; beraz, hemendik bi urte eta erdira edo, beste medikamentu bat bilatu beharko dugu. Baina zentzu horretan positiboa naiz, ospitalearekiko konfiantza altua daukadalako. Beraiei esker nago bizirik. Beti egongo naiz beraiekin zorretan.

Prozesuari bukaera polita ematea litzateke, txapela lortzea?

Bai, eta txapelaren zati bat beraiena izango litzateke. Eta etxekoena beste zati haundi bat, nik bezainbeste edo gehiago sufritu dutelako. Ez dakite nola nagoen, zer sentitzen dudan? Eta nik ezer ez esan arren, batzuetan aurpegian antzeman didate sufritzen ari nintzela.

Zaila izango da horrelakoetan, ez etsitzea.

Askotan ematen du gogoa, bai, eta esateko ?tokatu zait eta kitto, datorrena datorrela?. Baina gogor egin behar zaio, eta beste norbaiti tokatzen bazaio, nire kasuak balio diezaioke konturatzeko posible dela aurrera egitea. Izan ere, Crohna diagnostikatzen dizutenean, aurpegia zuri edo hori duzula, 14 kilo gutxiagorekin eta saihetsak markatuta, sekulako begizuloekin, etengabe odoletan? Inpresio haundia egiten duen gaixotasuna da. Beraz, baten batek Crohna baldin badauka, jakin dezala gogorra izango dela, baina aurrera aterako dela. Gazte askok idazten didate, jakinda nik pasa dudala, kezkak eta zalantzak galdetzeko. Bazen zesta puntista gaztetxo bat, 12 urterekin diagnostikatu ziotena, oso goiz. Adin horretan oraindik ere zailagoa da, hazteko prozesuan zaudelako, ingurukoen enpatia ere ez delako berdina? Etorri zen nik jokatu nuen partidu batera, eta atera zitzaidan partidu borobila. Bukaeran beregana joan nintzen, eta esan nion: ?nik zure gauza bera daukat, eta ikusi duzu nola ibili naizen, ezta? Ba kostako zaizu, ez da erraza izango, baina zuk ere lortuko duzu?.

Nola ikusi dituzu harmailak, azkenaldian?

Abuztuan zehar, onerako harritu ninduten bigarren eta hirugarren asteak; bereziki astearteetan, egun zaila delako. Donostian, Kontxan, stand informatibo bat jarri dugu udaran, eta inoiz baino jende gehiago etorri zaigu. Joan den urtean, etorritako jende kopuruan %7ko gorakada izan bagenuen, uste dut aurten beste gorakadatxo bat ere izango dugula. Gorantza doan bitartean, beraz, pozik. Bisita gidatuen kontua izan da sekulako arrakasta: udarako egun guztietan izan da bisita gidatua, bi egunetan izan ezik, eta bietan guk ezin genuelako.

Foru Aldundiaren dirulaguntza bat ere lortu dugu, oso garrantzitsua dena; eta epe luzerako dirulaguntza bat ere ari gara lantzen, Eusko Jaurlaritzarekin. Horrek guztiak, inflexio puntu bat suposatuko luke.