Urumeako Kronika

Kronika logotipoa

Ostirala2019ko iralak 20

Hernani Hernani Ereñotzu

2019/09/07, larunbata

«Herrira mugimendua neutralizatzeko behar batetik sortu da akusazio hau, guztiz faltsua»

Amaia Esnal eta Aiert Larrarte hernaniarrak dira 47 auziperatuetako bi, 11/13 auzian.
Amaia Esnal eta Aiert Larrarte hernaniarrak dira 47 auziperatuetako bi, 11/13 auzian.

Irailaren 16an Auzitegi Nazionalean hasiko den 11/13 makroepaiketan auziperatuetako 47etako bi dira Ereñotzun bizi den Amaia Esnal eta Aiert Larrarte hernaniarra. Elkartasun Eguna egingo da gaur Ereñotzun.

Herrira mugimenduaren aurkako operazioan atxilotu zuten Amaia Esnal Martiarena, 2013an, eta 2015ean, Aiert Larrarte Al­da­soro abokatua. Baldintzapean geratu ziren aske -Esnal isuna ordainduta-, eta orain, irailaren 16an Audientzia Naziona­lean hasiko den epaiketaren zain daude, 11/13 Auzian auziperatutako beste 45 lagun bezala.

Guztiei babesa eta elkartasuna adierazteko hainbat ekin­tza antolatzen ari dira herriz herri; gaur, Ereñotzun eta Her­na­nin. Irailaren 14an, be­rriz, Bilboko La Casillatik aterako da mani­fes­tazioa, Giza eskubideak, as­ka­ta­suna, etorkizuna. He­rri­an lelopean.


47 auziperatu, 601 urteko kartzela zigorren eskaerak, 117.600 euro arteko isunak... Zifra haundiak dira, baina baita bestelakoenak ere;  elkartasun mezuak, atxikimenduak... Nola sentitzen zarete?

A.E.: Alde batetik, egia da la­gun­tza haundia dela ikustea jen­deak babesten zaituela ho­rre­lako egoera batean, baina era berean, jakinda badaudela 250 pertsona kartzelan, erreparo pixka bat ere ematen du, ez garelako gu bakarrik, jende gehiago dagoelako gu baino egoera okerragoan.?Alde horretatik lotsa pixka bat ere ematen du, apuroa.

A.L.: Nik ere horrela bizi dut, apuroarekin, jendea ari delako lanean gure inguruan. Uler­tzen dut, baita ere, egin behar den lan bat dela, politikoki astakeri bat delako egiten ari direna. Baina, maila pertsonalean, ema­ten du apuroa eta sortzen du frustrazioa, ikusteak zein modutara baldintzatu dezaketen herri batek daukan indarra. Eta ikusten dut arazo haundiena dela, bai humanoki eta bai politikoki, 250 preso dauzkagula, herri oso bat daukagula gatibu, eta indar guztiak dijoaztela pixka bat gure epaiketa babestera. Oso esker­tzekoa da, eta egin behar den lana da, baina frustrazioa ere sentitzen da.

A.E.: Bestalde, kaleko ekin­tzak ere asko baloratzen ditut, baina bereziki eskertzen ari naiz jendearen deiak, maila per­tso­nalean ikustea jendea zu­rekin dagoela, espero duzuna eta espero ez duzuna ere bai.


Etxerat, Jaiki Hadi, Bitartekariak, Herrira, Abokatuak. Arlo sozialean edo profesionalean lan egiten dutenak, denak. Baina akusazioaren zati batean ?erakunde terroristan parte hartzea? egozten dizuete. Nola ulertu liteke?

A.E.: Momentu jakin batean ope­razio hauek hasi zirenean, ETAk erabakita eta iragarrita zuen betirako utziko zuela bere jarduera, eta bazeuden mugimendu garrantzitsuak, Aieteko Konfe­rentzia bezala, ekartzen zutenak beste egoera bat. Be­gi­ra­da asko zeuden jarrita Espai­ni­ako Gobernuan, zerbait egin zezan presoen ga­iarekin. Tes­tu­inguru horretan, baita ere, Es­tras­burgotik iritsi zen senten­tzia bat, zigorrak luzatzeko as­ma­tu zuten doktrina hori hankaz gora jarriko zuena. Orduan izan zen He­rri­raren kontrako operazioa. Pen­tsa, zenbat mo­les­tatzen dieten presoen inguruko aldarrikapenek: euskal herriratzea, zigorra lu­zatzeko doktrina bertan behera gera-tzea, eta azken ba­te­an, bake prozesuarekin batera bi­de bat egitea, presoak etxera ekartzeko. Hori da espero daitekeena bake prozesu batean. Baina, uste dut eragile askok zeuz­katela begiradak jarrita Es­painiako  Gobernuan, eta ho­­nek ez zeukala horretarako inolako asmorik. Uste dut mu­gimendu hori neutralizatzeko be­har batetik sor­tzen dela ho­rrelako akusazio bat. Bes­tela, nola geldiarazi hau? Akusazio faltsua da, lanean ari garenok ez gara ETAkoak, baina Espai­niako Gobernuak jarraitzen du ?dena ETA da? te­si­a­rekin, nahiz eta ana­kroniko ere geratu den, nahiz eta inoiz ez duen zentzurik eduki. Ulertu be­har bada, hortik ulertu daiteke.

A.L.: Orain denborarekin ikusita, aurreikusi zitekeen zerbait zela iruditzen zait. Ziklo aldaketa bat dator, dator estrategia aldaketa bat, eta estrategiaren aldaketaren pean etortzen de­n lehendabizikoa da, Bateragune Auzia. Eta bigarrena, eremu antierrepresibo solidarioa. Era­biltzen duten formula teknikoa da egoztea de­nei ETAkoak izatea. Garai hartan martxan ja­rri­tako  ?dena ETA da? tesia estiratu ahal izan dute.


Egozten zaizkizuen karguak, dena den, ETAk bere jarduna bukatu ondorengoak dira. Hor dauka defentsak, giltza?

A.L.: Berez ez luke horrela izan behar, baina behin tribunaletara iritsita, behar dituzu tresna ba­tzuk, eta hori izango da tresna nagusietakoa. Nola egotziko di­gute elementu terroristarik, te­rrorismo dioten hori existitzen ez denean? Eta ea ho­rrek ire­ki ditzakeen ateak. Iku­si­ko dugu.


Abokatu zaren aldetik, beste aurreikuspen batzuk egiten dituzu epaiketaren aurrean?

A.L.: Guk printzipioz erabaki genuen gure buruaren abokatu ez izatea, eta uste dut erabaki ona izan zela. Pixka bat urrutiagotik ikusten saiatu gara. Ge­ro, normala den bezala, auzi teknikoak buruan dauzkazu.


2013an hasitako prozesua da, eta urte hauetan denetan salatu dira prozesuan izandako arau hausteak, irregulartasunak... Salaketa horiek norabait irits daitezkeela iruditzen zaizue?

A.L.: 47 pertsona atxilotu zituzten, hainbat egoitza itxi, hainbat diru errekisatu, hainbat web orri itxi, hainbat twitter eta facebook kontu itxi, eta gure kontu pertsonalak ixteraino, baita familiarenak edo ingurukoenak ere. Orain epaiketan bilatzen den edo askatu behar den lehenengo korapiloa da askatasunarena, kartzelara ez joatea, eta ondorengoak ere joango dira askatzen. Ez dakigu nora arte; batzuk seguru as­ko ez dute soluziorik edukiko.

A.E.: Ezin jakin.

A.L.: Dena den, kaltea dagoeneko egina dago, eta korapilo as­ko as­katuta ere, mugimendu oso bat, antolatuta zegoen mu­gi­men­du oso bat bertan behera geratu da. 

A.E.: Eta ez dakizu zer espero dezakezun Audientzia Na­zio­na­letik, ikusita, justizia baino, beste kriterio batzuk erabiltzen direla. Nahiz eta gure aurkako akusazioak faltsuak izan, zi­gor­tuta atera gaitezke.


Mugimendua aipatuta, Herrirak lortu zuen gizartea mobilizatzea. Horrelako kolpe batek lortzen du berea? Hau da, mugimendua apaltzea?

A.E.: Uste dut maila batean ezin dela esan honek ez daukala inongo eraginik. Helburu ba­tzuk zituzten, eta oso ondo jakin zuten zein momentutan egin min mugimendu jakin bati; hein haundi batean lortu zuten. Horrek ez du esan nahi mugimendua desagertu denik. Beste forma batzuetan, beste jende batekin, presoen sustengua eta laguntza eta presoen inguruko aldarrikapenak hor daude, eta uste dut ez dela de­sa­gertu eta zaila dela desager­tzea, badagoelako indar bat desagerraraziko ez dutena. Baina beste gauza bat da lortu al dituzten beraien helburu batzuk, eta nik uste dut baietz. Min egiten dute, eta ez pertsonala bakarrik; soziala eta politikoa ere bai. Gainera, He­rri­ra, beste mugimendu batzuk ere bai, hain zuzen jaio zen mo­men­tu oso berezi batean. Ze­goen ilusio haundia, oraindik esperantza zegoen gauza ba­tzuk lortuko zirela, eta mo­mentu ho­rretan Herrira agertu zen bazegoen potentzial bat bideratzera, eta asmatu zuen. Izugarrizko mobilizazioak egin ziren, lortu ziren atxikimendu batzuk presoen euskal herriratzearen eta eskubideen inguruan ordura arte pentsaezinak zirenak... Uste dut estatuari ez zitzaiola batere gustatu. Gaur egun, urte batzuk beranduago ikusten dugu zein zen estatuak hartutako bidea; auziari ez dio erantzunik eman. Orduan ez genekien, eta bagenuen esperantza mugimenduak etorriko zirela, baina gaur egun ikusten dugu ezetz, eta, beraz, ikusten dugu zein zentzu zuen operazio honek.

«Kaltea dagoeneko egina dago, eta korapilo asko askatuta ere, antolatuta zegoen mugimendu oso bat bertan behera geratu da»

Mugimendua, hala ere, badago. Baina baita beste aldekoa ere. Biktimen sektore batek indarra dauka epaileengan. Baldintzatu dezake horrek epaiketa?

A.E.: Pertsonalki onartu behar dut nik beldurra sentitzen du­dala. Balizko zigorrei beldurra diet. Amorrua ere ematen dit. Horrek eduki ditzakeen ondorioen inguruko kezka hor dago.

A.L.: Gure aurka pertsonatuta dau­denak dira AVT eta Dig­ni­dad y Justicia. Bakoitza bere berezitasunekin, baina paper zehatz bat jokatzen dute. Inoiz ez dakizu jokatzen duten paper hori berezkoa den eta baldin­tzatzen duen estatua, edo estatuak erabiltzen dituen beraiek, baldintzatzeko beste egoera batzuk. Abokatuen partetik sa­ia­tzen ari gara ahalik eta zirrikitu gehien bilatzen, eta zenbait egoera normalizatzen eta estabilizatzen, oraindik 250 pre­so baitaude. Baina gu saia­tzen garen bezala, hauek kontrako aldera egiten dute indarra. 


Apuroa aipatu duzue, indarrak epaiketa honetan pilatzeagatik. Baina, 250 presoak gogoan, hainbat zirrikitu bilatzen ere saiatzen zaretela diozue. Gainontzekoei ere eragingo dien konponbiderik bilatzeko aukerarik ikusten duzue?

A.L.: Arduraz jokatu genuen le­hen, lanean ari ginenean, eta orain ere bai. Saiatzen gara har­­tzen ditugun erabakiak pre­so daudenen mesedetan har­tzen, edo egonkortu eta nor­mal­kun­tza bat bilatzen. Sartu ginen mu­gimenduan eta era ko­lek­ti­bo­an lan egiten genuen. Gur­e-tza­ko badaukate balore bat ko­lek­tiboak eta gainontzeko ki­de­ek, eta emango ditugun hu­rren­go urratsetan talde bezala eran­tzungo dugu, denen adostasunez. 2015ean jarri zuten le­ge bat, ez dakigu nondik, baina dio zi­gor­tu daitekeela norbait kide-tzagatik, baina bi gradu jaitsi dai­tekeela kondena, eta kar­tze­la saihestu, egindako ekin­tzek ez dutelako zerikusirik ekintza terroristekin. Orain ar­te egin diren akordio guztiak ho­rri helduta egin dira, eta ez dira izan epaituak izaten ari zi­renak salbatzeko. Saiatu ginen horrek proiekzio bat izan zezan, baita ere, barruan zeudenengan. Nahi duguna da erdibideko kon­ponponbide horiek egonkortzea, nahiz eta frustranteak diren. Azkenean, politikoki ere beldurra ematen du, onartu behar duzulako terrorista zarela, eta gero inhabilitazioak dau­de eta... Baina beti ere kolektiboan pen­tsatzen dugu, eta lehenetsi, ez dadila inor kartzelara joan.


Europatik zerbait espero daiteke?

A.L.: Instantzia mundial eta europarretan egiten da lana, egiten da ahalegina, bidera­tzen dira indarrak eta egiten da inbertsio bat, eta egin behar da gehiago. Baina Europa da, dena. Ez pentsa hor, Pirinio­e­ta­tik gorago demokrazioa eredugarri eta interesik gabekoak dauzkagunik.?Hori ez da horrela. Esperantza eduki behar dugu, eta beti izango da azken esperantza, baina ezin dugu horren zain egon. 

A.E.: Gainera, normalean etor­tzen dira urte batzuetara. Ba­te­ra­gune Auzikoa, adibidez, es­pe­­txealdi osoa jan ondoren iritsi da. Arrazoia zenuela onartuko dizute, baina kaltea egina dago.


Nola prestatzen da bat horrelako prozesu baten aurrean? Eta nola prestatu, familia? Motxiladun Umeak txostenean jasotzen diren ondorioek kezka sortuko dizuete...

A.E.: Egia esan, nire kezka haundiena prozesu honetan ho­ri izanda. Orain arte ez dio­gu ezer kontatu umeari, eta orain saiatu gara azaltzen, be­rak ulertzeko moduan, epaiketa bat izango dudala eta horrek epe motzean zein eragin izango duen beregan. Ama ez dela etxean egongo egun batzuetan. Eta gero, gauzak etorri ahala azaldu beharko dizkiogu. Egia da, psikologoen txostenean azaltzen den bezala, ondorioak baduazkala umearengan, eta gehiago ere eduki ditzakeela segun eta epaiketaren ondo­ri­o­ak zein diren. Guraso den edonork seguru ulertuko duela gure egoeran gure buruak baino askoz gehiago kezkatzen gaituela gure seme-alabenak.

A.L.: Saiatzen zara ingurukoen aurrean garrantzia kentzen. ?Ondo aterako da? edo ?zerbait egingo dugu? esaten, eta gero, bakoitzak berea dauka barrutik. Ni, lotsa pixka batekin ere bai, baina lasaitzen nau, nire iheserako balbula da esatea 250 dauzkagula ikaragarrizko panoramarekin, eta ez kezka­tzeko niregatik. Horrek hobeto uzten nau. Bestela, apuroa ematen dit, dauzkagun panoramekin, ni epaiketa baten zain nagoelako inori lata ema­te­ak, ondokoa kezkatzeak... Zer­bait egingo dugu! 

11/13 Auzia
Irailaren 16an hasiko da 11/13 Auziaren inguruko epaiketa. 2013ko irailean Guardia Zibilak 18 lagun atxilotu zituen, Herriraren aurkako operazioan; 2014ko urtarrilean, beste 8 lagun, Bitar­tekariak zirenak; 2015eko urtarrilean, beste 12 abokatu eta Herrirako 4 kide; eta martxoan, Etxerateko 2 kide eta Jaiki Hadiko beste 2. Horien denen aurkako epaiketa da hasiko dena.
Auziperatuak, 47 lagun.
Taldeak, 5: Herrira, Bitartekariak, Abokatuak, Etxerat, Jaiki Hadi.
Espetxe zigor eskaerak, 601 urte, denera.
Isunetan, 117.600 euro.
Herrira
Euskal preso eta iheslarien egoera konpontzea bultzatzeko asmoz 2012an sortutako mugimendua; ETAk 2011ko urriaren 20an jardun armatuaren behin betiko etena iragarri ondoren.
Bitartekariak
EPPK, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak 2012an barne eztabaida hasi zuen. Horren ondorioz, bere zuzendaritza eta bozeramaileak nortzuk izango ziren publiko egin zuen. Bitartekarien lana da «EPPKren hausnarketak eta erabakiak inolako, filtro, intoxikazio edo manipulaziorik gabe ematea». Agerraldi publikoak erabiltzen dituzte horretarako.
Abokatuak
Presoen defentsa eta aholkularitza juridikoan lan egiten duten abokatuak. Bereziki, Auzitegi Nazionalari dagozkion prozeduretan aritzen direnak, baina baita espainiar estatuko epaitegi arruntetan eta Europako beste erakunde judizial batzuetan ere, hala nola Auzitegi Gorenean, Konstituzio Auzitegian edota Europako Giza Eskubideen Auzitegian.
Etxerat
Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunek osatutako elkartea da, 2001 urtean sortua, eta besteak beste, bere zeregina da senideei asistentzia, aholkularitza eta informazioa eskain­tzea, eta espetxean edo erbestean daudene eskubide urraketak salatzea. 
Jaiki Hadi
Osasun arloko profesionalen (psikologo, sendagile, psikiatra...) elkartea, estatu espainiar edo frantsesaren aldetik bortizkeria politikoa jasan duenari osasun arreta integrala eskaintzeko sortua, 2008an. 


ELKARTASUN ASTEBURUA
11:00, Jolasak eta kirolak haur eta gaztetxoentzat, Ereñotzuko futbol zelaian.
12:30, Kantujira, Ereñotzun barrena.
13:45, Elkartasun argazkia, Ereñotzuko plazan.
14:15, Herri bazkaria, frontoian.
Ondoren, bertsoak, musika...
18:30, Kronoeskalada, Hernanin: Ibaiondo poligonoan hasi, eta Landaretik igota, Karabelen sartu, eta Balantxako aldapan gora, Kale Nagusian barrena, Plazan bukatu. Parte-hartzaileek 17:30etan elkartu beharko dute Plazan. Bertan eman ahal izango da izena, momentuan.